Azken eguneratzea: 2008/08/01
Hego Amerikako euskara irakasleak nazioarteko barnetegian trebatzen Argentinako Arrecifesen
Euskara Munduan HABEren egitasmoaren baitan. Lehenengo aldia da programa honen barruan, herrialde desberdinetako irakaslegaiez osaturiko taldea eratzen dela

Hego Ameriketako 42 euskara irakasle-gai bere euskara hobetzen ari dira Argentinako Arrecifes hirian  HABEk antolatuta egiten ari den nazioarteko barnetegian. Euskara Munduan tokian tokiko euskarazko irakasleak prestatzeko HABEren egitasmoaren baitan txertatzen den nazioarteko barnetegi honetan Euskal Herritik joanda bi irakasle eta Argentina bertako beste hiru irakasle ari dira lehen barnetegi trinkoa eskaintzen, joan den martxotik aurrera euskarazko irakasle izateko prestatzen ari den hego Amerikatako ikasleez osatutako talde berriari. Barnetegia Argentinako Arrecifes herrian egiten ari dira, uztailaren 26an  abuztuaren 3ra arte.  Barnetegian, goizez eta arratsaldeko klaseetan, mintzamena lantzeaz gain, irakasle izateko hainbat baliabide eskainiko zaizkie eta Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko zertzelada batzuk.

Ikastaroaren ardura zuzena hartuko dutenak Juan Franzisko Zinkunegi HABEko teknikaria eta Iraia Saez de Viteri irakaslea dira, Euskal Herritik propio joanak eta irakasle taldea argentinar irakasleekin osaturik: Gabriela Mendia Buenos Aireskoa; Natalia Hormazabal San Nicolasekoa; eta Cecilia Cenoz Tandilgoa.
Egitasmoa hau garatze bidean den Etxepare Euskal Institutuaren xedeetan txertatzen da. Guztira, programa honen baitan bi mila lagunetik gora ari dira euskara ikasten Euskal Herritik kanpo, Europa, Amerika eta Australian, alegia.
"Euskara Munduan" egitasmoa aurrera doa abiadura bizian. Aurten 19 bete ditu HABEk, Amerika, Europa eta Australiako euskal etxeetan euskararen irakaskuntza bermatzeko abian jarri zuen "Euskara Munduan" programak, "Argentinan euskaraz" egitasmotik eratorria. Urte horietan zehar HABEren helburu nagusia euskal etxeak euskararen irakaskuntzan autonomoak izan daitezen bertako irakasleak trebatzea izan da, besteak beste. Hori horrela urte horietan 100 euskara irakasle baino gehiago trebatu ditu eta azken irakasle taldea trebatzen aurten bertan hasi da eta hori da hain zuzen Arrecifes, Argentinako Buenos Aires probintziako hirian barnetegian parte ari den taldea.

Aurreko taldearen emaitzek ikusita HABEk esperientzia hori nazioartera zabaldu du eta horrelaxe eratu genuen "Nazioarteko Taldea" argentinarrez, uruguaitarrez, txiletarrez, peruarrez, kolombiarrez eta brasildarrez osatua. 2008ko martxoan abiatu zen "Nazioarteko taldea", gutxi barru Hego Ameriketako hainbat euskal etxetan euskara irakasle izango direnek osatutako taldea. Urrutitik euskara ikasten hasi ondoren, eta HABEren lehen maila lortuta, joan de martxoan Euskal Herrian izan ziren HABEren 2. maila lortzeko.

Lehenengo aldia da "Euskara Munduan" programaren barruan, irakasle berriak trebatzeko, herrialde desberdinetako irakaslegaiez osatutako taldea eratzen dela. Euskara Munduan programaren baitango Argentinan Euskaraz 2004-2007ko proiektua buruturik, eta izan zuen arrakasta ikusita, HABEk Diasporako beste herrialde batzuetara zabaldu du euskara irakasleak trebatzeko sistema hori. Hego Ameriketako ikasle-irakasleek osatutako taldea joan den martxoan abiatu zen aurreko taldeek (Diaspora I eta IIk) erabilitako metodologia berdinarekin, esan nahi baita urrutitik ikasiz --irakaskuntza remotoa baliatuz-Euskaditik zuzentzen da haien prestakuntza eta urtero aurrez aurreko bi barne-ikastaro deituz.

Aurreko aldian  (2004/07) hasi zen HABE euskara irakasleak urrutitik trebatzen. Orduan, talde hura,  37 argentinarrek eta 3 uruguaitarrek osatzen zuten. Urtean zehar irakaslea Euskal Herrian zutela, on-line ikasten zuten euskara eta urtero bi topaketa, bi barnetegialdi izaten zituzten, bederatzi egunetakoa bakoitza, bata hego hemisferioko neguan eta bestea udan. Talde horren ikasprozesua 2008ko udaberrian amaitu da Euskal Herrian burutu duten egonaldiarekin. Urtarrilean 23 irakaslegai etorri ziren Euskal Herrira Lazkaoko Maizpide barnetegian euskara ikastaroak egitera. Bestalde, irakaslegai horiek guztiak Goierriko hainbat familiatan kokatuak izan ziren, benetako murgiltze giroan hobe zezaten euskara maila. Horietako 15 martxoaren batean itzuli ziren eta 8k ekainerarte luzatu zuten egonaldia goi-mailako euskara agiriak lortzearren.  Egiaztatze frogetako emaitzak ikusi ondoren 8 horietako 3k EGA edo 3.mailko agiria lortu dute, 4k 2. mailakoa eta batek ez du agiririk lortu.

Etxepare Euskal Institutua
Hedatze bidean den Etxepare Euskal Institutuak, HABErekin elkarlanean, garatuko ditu etorkizunean nazioartean euskara irakasteko eskola hauek eta Kultura sailak azken urtetan munduko unibertsitateetan abian jarri dituen euskara eta euskal kulturaren lektoradoak. Eskola hauek Amerika eta Europako beste hainbat unibertsitatetan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen dira eta Eusko Jaurlaritzak HABE erakundearen bitartez  abian duen Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako Euskara Munduan egitasmo honekin uztartzen dira, zeinaren baitan Estatuko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europako (Paris, Londres, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan (Uruguai, Txile, Mexiko eta AEBetako Unibertsitateetan eta Argentina,Uruguai, Txile, Venezuela, Mexiko eta Estatu Batuetako 80 herritan)  helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu diren, horretarako irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskaini zaio eta eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.

Argentinarrak gehiengoa
Euskara eskola munduan egitasmoaren baitan bi mila lagunetik gora ari dira euskara ikasten Europa, Amerika eta Australian. Argentinak elkartzen du ikasle hauen ia erdia, esaterako, aurten, Argentinako Euskal Etxeetan, 6.048 talde ordu ematea aurreikusten da, hau da, 900etik gora ikasle helduak, 100 bat ikastaldetan banatuak (Argentinan elkartzen da Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari diren bi ikasletik bat ).  Horiez gain 300 bat ume aritzen dira Euskal Etxeetan eta beste 900 umeek "Euskal Etxea"  ikastetxean, Buenos Aires-en dagoen ikastetxean, "euskara eta euskal kultura" eskaintzen zaie.
Gasteiz, 2008ko abuztuaren 1a