Azken eguneratzea: 2009/10/19
Arriola Salburuak ekitaldia presiditu du
Artxandako tuneleko lehenengo harria jarri dute
Etorkizunean Loiuko aireporturako konexioa ahalbidetuko du
Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua Bilbon izan da gaur, Bilbo erdialdea eta Loiuko aireportua lotuko dituen trenbideko Artxandako tunela egiteko lehenengo harria jartzeko ekitaldian. Sailburua buru izan duen ekitaldi horretan Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Gorka Garro Sondikakoak ere hartu dute parte.
Ernesto Gasco, Gorka Carro, Iñaki Arriola e Iñaki Azkuna
Ernesto Gasco, Gorka Carro, Iñaki Arriola e Iñaki Azkuna

Artxandako tunelari esker, etorkizunean, 9 minutu baino gutxiago beharko dira aireportura Alde Zaharretik heltzeko, eta kontuan izan behar da, Alde Zaharreko geltokiak metroaren 1, 2 eta 3 lineak hartuko dituela.

Eusko Jaurlaritza, ETSren bidez, trenbidea Sondikaraino bikoiztea eta Ola auzoan geltoki berria egitea aurreikusten duen proiektuaren hurrengo faseari buruzko informazio-azterlana egiten ari da.  Informazio-azterlanak behin betiko trazadura zehaztuko du, nahiz eta Sondika eta aireportuaren arteko behin betiko konexioa Eusko Jaurlaritzaren eta AENAren artean adostu beharko den.

Datu teknikoak

Artxandako tunel berria: 1.875 metroko luzera, bide bikoitza izango du eta ebakuaziorako galeria bi izango ditu: bata, kanpoko aldera ateratzeko; eta bigarrena, egungo Deustu-Lezama lineako tunelarekin lotzeko, tunel hori ebakuazio-bide gisa erabiltzeko atonduko baita.

Etorkizunean, Maurice Ravel bidezubiaren azpitik sartuko dira trenak tunelean. Artxandako tunela zeharkatu eta Txorierriko autobiaren azpitik igaro ondoren, trenbideak landa-eremuan zehar egingo du bidea, aire zabalean, harik eta egun Eusko Trenbideak sozietateak ustiatzen duen linearekin bat egin arte, Sondikako Ola auzoa mendebaldetik inguratzen duen bihurgunearen hasieran.

Tunel berriak egungo trenbide-lineak dituen mugak gainditzea ahalbidetuko du; egungo lineak bide bakarra du eta trazadura ere ez da oso egokia, 200 m baino gutxiagoko erradioa duten hainbat bihurgune baitaude, eta horrek guztiak nabarmen mugatzen du trenek hartu dezaketen abiadura.

Artxandako tunelari esker, Txorierri aldeko mugikortasuna erraztuko dugu eta inguru hori egituratzea lortuko dugu. Horrela bada, aurki, zuzenean joan ahal izango gara Txurdinagatik Txorierrira, Durangotik aireportura, edo-eta Gernikatik Zamudiora, garraiobidez aldatzen ibili gabe; eta horrek esan nahi du bidaiak erosoagoak izango direla, eta denbora gutxiago beharko dela.

Azken finean, Txorierri eta Bilbo arteko zerbitzuen kalitatea hobetu behar dugu, trenak maizago jarriz eta bidaia-denborak laburtuz.

Hori egiteko 20 milioi eurotik gora beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du.

Bizkaiko proiektuak

Artxandako tunelarekin metroaren 3. linea eraikitzeko dagoeneko martxan dagoen Etxebarri - Txurdinaga tarteak jarraipena izango du, Txorierriruntz. Aurki, beste bi tarte egiteko kontratuak esleituko dira, Txurdinaga - Alde Zaharra eta Uribarri, eta Matikoko geltoki berria eraikitzeko lehiaketa egingo da. Azken obra horrek, geltokia eraikitzekoak alegia, ikaragarri lagunduko du auzoa eraberritzen, trenbidearen lubakia kendu egingo baita.

3. lineak, -BEZa barne dela- 185 milioi euroko inbertsioa eskatzen du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza erdi bana ordainduko dute. Foru Aldundia eta Jaurlaritza, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bidez, lanean ari dira, bestetik, metroaren 2. linea bukatzeko (Ariz-Basauri eta Kabiezes tarteetako obrak), eta Getxon Maidagango trenbide-pasagunea lurperatzeko.

Bestalde, urtea amaitu baino lehen, 4. linearen informazio-azterlana egiteko lehiaketarako deia egingo du Garraio Sailak. Linea horrek, Moiuako egungo metro-geltokia Errekalde auzoarekin lotuko du, metro intermodal baten bidez.