Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eta eraikinetako birgaitzearen, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren inguruko jarduketa babesgarrien agindua onartu du

Argitalpen-data: 

Gobernu Kontseiluak, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, datozen urteotarako etxebizitza eta eraikinak birgaitzeko laguntzen araudia eguneratzen duen eta laguntzak urte osoan zehar eskatzeko aukera emango duen agindua onartu du; hala, ez da urtero deialdi bat ireki beharko eskatu ahal izateko, laguntza publikoen lerroetako batean orain arte gertatu den bezala.

Aginduari dagozkion laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian irailean iragarkia argitaratu ondoren eskatu ahalko dira; aginduak Next Generation Europako funtsen etorrerarako agertokia prestatzen du. Era berean, eraikinen birgaitze integralaren aldeko apustua egiten du; alegia, besteak beste efizientzia energetikoaren hobekuntza, irisgarritasuna eta/edo kanpoko bizigarritasunaren hobekuntza –balkoi berrien eta terrazen bidez edo daudenak luzatzearen bidez– jasotzen eta barne hartzen dituzten jarduketen aldekoa.

Laguntzek irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntzen lerro berezia aurreikusten dute. 65 urte baino gehiago eta/edo desgaitasuna duten eta urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten adinekoei zuzenduta dago, laguntza arruntaren bidez finantzatu gabeko obraren zatia ordaintzeko.

Halaber, etxebizitza huts bat alokairu publiko babestuko programetarako –besteak beste Bizigune– lagako dituzten jabeentzako onura bereziak jasotzen ditu.

Indarrean sartzen denetik, hiru laguntza motara jo ahalko da: 1. lerroa, familia bakarreko etxebizitzak edo eraikinak birgaitzeko; 2. lerroa, eraikinetako jarduketa komunitarioetarako, eta 3. lerroa, eraikin edo blokeetan birgaitze integralak egiteko. Zenbatekoak errenta-mailen eta birgaitze motaren araberakoak izango dira, eta itzuli beharrik gabeko laguntzen bidez eta kreditu-erakundeekin adostutako maileguen bidez bideratuko dira.

Aginduak 3. lerrorako 7,53 milioi euroko aurrekontua jasotzen du; bestalde, Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzean 1. eta 2. lerroetarako onartutako 21,37 milioiak ere badaude. Guztira, 28,9 milioi euro dira; zenbateko hori areagotu egingo da, datozen asteotan, Next Generation funtsen bidez.

Laguntzak eskatzeko, eraikinen ikuskapen teknikoa eduki beharko da eginda, nahitaez.