Tren historikoan ibilbideak egiteko aukera luzatu du berriro ere FEVEk
 
Enkarterri zein Meatzaldeko txokorik esanguratsuenak ikusteko parada izango dute bidaiariek.

Galdameseko Auto Zahar eta Klasikoen Museoa

Maiatza eta ekainean lortutako arrakastaren ostean, tren historikoan bidaiak egiteko eta aldi berean Enkarterri nahiz Meatzaldeko gastronomia eta txokorik adierazgarrienak ezagutzeko aukera eskaintzen du berriro ere RENFEk. Irailaren 20 eta 27an eta urriaren 4 eta 11n Cadaguako Trenak Bilbon jasoko ditu bidaiariak, eta handik, Bercedoko geltokiraino (Burgos) eramango ditu. Medina de Pomar herria bisitatu ondoren, Balmasedara itzuliko da trena; putxera (indabekin, urdaiarekin, txorizoarekin eta odolosteekin egiten den platera) ospetsua dastatzeko eta Boinas La Encartada Museoa ezagutzeko bisitaldi gidatuan parte hartzeko parada izango dute bidaiariek bertan.

Bestalde, irailaren 21 eta 28an eta urriaren 5 eta 12an Historiaren Trenak Traslaviña (Artzentales) herrira eramango ditu bidaiariak. Horren ostean autobus batek El Pobal burdinolan utziko ditu, eta han, hainbat erakustaldi ikusi ahalko dituzte. Hurrengo geldiunea Galdamesen egingo dute, Rolls Royce eta auto zaharren bilduma ikusgarria hartzen duen Auto Zahar eta Klasikoen Museoan. Karrantza Haranean bazkaldu ostean, Pozalaguako leizeak ikusiko dituzte.

Ibilbideon prezioa 39 eurokoa da.

Informazio gehiago jasotzeko eta erreserbak egiteko 942 209 584 eta 606 965 812 telefonoetara deitu edo trenesturisticosdelnorte@feve.es helbidera mezua bidali.


Azken eguneratzea: 2008/09/26