Azken eguneratzea: 2012/06/12
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, AHT-aren loturaren azterlanaren garapenerako Jarraipen Batzordearen bilera eskatuko diote Sustapen Ministerioari
Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua, Anai Astizekin, Nafarroako Etxebizitza eta Sustapen Sailburuarekin, elkartu da gaur arratsaldean Gasteizen, Nafarroako zatiaren, eta Euskal Y-aren arteko loturaren Informazio Azterlana burutzeko lanen bilakaera aztertzeko. Lotura hori, Kantauri-Mediterranear Igarobidearen proiektuaren barruan dago.
Arriolak eta Astizek Jarraipen Batzordearen deialdia egin dezan eskatu diote Sustapen Ministerioari. Ministerioa eta bi gobernuak jarraipen batzorde horretako kide dira, eta deialdiaren xedea, hiru erakundeek elkarren artean zuzentzen duten Informazio Azterlanaren garapena eta bilakaera aztertzea eta Euskal Y-a eta Nafarroa elkartzeko beharrezkoa den loturaren xehetasunak lantzea da. Horrela igarobide atlantiarra garatuko litzateke, fatxada mediterranearrarekin lotura bultzatuz, Nafarroatik.
Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2010ean sinatu zuten Protokoloaren xede nagusia hiru erakundeen arteko elkarlana bilatzea zen, lurraldean era egokian integraturik egongo den soluzioa lortu ahal izateko. Ministerioa da azterlana idazten ari dena, baina Espainiako, Euskadiko eta Nafarroako gobernuek osaturiko lan batzorde bat dago eratuta. Euskadiko eta Nafarroako erakundeek denbora gutxi barru egin nahi dute batzorde hori biltzeko deialdia, Sustapen Ministerioko arduradun berrien planteamendua zuzenean ezagutu ahal izateko eta, horrela, bi gobernuentzat hain garrantzitsua den lotura ulertzeko era orokorrari eragingo dioten erabaki guztietan partaidetza aktiboa izateko.
Bilera horretan Arriola Sailburuak Euskal Y-aren lanen egoera azaldu du, eta Abiadura Handiko Trenaren neurriko lan baten kudeaketan izandako esperientziaren berri eman die Nafarroako ordezkariei. Halaber, bi gobernuen artean elkarlanerako bideak irekitzea erabaki da, esperientziak trukatzeko eta azpiegitura garrantzitsu horren garapenean elkarren arteko soluzioak bultzatzeko. Bileran, beste batzuen artean, Mikel Diez Sarasolak eta Berta Mirandak, Euskadiko eta Nafarroako garraio zuzendariek, hurrenez hurren, ere hartu dute parte.