Azken eguneratzea: 2012/07/18

Sustapen Ministerioarekin premiazko bilera izateko eskatu du.

Forondako aireportuaren ordutegia murriztearen aurka dagoela jakinarazi die Garraio sailburu Iñaki Arriolak bertako langileei

Enpresa batzordearekin izan duen bileran.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburu Iñaki Arriola, Felix Asensio Portuak eta Aireportuak ataleko zuzendariarekin eta Garraio zuzendari Mikel Diez Sarasolarekin batera (Eusko Jaurlaritza), Forondako aireportuko enpresa batzordearekin batzartu zen atzo, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak egindako iragarpenaz hitz egiteko; izan ere, Sustapen Ministerioaren arabera, abuztuaren 23tik aurrera Gasteizko aireportuko operatibitatea 12 ordura murriztuko da.

Iñaki Arriola sailburuak langileei jakinarazi zien Arabako aireportuko lan orduak murriztearen aurka dagoela, Eusko Jaurlaritzaren aburuz aireportu hori estrategikoa baita EAErentzat eta bertako enpresentzat, logistikari dagokionez. Hain zuzen, Forondako aireportua estatuko laugarren karga aireportu garrantzitsuena da, eta aireportua bera ardatz duten proiektu estrategiko ugari ari da garatzen Eusko Jaurlaritza, tartean Jundizkoa eta VIAPekoak. Espainiako Gobernuak egindako planteamenduari jarraiki, Zaragozako aireportua nagusituko da Gasteizko aireportuaren kaltean, eta sailburua ez dago horrekin ados.

Hala, sailburuak langileen ordezkariei azaldu zienez, ministerioa ohartarazi du aireportua 24 orduz martxan egon beharraz; horrez gain, lehenbailehen batzartzeko deialdia igorri dio, aurrez ikusitakoaren arabera ordutegia laster murriztu beharko litzatekeelako (abuztuaren 23an).

Halaber, Eusko Jaurlaritza Arabako aireportutik bidaiarientzako ibilbide berriak ezartzearen alde dago, VIA Aireportua Sustatzeko Sozietatean azaldu duen moduan; izan ere, neurri hori lagungarria izan daiteke aireportua 24 orduz martxan izateko. Horren haritik, Espainiako Gobernuaren aurrean Arabako Foru Aldundiak aireportuaren aldeko apustu tinkoa egingo duela espero du Eusko Jaurlaritzak, bereziki aintzat hartuta bi erakundeetan Alderdi Popularrak agintzen duela.