Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua Odon Elorza Donostiako alkatearekin elkartu da gaur Lakuan Donostialdeko metroaren inguruko kontuez hitz egiteko.
Duela lau hilabete, Altza auzoan geltoki bat eraiki eta han bizi direnek Donostialdeko metrorako sarbide zuzena izan zezaten informazio-azterlan bat egiteko prozedura abiarazi zuen Sailak; kontratua Saitec enpresari esleitu zitzaion, eta sailburuak horren guztiaren berri eman dio alkateari.
Azterlana martxa onean doa, eta hasierako emaitzen arabera, geltokia hasieran aurreikusi bezala 55 m-ko sakoneran ez baina, 25 m-tara egiteko aukera egongo litzateke. Horrela, geltokia lurrazaletik gertuago egongo da, Intxaurrondokoaren sakonera berean, eta hortaz, bertara iristea erosoagoa eta errazagoa izango da.
Informazio-azterlana egiteko 9 hilabeteko epea eman zitzaien, eta Altzako geltokiaz gainera, Herrera eta Galtzaraborda arteko zatiaren trazadura eta Pasaian geltoki berri bat eraikitzeko aukera ere jorratuko ditu.
Laburbilduz, azterlanak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:
- Eragin-eremuko egungo eta etorkizuneko mugikortasun-eskaria
- Herrera-Altza-Pasaia zatian trenbidearen bikoizketaren trazadura
- Altza eta Pasaiako geltokietako arkitektura, obra zibila eta instalazioak
- Elektrifikazioa, seinaleztapena, komunikazioak
- Hirigintzan, paisaian eta ingurumenean nola txertatu.
Jarraipen-batzordea
Bestetik, Donostialdeko metroaren informazio-azterlanaren jarraipen-batzordean parte hartzea proposatu dio Arriolak Elorzari, hiriko erdialdeari dagozkion gai guztiak lantzeko.
Lehenengo aldia da Eusko Jaurlaritzak proiektu bat hartu behar duen udalari horren bilakaerari buruzko informazioa emateaz gainera, jarraipen-batzordean parte hartu eta herriarentzat hain garrantzitsua den ekimen batean elkarrekin lan egiteko aukera ematen diona.
Irudi bereizgarria
Bestetik, sailburuak alkateari jakinarazi dionez, Sailak lehiaketa bat egiteko asmoa du aurki, lurpeko geltokien kanpoko diseinua egingo duen taldea aukeratzeko, geltoki horiek guztiek irudi bereizgarri komuna izan dezaten.
Arriolak gainera, hiriko metroaren sinbolo izateko balioko duen behin betiko
diseinua hautatzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu du.
Sustapen Ministerioarentzako eskaera
Bestetik, sailburuak eta alkateak erabaki dute Sustapen Ministerioko Azpiegituren idazkariari formalki eskatzea abiadura handiko trenaren jarraipen-batzorde mistoaren bilerarako deia egin dezan, abiadura handiko trena Donostian nondik sartuko den elkarrekin aztertzeko. Horretarako, lehenbizi, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarriko dira harremanetan, eskaera hori elkarrekin egiteko.