SAREENTZAKO ETA BILTEGITARAKO ERAIKIN BERRIA
Lehenengo, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza Orioko itsasadarraren bokalearen ezkerraldean egiten ari den sare eta biltegien eraikineko obrak bisitatu ditu Arriolak. Obrak 2009ko abenduan hasi ziren eta 2010eko abenduan amaituko dira, eta 4,6 milioi euroko aurrekontua dute.
Obra honekin Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Orioko San Nikolas arrantzaleen kofradiak egun duen espazio-beharrari erantzutea; ez baitute nahikoa leku arrantzarako tresnak, lanabesak eta sareak gordetzeko, sareak konpondu eta muntatzeko, eta kofradiako administrazio-lanak egiteko.
ITSASADARRAREN DRAGAKETA
Orioko portua dragatzeko kontratua lehiaketa-prozesuan dago. Lehiaketarako gehieneko aurrekontua 1.063.092 eurokoa da. Lana burutzeko 4 hilabeteko epea izango dute gehienez ere.
Obraren xedea da Orioko itsasadarra dragatzea, 2007-2010 Dragatze Planaren arabera leku bakoitzari behar duen zingoa emateko berriro. Zutoin-oholen gaineko kaia, barrualdeko edo arrantza-kaia, kirol-portuaren bokalea eta itsasadarra dragatuko dira.
Aipatutako lau inguru horietan guztira dragatu beharreko bolumena 61.156,20 m3 ingurukoa izango da; aurreko bolumenarekiko % 5 gehiago.
2007-2010 Dragatze Planean ezarritakoari jarraituz, leku bat zehaztuta dago, itsasoan, horiek botatzeko; kenduko diren jalkinak egokiak baitira horretarako.
Zehaztutako inguru bakoitzean dragatuko den materiala, batez ere lohi eta harea izango da, eta biak ere onargarriak dira itsasoan isurtzeko.
PORTU ZERBITZUETARAKO HIRU ERAIKIN, ORIOKO KIROL DARTSENAN
Laster Orioko kirol-dartsenan portu-zerbitzuak hartzeko hiru eraikin egiteko obrarako lehiaketarako deia egingo du Eusko Jaurlaritzak. Lehiaketarako gehieneko aurrekontua 1,3 eurokoa izango da. Lana burutzeko 8 hilabeteko epea izango dute gehienez ere.
Orioko kirol-dartsena berrian hormigoi armatuzko hiru egitura berri eraiki dira, etorkizunean portu-zerbitzu horiek hor jarriko direla pentsatuta.
Kontratuaren xedea izango da hiru eraiki horiek atontzea, lehendik dauden egitura horiek baliatuz. Horietako batean, Kapitaintzarako prestatuko da barruko aldea. Beste biak barrutik prestatu gabe utziko dira. Nolanahi ere, hiru egiturentzat fatxada-diseinu berbera aurreikusi da, nahiz eta kolorea baliatuz bata bestetik bereizteko aukera izango den. Irtenbide honekin bi helburu lortu nahi dira:
• Barruko aldeak indarrean dagoen legeriak agintzen dituen baldintzen arabera atontzea, erabilera anitzetarako balio dezaten.
• Lehendik dagoen egiturara moldatuz, eraikin modernoak eta ingurumenarekin bat etorriko direnak osatzea, argia eta kolorea konposiziorako baliabide gisa erabiliz.