Horrela bada, Auzitegiak baietsi egin du Eusko Trenbideak sozietateko zuzendaritzak enpresa-batzorde iraunkorraren kontra jarritako demanda, eta arrazoia eman dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari. Horrek esan nahi du, batzorde iraunkorrak adierazietakoaz bestera, deitutako mobilizazioa benetako greba izan zen, eta gainera, greba hori legearen kontrakoa zen, ez baitzituen tartean ziren eskubide guztiak behar bezala bermatzeko legez ezarritako bermeak eta eskakizunak betetzen.
Epaiaren arabera, lanuztea, lankide baten heriotzagatik dolumina eta atsekabea adierazteko era bat ez ezik, istripuagatik enpresaren kontrako protesta ere izan zen, nahiz eta deia egin zutenek oso ondo jakin lanuzte hark erabiltzaileentzat eta, beraz, garraio-zerbitzu publikoa eskaintzen duen EuskoTrenentzat, zer-nolako ondorioak izango zituen.
Alde horretatik, 2009ko urriaren 9rako deituriko lanuztea, presio- edo protesta-neurri gisara erabilitako lan-araubidearen nahasmendu kolektiboa eragin baitzuen, grebatzat jo daiteke.
Bestetik, epaiaren arabera, batzorde iraunkorreko ordezkarien gehiengoak onartutako akordio hura idatziz eta hasi baino gutxienez hamar egun natural lehenago jakinarazi behar zitzaien enpresari eta lan-agintaritzari, eta zerbitzu publikoa erabiltzen duten guztiek haren berri izan zezaten behar bezalako publizitatea eman behar zitzaion.
Batzorde iraunkorrak ordea ez dituenez eskakizun horiek bete eta ez dituenez zerbitzu publikoen erabiltzaileen interesak zaintzeko behar diren baldintzak errespetatu, Auzitegiak greba legez kontrakotzat jo du.
Garraio Sailak uste du Auzitegi Nagusiak Euskotreni eman diola arrazoia. Iñaki Arriola sailburuak legez kontrakotzat jo zuen greba, haren berri izan bezain laster, eta grebak milaka eta milaka pertsonari egindako kalteak deitoratu, gehientsuenak lanera garaiz iristerik izan ez zuten edota zerbitzu- eta informazio-ezaren ondorioak nozitu zituzten langileak izaki.