|
Berrikuntzaren urtea bukatu denean, horixe izan da, hain zuzen ere, epaimahaiak aintzat hartu duen ezaugarri nagusia.
|
| Euskadik FITUR azokara eraman duen standa |
Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokak (FITUR) Euskadiko standa saritu du autonomia erkidegoek aurkeztutakoen artean berritzaileena izateagatik. Sari hori azoka hasi zenetik (orain 29 urte) banatzen dute, eta Madrilgo arkitektoen elkargoko kideei eta azokan lan egiten duten diseinatzaileei dagokie irabazlea aukeratzea. Aurtengoan, aho batez hartu dute erabakia. Berritzailea izateaz gainera, epaimahaiak standaren funtzionalitatea eta espazio-antolaketa goraipatu ditu.
Urteko lehendabiziko turismo-azoka da FITUR, eta bertan estreinatu du Eusko Jaurlaritzak stand berria. Zorrozua & asociados Bilboko enpresa gunearen diseinuaz arduratu da, lehiaketa-publikoa irabazi ostean.
Egitura eta material berritzaileak ditu nabarmentzekoen artean Euskadiko standak; izan ere, benetako ontzi-edukiontziak erabili dituzte eta belar artifizialarekin estali dute zoru gehiena. Oraingo honetan, Euskadik stand "ireki" eta "garbia" aurkeztu duela esan daiteke: bisitariek turismo-marka berriak eta marka bakoitzaren turismo-eskaintza ezagutzeko parada izango dute.
Oso stand erakargarria da, eta kolore berdea da nagusi bertan. Ezin ahatz dezakegu kolore horrekin erlazionatu ohi dutela turistek Euskadi, eta, gainera, turismo-marka guztietan (Euskadi, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Euskal Kostaldea, Arabako Errioxa eta Berdea) ere toki garrantzitsua du.
Madrilgo azoka bukatzen denean, saria jaso berri duen standa Bartzelona, Valladolid, Bordele eta Tolosako turismo-azoketan izango da ikusgai.
|