Jazz eta blues musikaz gozatzeko ez dago Euskadi baino leku hoberik
 
Aurten, musika emanaldiak eta saio horiek antolatzen dituzten hirietan turismorako dauden beste aukera batzuk uztartzen dituzten "paketeak" dira Jazz Euskadi 2010 programaren berrikuntza nagusia.

Jazz Euskadi 2010

Uztaila jazzaren eta bluesaren hilabetea da Euskadin. Halaxe erakusten dute Getxon, Hondarribian, Gasteizen eta Donostian egiten diren jaialdiek. Urtez urte, nazioarteko artistarik entzutetsuenak biltzen dituzte, eta, gainera, talde eta bakarlari berrientzat euren burua erakusteko aukera ezin hobea eskaintzen dute.

Aurten, musika emanaldiak eta saio horiek antolatzen dituzten hirietan turismorako dauden beste aukera batzuk uztartzen dituzten "paketeak" dira lau jaialdi horiek batzen dituen Jazz Euskadi 2010 programaren berrikuntza nagusia. El Corte Ingleseko bidaia-agentzien bitartez, garraioa, ostatua eta museoetarako sarrerak barne hartzen dituzten "pakete turistikoak" eskura daitezke, salneurri, iraupen eta aukera ezberdinetakoak, gainera.

Aurreko urteetan bezala, Getxoko Nazioarteko Jazzaldia izango da lehena. Aurten 34. edizioa du, eta uztailaren 1etik 5era egingo da. Bost izen nabarmentzen dira egitarauan: Charles Lloyd New Quartet, Dave Douglas Quintet, Dee Dee Bridgewater, Jerry González & Fort Apache Band eta David Sanborn Trio. Horrekin batera, "Hirugarren Milurtekoa" saila, jam session saioak, talde lehiaketa eta Fernando Barcenaren argazki-erakusketa izango dira.

Hondarribia Blues Festival jaialdia izango da hurrena. Uztailaren 8tik 11ra "Europa mailako" bluesaren erdigune izango da. Doako emanaldien bidez blues musika zabaltzea du helburu. The Blues Hackers, Philippe Menard, Pinetop Perkins, Bob Margolin eta Willie "Big Eyes" Smith dira bosgarren edizio honetako protagonistetako batzuk. Jaialdiarekin bat eginez, Hondarribian egingo da aurten European Blues Conference biltzarra. Egun horietan, mundu osoko blues musikaren profesionalak Gipuzkoako udalerrian bilduko dira.

Ondoren, uztailaren 11tik 17ra, Gasteizko Jazzaldiak hartuko du lekukoa. 34. edizioko egitarauan Estatu mailan beste inon ikusi ezin izango diren artistak ageri dira. Emanaldirik aipagarrienak The Harlem Jubilee Singers gospel abesbatzaren kontzertua eta Iñaki Salvador eta Helio Alves piano-jotzaileek batera egingo dutena. Badira, ordea, azpimarratzeko moduko izen gehiago: Buddy Guy, Larry Carlton, Joshua Redman, Maracus Roberts eta jaialdiari amaiera bikaina emango dion Paco de Lucía gitarra-jotzailea, besteak beste.

Donostiako Heineken Jazzaldiarekin esango du agur Jazz Euskadi 2010 denboraldiak. 45. edizioa du aurten, eta uztailaren 21etik 25era egingo da. Patti Smith izango da oholtzara igotzen aurrenekoa, eta, ondorengo egunetan, Elvis Costello & The Sugarcanes, Archie Shepp, Ron Carter eta Shibusa Shirazu Orchestra talde japoniarraren musikaz beteko da Gipuzkoako hiriburua.  


Azken eguneratzea: 2010/07/20