Azken eguneratzea: 2010/05/17
Natxo Rodríguezek, REAJeko presidente gisa, aterpetxeen mugikortasun sortzailearen programaren aurkezpenean parte hartu du
Lehenbizikoz martxan jarriko den programa.

Natxo Rodríguez Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, EAJ-Gazte Aterpetxeen Espainiako Sareko presidente gisa, lehenbizikoz martxan jarriko den mugikortasun sortzailearen programa aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu du gaur eguerdian, Zaragozan izandako ekitaldian. Prentsaurrekoan egon dira, baita ere, Ana Fernández Abadía, Aragoiko Gizarte Zerbitzuetako eta Familiako kontseilaria, Marta Aparicio, Aragoiko Gazte Institutuko zuzendaria, Juan Antonio Quiles, Mugikortasun Sortzailea Proiektuko zuzendaria, eta Ricardo Aparicio, Zaragozako aterpetxeko zuzendaria.

Gazte Aterpetxeen Espainiako Sareak abian jarri du Estatuko hainbat aterpetxetan artista gazteentzako egonaldiak biltzen dituen programa bat, autonomia-erkidego guztietako 35 urtez azpiko herritarrei zuzenduta. Hamabost egunetan, arte-mota diferenteetako hamar artistak ekitaldi bana egingo dute aterpetxean eta haren ingurumarian.

Jarduera honen helburua da gazteen arte-sorkuntza bultzatzea eta suspertzea, gaur egungo artearen parametroen barruan, eta bereziki honako arlo hauetan: pintura, eskultura, marrazketa, argazkigintza, bideoa, instalazioa, bideoartea, hiri-artea, arte elektronikoa, perfomance, musika edo gaurkotasuna duen beste edozein arte joera. Proiektuek lurralde bakoitzaren nortasuna jasoko dute nahitaez; bidaiaren kontzeptua bera eta aterpetxea bidaiatzeko beste era baten ikuspegitik.

Mugikortasun Sortzailearen Programa maiatzaren 14an hasiko da, Zaragozako Baltasar Gracián aterpetxean. Aurrez hautatutako berrogeita hamar gazteen artean, hamar gaztek bertatik bertara proiektu sortzaile bat gauzatuko dute aterpetxean eta hirian, diziplinartekoa eta elkarlanean oinarritua. Hiri bakoitzerako aukeratutako hamar artistek emandako ideia eta ekarpenekin sortzaile bakoitzaren hizkuntza eta diziplinak barnebilduko dituen lan bat mamituko da. Artistek hamabost eguneko egonaldia egingo dute hautatutako hirian proiektua gauzatzeko.

Sorkuntzaz gainera, proiektuak sinergiak sortuko ditu artista espainiarren artean, bizikidetza eta lankidetzari esker. Aukera paregabea da artearen eremu nazionalean.

REAJek gaur egun 243 aterpetxe ditu lurralde osoan, publikoak zein pribatuak. Autonomia-erkidego guztiak integratuta daude, gazteen mugikortasuna errazteko eta aterpetxeak sustatzeko. Urtetik urtera goraka doa instalazio hauek erabiltzen dituzten gazte espainiarrei eta atzerritarrei begira eskaintzen den zerbitzua.

Programa Andaluziako Gazte Institutuaren ekimenez sortu da, haiek Kordobako «Inturjoven de la Creatividad» aterpetxean jada txertatzen ari diren programa bat maila nazionalera hedatzea proposatu zutenean. Artista gazteentzako egonaldi-programa hau lurralde nazionaleko hainbat aterpetxetan garatuko da. Zaragozakoa lehenengo esperientzia da; hurrengoa Miranda de Ebron izango da, datorren ekainaren 11n.