Etxebizitza Sailak 40.000 pertsona gonbidatu ditu Etxebizitzaren Gida Planaren sorreran parte hartzera

Argitalpen-data: 

  • Herritar guztiek parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren 2021 eta 2023 aldirako arlo horretako politika publikoak gidatuko dituen dokumentu estrategikoa lantzeko prozesuan.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak beste urrats bat egin du herritarrek parte har dezaten Etxebizitzaren Gida Plan berria egiteko prozesuan. Iritzia eskatu die Euskal Autonomia Erkidego osoko 40.000 pertsonari, plan horren sorreran herritarren parte-hartzea bultzatzeko. Iñaki Arriolaren Saila, beraz, herritarren ikuspegia jasotzen ari da, hala nola sektoreko adituena, gizarte-eragileena, eragile ekonomikoena edo arreta berezia eskaintzen zaien kolektiboena, adibidez gazteena eta adineko pertsonena.

Etxebizitzaren Gida Planean jasotzen dira Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan 2023ra arte finkatutako filosofia, programak eta konpromisoak, eta, horretarako, herritarren parte-hartzea “ezinbestekoa da etxebizitzak autonomia-erkidegoan duen erronka garrantzitsuaren aurrean; izan ere, esparru horrek aldaketa handiak izan ditu azken urteotan, gizartean eta ekonomian izan diren aldaketa sakonen ondorioz”, nabarmendu du Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak.

Pertsona horiekin guztiekin posta elektroniko bidez jarri da harremanetan Saila, 14 galderari erantzun diezaieten, hala nahi izanez gero —pertsona horiek aurretik ere harremanetan zeuden Eusko Jaurlaritzarekin, etxebizitzaren  arloan eskaintzen diren zerbitzuak direla eta—. Galdera horien artean daude, besteak beste, landa-ingurunean alokairua sustatzeari buruzkoak, cohousing gisako formula alternatiboak erabiltzeari buruzkoak edo alokairuaren prezioetan esku hartzea erraz dezaketen neurriei buruzkoak. Era berean, 700 iritzi-inkesta egin dira etxebizitzako zerbitzu publikoak erabiltzen ez dituzten euskal herritarren artean, ausaz hautatuta.

Yoldik azaldu du herritarren laguntza garrantzi handikoa dela Gida Planak haien kezkei erantzun diezaien. Lehentasun-ildoak alderdi hauetan oinarrituko dira: pandemiak etxebizitza eskuratzeko eta edukitzeko garaian izan duen eraginari erantzutea; alokairuko etxebizitza eskuragarrien eskaintza bultzatzea; parke publikoa modu efizientean kudeatzea; eta egungo parkea birgai dadin sustatzea, efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna azpimarratuz. Azken ardatz hori landuko da klima-aldaketaren aurkako borrokaren helburu indartuekin batera eta Next Generation Europako funts berezien ondoriozko aukera berrien aprobetxamenduarekin batera.

Sailarekin harremanetan dauden 40.000 pertsonez gain, Etxebizitza plataformaren bidez (https://etxebizitza.blog.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiek parte har dezakete, iritziak azalduz eta proposamenak eginez. Era berean, dinamika presentzialak egingo dira kolektibo jakin batzuekin, hala nola gazteekin, adineko pertsonekin edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonekin. 2020an amaitutako aurreko Plan Zuzentzaileak herritarren 3.000tik gora ekarpen jaso zituen.

Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan da etxebizitzaren arloan herritarrek parte har dezaten sustatzean, eta hala berretsi dute zenbait sarik, hala nola Nazio Batuen Erakundeak zerbitzu publikoaren alorrean emandako UNPSA Sariak —2012an ere Sari horrek Etxebizitza Sailaren ekimena aintzatetsi zuen, garai hartako sailburua egungo sailburua zenean—.