|
"Berdintasun gero eta handiagoa duen gizarte batera egokitu" nahi du horrela Udalak "Kantauri itsasoko estropadarik ospetsuena".
|
| Zortzi tripulaziok neurtuko dituzte indarrak sailkatze estropadan. |
Heldu den irailaren 13an eta 14an Emakumezkoen Kontxako Lehenengo Bandera jokatuko da Donostian, emakumez osatutako zotzi ontziren arteko aurreneko estropada. "Emakumezko kirolarien eta, batez ere, arraunlarien lana" erakustea da ekimenaren xedea.
Kataluniako bi tripulaziok (Badalona eta Colera), Kantabriako batek (Astillero), Bizkaiko beste batek (Arkote), Galiziako selekzio batek eta Gipuzkoako hiru traineruk (Hondarribia, Tolosa eta Getaria-Zumaia) sailkatze estropada jokatuko dute iraileko bigarren larunbatean (hilak 13), arratsaldeko seietan. Denborarik onena egiten duten lau tripulazioak Ohorezko Txandan lehiatuko dira hurrengo egunean, goizeko hamaiketan, gizonezkoen estropada baino ordubete lehenago.
Ohorezko Txandak 2.778 metro (1,5 itsas milia) eta ziaboga bakarra izango ditu. Garaileek Donostiako Bandera eta 6.200 euro irabaziko dituzte, bigarren sailkatuak 4.000 euro, hirugarrenak 3.200 euro, laugarrenak 2.000 euro eta gainerakoek 1.000 euro.
|