Ventura bidaiari-ontzia Bizkaira iritsi da
 
Ordu batzuk eman ditu Ventura bidaiari-ontziak Getxoko portuan

Ventura, luxu handiko bidaiari-ontzia

Bidaiari-ontzi ugari heldu dira aurten Bizkaiko kostaldera, baina Ventura ikusgarria da horien artean handiena (289 metroko luzera du). Maiatzaren 7an, 8:00ak aldera, iritsi zen Getxoko portura Lisboatik zetorren itsasontzia, eta 17:30ean Bresteko porturantz abiatu zen. Lehendabiziko aldiz bisitatu du Venturak euskal kostaldea. 3.100 bidaiari garraiatzen ditu eta 1.257 lagunek osatzen dute ontziko tripulazioa.

Italiako Fincantieri ontziolan eraiki zuten bidaiari-ontzian luxua da nagusi: Londresko Tate Modern museoko artelan bilduma bat hartzen du, eta gainera, jatetxean Marco Pierre White sukaldariak prestatutako plater zaporetsuak dastatzeko parada dute bidaiariek. Hiru Michelin izar lortu dituen sukaldaririk gazteena da White. Itsasontzian dantzatoki ikusgarria ere aurki dezakete bidaiariek; horman 20 pantaila erraldoik irudiak erakusten dituzte etengabe.

Denbora gutxi darama Ventura ontziak itsasoan: apirilaren 16an inauguratu zuten Southamptonen (Ingalaterrako hegoaldea). Helen Mirren (The Queen pelikulan egindako lanagatik Oscar saria eskuratu zuen) aktorea izan zen ekitaldi horren aurkezlea.


Azken eguneratzea: 2008/05/09