Azken eguneratzea: 2010/02/09
Jaurlaritzak erakunde-bazkide gisa parte hartuko du Pasaiako Portuaren Erabiltzaileen Elkartean.
Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila dela medio, Giport, Pasaiako Portuaren Erabiltzaileen Elkartean erakunde-bazkide gisa sartzeko asmoa adierazi du.

Horretarako, erakunde-bazkide gisa onar dezaten prozedura abiaraziko du, legez ezarritako eskakizun guztiak betez eta Elkartearen helburuekin bat egiten duela adieraziz.

Era berean, GIPORT finantzatzen parte hartuko du, dagokion kuota ordainduz. Kuota hori diru-laguntza gisa mamituko da.

2009ko martxoaren 26an Pasaiako portuko erkidegoa osatzen duten hainbat erakunde publiko eta pribatuk Giport elkartea osatu zuten.

Elkartea, irabazi asmorik gabe sortu zen, Pasaiako portuan intermodalitatea sustatu, bultzatu, eta garatzen eta ezartzen laguntzeko, eta portuaren hinterlandean sartzen diren eragile, bezero eta erabiltzaileen interes orokorrak, momentukoak nahiz gerokoak defendatzeko.

 GIPORTek 34 bazkide ditu, gehientsuenak portuan lan egiten duten enpresak -estibatzaileak, trenbide, errepide eta itsasoko garraio-operadoreak, ontzi-enpresak eta portu-zerbitzuetan enpresak- eta horien bezeroak.

Estatutuetan, elkartea osa dezaketen bazkide-motak aipatzekoan, erakunde-bazkideak aurreikusten dira, hau da, besteak beste, administrazio publikoak, zeinak elkartearen helburuekin aktiboki bat egin eta gobernu-organoetan izaera iraunkorrarekin parte hartuko duten, sortzaile izan diren bazkideei eta bazkide arruntei dagokien kuotaren gutxienez halako 20 jarrita.

Garraio Sailak uste du erkidegoaren portu-intesesak aurrera eramateko komeni dela elkartean erakunde-bazkide gisa sartzea.

Eta egia den arren Pasaiako portua interes orokorreko portua dela eta hortaz, Estatuaren eskumenekoa, 1997az geroztik, bere baitan horrelako portuak hartzen dituzten autonomia erkidegoek portu-politikaren erantzukizuna hartu dute, zeharka, portuen kudeatzaile diren portu-agintaritzen gobernu-organoetako kideen izendapenaren bidez.

Zehatzago esateko eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuaren bidez, eskumena eman zitzaion Jaurlaritzaren Kontseiluari Bilboko eta Pasaiako portu-agintaritzetako lehendakariak izendatu eta kentzeko, eta orobat, administrazio-kontseiluetako kideekin; izendapen eta kargu-kentze horiek gainera, garraio eta herri lanen arloan eskumena duen saileko titularrak proposatu ohi ditu, eta sailak berak 4 kide ditu kontseiluan.

 Horiek horrela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak lehentasun eman nahi dio bere eskumenekoak diren arloekin -portuak eta itsas garraioa- lotutako sektore profesionalei laguntzeko politika bat garatzeari, eta GIPORTen sartzea portu-jarduera sustatzearen eta Pasaiako portuaren lehiakortasuna hobetzearen aldeko apustu garbia da.