- Etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babesgarriei dagokienez kreditu-erakundeek emandako mailegu kualifikatuen interes-tasa aldian-aldian erregulatzen da Eusko Jaurlaritzaren Dekretu bidez.
- 2009ko abenduaren 22ra arte indarrean egon de araua (data horretan, Jaurlaritzak dekretu berria onartu zuen) 2004koa zen.
- Azken urteetan aldaketa handiak gertatu dira kreditu-merkatuan; etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babesgarrietan interes-tasak eta finantzaketa-sistemaren benetako elementu asko erregulatzeko arau berri bat eman behar izatea eragin du horrek.
- Hori dela-eta, babes publikoaren arloko jardun babesgarrietarako finantza-esparru berria negoziatu da; esparru berri hori gaur sinatu da eta 2005ean sinatutakoa ordezkatzen du.
Hitzarmenari buruzko datuak
- Hitzarmen honen xedea lankidetzarako baldintzak finkatzea da, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babesgarrien finantzaketa-ildoak erabakitzeko.
- Kreditu-erakundeek gehienez ere eman dezaketen kreditua dauden aurrekontu baliabideen arabera eta Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Orokorretan eta Etxebizitza Bideratzeko Planean xedatutakoari jarraiki finkatuko da.
- Finantza-lankidetzarako hitzarmena sinatzen duten kreditu-erakundeek etxebizitza babestuaren erosketa finantzatzeko konpromisoa hartzen dute, betiere eskatzaileak babes publikoko etxebizitzaren modalitate bakoitzaren araudi erregulatzaileak aurreikusitako baldintzak eta eskakizunak betetzen baditu, baita horretarako maileguak emateko kreditu-erakundeek ezarritako irizpideak eta baldintzak ere.
- Erreferentziazko aurreko hipoteka-indizea (HMEI) egun merkatuan zalantzarik gabe nagusi den 12 hilabeteko Euriborrarekin ordezkatzen da;
- Mailegariaren eta/edo jardun babesgarriaren araberako gutxienekoen eta gehienekoen marjinen bandak ezartzen dira, merkataritza-kudeaketa (bezero mota) eta lehia ahalbidetzen dutenak, hain zuzen ere.
- Onartutako Dekretuak hileroko aldizkakotasuna finkatzen du aurreko sei hilean behingo aldizkakotasunaren ordez, eta horrek kuotak ordaintzeko erosotasun handiagoa dakarkio finantza-laguntzen onuradunari, ahalegin ekonomiko eta finantzario txikiagoaz gain.
- Jardun babesgarri guztiak biltzen ditu Dekretuak, eta horretarako etxebizitza tasatuak eta zuzkidura-alojamenduak ere txertatzen ditu.
- Lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzeko xedearekin lurzorua erostearen eta urbanizatzearen finantzaketa-modalitatea berreskuratzen da, gaur egun finantzaketa-arazo handiak dituen merkatu-segmentua biziberritzeko bokazio argiarekin.
- Eraikuntza-desfaseak bete nahi dira. Horretarako, sustatzaileei emandako mailegu kualifikatuetan gabealdia lau hilabetera arte luzatzen da, berandutza-egoerak sor ez daitezen ahalbidetuz. Funtsean alokairu sozialean aritzen diren alokairu-operadoreen negozio-dinamikak sortzen dituen egungo diruzaintza-tentsioak albait gehien arintzea. Jardueran hasten direnean diru-sarreren maila eskasa dute operadore horiek, eta finantza-gastuek, aldiz, maila handiagoa dute. Hori horrela, alokairurako etxebizitza eskuratzeko mailegu kualifikatuen gabealdia zortzi hilabetera arte luzatzearen alde egin da.
- Bizigune "Hutsik dagoen Etxebizitzaren Programa" aldatzen da
Jaurlaritzari etxebizitzak lagatzen dizkioten jabeek (alokairuan eskaintzeko) 600 euro kobratuko dituzte hilean gehienez (lehen 750 euro zen zenbateko hori).
Jaurlaritzaren aburuz, gaur egungo krisialdi-egoeran, eta egungo eskaintza eta eskaria kontuan hartuz, orain arte ezarritako zenbatekoa gehiegizkoa da.
Etxebizitzak berrerostea
- Araudi berriak ez-ordainketako egoeran dauden etxebizitzak berrerosteko prozedura bat jasotzen du, etxebizitza babestua erosiz, etxebizitza babestua erosteko maileguak ematerakoan finantza-erakundeek berme handiagoa, eta horrenbestez, finantza-arrisku txikiagoa izan dezaten. Beraz, finantza-abalak ordezkatzen ditu mekanismo berri horrek, eta halakotzat jokatzen du.
- Horren jomuga zera da, babes publikoko etxebizitzen erosketa finantzatzeko maileguak lortzeko arazoak dituzten eskatzaileen sektoreek finantzaketa izan dezaten ahalbidetzea, hain zuzen ere.
- Etxebizitza bi modu desberdinetan eskuratzea erabaki ahal izango du Sailak: batetik, etxebizitza jabeari zuzenean erosita, zenbatekoa mailegua osorik edo partzialki kitatzera bideratuz, edo bestela, etxebizitza finantza-erakundeari erosita hipoteka-betearazpeneko prozeduran.
- Kreditu-erakundeek emandako maileguen bitartez osorik edo partzialki finantzatutako babes publikoko etxebizitzak erostea finantza-hitzarmena sinatzen denetik aurrera adostuko du soilik Etxebizitza Sailak.
- Finantza-erakundeak Sailean jakinarazi beharko du berandutza-egoera hipoteka-betearazpeneko prozedura hasi aurretik. Jakinarazpen hori egin zenetik 30 eguneko epea igarotakoan Etxebizitza Sailak ez badio finantza-erakundeari jakinarazten etxebizitza erosteko asmoa duela, erakundeak hipoteka-betearazpeneko prozedura eskatu ahal izango du, eta hori ere Sailean jakinarazi beharko du.
- Etxebizitza eta harekin lotutako eratxikiak jabeari zuzenean erosiz eskuratzen direnean, babes publikoko etxebizitza izateagatik dagokiona izango da erosketa-prezioa, erosten denean behar bezala eguneratuta betiere.
- Etxebizitza eta eratxikiak kargarik gabe erosiko dira, eta hori horrela, erosketa-prezioa mailegua kitatzera bideratuko da partzialki edo osorik, eta jabeak ondoriozko zenbatekoa jasoko du, kasuak kasu.
- Kreditu-erakundeak uko egingo die mailegua aurretik kitatzeko komisioei eta hipoteka-mailegu horri lotutako berandutza-interesei.
- Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SA enpresak erosiko du Sailak erabakita erositako etxebizitza, legokiokeen babes publikoko etxebizitzako izaerarekin, errentamendu- edo erosketa-erregimenean esleituko dira etxebizitza eta harekin lotutako eratxikiak, Etxebiden izena eman duten eskatzaileen artean.
- Ez ordaintzeagatik etxebizitza galtzen duen pertsonak ezin izango du etxebizitza hori erosi edo alokatu.
- Ez-ordaintzearen arrazoia langabezia bada, Bizigune programaren barruko alokairuko etxebizitza bat lortu ahal izango du lehentasunez.
- Nolanahi ere, etxebizitza-eskatzaile gisa izena eman ahal izango du Etxebiden.
- Etxebizitza Sailak kasu bakar batean soilik erabakiko du ez-ordainketako egoeran dauden etxebizitzak erostea, hots, kreditu-erakunde bakoitzeko ez-ordainketan guztizko zenbatekoa erakundeak finantzatutako guztizko zenbatekoaren gutxienez % 0,5 eta gehienez % 2,5 denean.
- Ez-ordainketako egoeran dauden etxebizitzak maileguaren iraunaldiaren lehenengo bederatzi urteetan erosi ahal izango dira.
Jaurlaritzak finantza-esparru berriarekin lortu nahi dituen helburuak:
- Etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babesgarriak finantzatzeko sistema eraginkor eta egonkorra bermatzea.
- Batetik, finantza-sistemaren konfiantza berreskuratzea, erosketa- eta zaharberritze-eragiketetan finantzaketa lortzea bermatuz, bestetik, erosketako eta alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko sustatzaile publikoen eta pribatuen finantzaketa, eta azkenik, lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzeko xedearekin lurzorua erosteko eta urbanizatzeko eragiketen finantzaketa berreskuratzea.
- Epe laburrerako politika berrien funtsezko elementu gisa eraikiko diren etxebizitza babestuko modalitate berriak -esaterako, zuzkidura-alojamenduak- finantzatzeko mekanismoak ezartzea.
Hitzarmena sinatu duten kredituko finantza-erakundeen zerrenda
Banco Bilbao Vizcaya Argentaria, Banco Guipuzcoano, Banco Popular Español, Banco Santander, Banesto, Bilbao Bizkaia Kutxa, Kutxa, Caja Laboral-Euskadiko Kutxa, Caja de Madrid, Ipar Kutxa, Caja Vital Kutxa, Caja de Ahorros y de Pensiones de Barcelona,"La Caixa, Caja de Burgos, Nafarroako Rural Kutxa, Caixa Galicia, Caja de Ahorros de Santander y Cantabria, Caixa-Catalunya; Bankoa-Crédit Agricole, Banco Popular-e.com, Nafarroako Kutxa, Banco Pastor, Deutsche Bank,Caja de Ahorros y monte de Piedad de Zaragoza, Aragón y Rioja (Ibercaja), Caja de Ahorros de la Rioja (Caja Rioja), Banco Gallego.