Arriola Sailburua, Bizkaiko Aldun Nagusia, José Luis Bilbao, eta Basauriko alkatea, Loly de Juan, egon dira Bilboko Trenbide Metropolitarreko 2. lineako Ariz-Basauri tunelaren “kale” edo bat egite ekitaldian.
Ekitaldia Kale Nagusia 20ko kalexkaren azpian burutu da, Basauri erdialdean, 30 metroko sakoneran. Horretarako, Sarratu aldetik datorren lugorri makinak 1.193 metro hondeatu behar izan ditu, eta Bidasoa aldetik etorritakoak, berriz, 915 metro.
Bilboko metroaren zati gehienek, alde bakoitzetik aldi berean lanean ari diren bi fronte dituzte. Bi aldeek bat egiten duten unean gertatzen da “kale” izenez ezagutzen duguna.
Oso une berezia izaten da, izan ere, lan taldeek lekuan bertan egindako lanaren emaitza baita, helburu nagusia betetzen da: lur azpitik doan bidea irekitzea eta komunikatzea. Tuneleko langileentzat, “tunelari” izenekoentzat, “kalearen” unea obra batean gehien ospatzen den unea da, beraien zaindari den Santa Barbara egunarekin batera.
DESKRIBAPEN TEKNIKOA
Ariz-Basauri zatia 2.372,40 m da luze, Basauriko udalerrian garatzen da oso-osorik, eta Bilboko Trenbide Metropolitarraren 2. linearen amaiera eratzen du.
Lanaren hasiera Sarratu auzoan dago, Arcelorreko lantegiaren ondoan, eta aire zabaleko 77,50 m-k osatzen dute. Zati hori, une honetan ustiatzen den linearen aurreko zatiarekin (Etxebarri-Ariz eta Arizeko kotxetegietara sartzeko adarra) lotzen da. Gainerako 186,70 m-ak tunel faltsuan doaz, eta ibilbidea amaitzeko, trenbide bikoitzerako tunel zulatua, 2.108,20 m-koa.
Basauri zatiak bi geltoki ditu, biak ere haitzuloan eta geltokien arteko gutxi gorabeherako tartea kilometro ingurukoa da. Arizeko geltokia Leon kalearen azpian dago, eta Basauriko geltokia Gipuzkoa kalearen eta Marcelino González kalearen artean, Basozelai eta Kalero auzo jendetsuei zerbitzua eskaintzeko.
Arizeko geltokiak bi sarrera izango ditu kanpotik, haitzuloaren alboetara lotutako eskailera mekanikoen bitartez, bat Valentzia kalean eta bestea Kale Nagusian. Azken horretan igogailu bat ere egongo da, Leon kalean, mugikortasun urriko erabiltzaileentzat.
Basauriko geltokiak hiru sarrera izango ditu, haitzuloaren burualdera loturik. Lehenbizikoa Basozelai kalean egongo da, Udaletxearen ondoan, eta eskailera mekanikoak izango ditu. Bigarrena Bidasoa kalean dago, eta maila aldaketa txikia denez, gurpildun pasabideak ditu. Hirugarrena, Gipuzkoa kalean dagoen igogailu bikoitza da.
Ponpaketa putzuak, larrialdietarako aireztapenak eta nasa azpiko xurgapenerako aireztapenak dira lineako tunelak eta geltokiak dituzten gainerako lan singularrak.
OBRAREN EGOERA
Sarratutik Arizko geltokiraino doan lehenengo zatian, amaiera eman zaie aire zabaleko zatian ukitutako zerbitzuak berriro lehen bezala jartzeko lanei, eraikitako tunel faltsuaren gainetik Arcelorreko instalazioetara joateko dagoen sarbidea barne. Arizko geltokiraino doan lineako tunela amaituta eta hormigoiz estalita dago.
Arizko geltokiko haitzuloan nasak jarrita daude jada, eta ganga iragazgaitzeko eta estaltzeko lanak burutzen ari dira, aurretik fabrikatutako plaken bitartez. Aldi berean, amaiera eman zaio Valentzia kaletik sartzeko kanoiko plaken muntaketa lanari, eta denbora gutxi barru hasiko dira Kale Nagusitik sartzeko kanoiko plaken muntaketa lanak.
Arizko eta Basauriko geltokien arteko lineako tunelari dagokionez, Arizko burualdetik Basauriko geltokirantz abiatzen den hasierako zatia estali da, eta tunelaren gainerakoa, Basauriko geltokiraino doana, jada hondeatuta eta eutsita dago. Beste alde batetik, aurrera jarraitzen dugu lurra finkatzeko eta hobetzeko lanekin, zementua injektatuz.
Basauriko geltokiko haitzuloa oso aurreratuta dago, eta kanoietatik eta igogailuetatik nasatara joateko sarbidea eratuko duten altzairu herdoilezinezko mezzaninak ere muntatzen ari dira.