MAKINA-ERREMINTAREN RENOVE PLANA MARTXAN JARRI DA ETA 5 MILOIKO LAGUNTZAK EMANGO DIRA
Bernabé Unda sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak ezin duela merkatua ordezkatu, baina bai ordea inbertsioa sustatu
Bernabé Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak iragarri du gaur jarriko duela martxan Makina-Erremintaren Renove Plana. Bost miloi euroko partida esleitu zaio ekimen honi eta lehendakariak joan den hilaren 8an iragarritako '+Euskadi 09' ekimenaren barruko neurrietako bat da.
Sailburuak Makina-Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartearekin (AFM) eta bere taldearekin batera bisitatu ditu Gipuzkoako sektoreko hainbat instalazio produktibo eta, hain zuzen, bisitaldi horretan eman du ezagutzera Renove Plan berri hau.
Neurri horrekin lortu nahi dena da industriako ETEen ekipamendu produktiboak modernitzatzea eta produktibitatea hobetzea lehiakorragoak izan daitezen.
Renove Planaren onaradunak EAEko industri enpresak izango dira, baldin eta edozein produktutarako (zura eta harria izan ezik) makina-erreminta berria erosten badute, batik bat, abiatze edo deformazio bidezko metalen hotzeko tratamendurako. Diru-laguntzak emango dira baita ere automatizazioko osagarriak, piezak eta instalazioak erosteko, baldin eta aurrerago aipatu bezalako makina batekin batera erosten badira. Planari atxikitzeko, makina guztiek EAEko enpresetan egon behar dute. Laguntzak gehienez ere abenduaren 31ra arte eska daitezke.
Laguntza makina berriaren prezioaren %30erainokoa izango da, eta gehienez ere 200.000 euro emango dira makinako eta enpresako. Gaurtik aurrera, SPRIk kudeatuko ditu Makina-Erremintaren Espainiako Elkartean (AFM) bildutako enpresei egin beharreko ordainketak, eta urriaren 2tik aurrera hasiko da ordaintzen. ETEentzako laguntzak urrian onartuko dira, baina atzeraeraginezko efektuekin ordainduko dira, gaurko eguna, irailaren 18a kontuan hartuz.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak laguntza horien bidez lagunduko dio sektore honi, bereziki garrantzitsua baita euskal industri ehunarentzat. Espainia munduko bederatzigarren esportatzailea eta ekoizlea da, eta Euskadik ordezkatzen du Espainiako sektore osoaren %80 inguru. Dena den, azken hilabeteetan, makina-erremintaren euskal enpresen eskaerak %50 baino gehiago jaitsi dira 2008arekin konparatuz.
Bernabé Unda sailburuak hauxe esan du Elgoibarko Makina-Erremintaren Institutura eginiko bisitaldian: "Jaurlaritzak ezin du merkatua ordezkatu, baina bai ordea inbertsioa sustatu". Saileko eta AFMko arduradun nagusien hitzordu honek Milanen urriaren 5etik 10era ospatuko den EMO Azoka prestatzeko ere balio izan du, hantxe izango baita sailburua EAEko 39 enpresarekin batera.
Bernabé Undak Ibarmiako (Azkoitia) instalazioak ikusi ditu eta gero Elgoibarrera joan da, Goratu, Ideko Teknologi Zentroa eta Makina-Erremintaren Institutua bisitatzera. Industria Saileko eta AFMko arduradunak Bergarara joan dira handik, Danobat Railway Systems-en instalazioak ikustera.
Ekipamendu Produktiboa Modernizatzeko Programa zabaltzea
Renove Planaz gain, Eusko Jaurlaritzak Ekipamendu Produktiboa modernizatzeko programa ere zabaldu du eta 2 miloi euroko aurrekontua esleitu du horretarako. Makina berri bat erosten duten 50 langile baino gutxiagoko EAEko industri enpresak izango dira onuradunak. Makina berriak gutxienez zaharraren funtzio berdinak izango ditu, eta makina zaharra, 10 urte gaino gehiago dituena, txatar bihurtu beharko da.
Makina berriak osasuneko segurtasunari buruzko baldintza guztiak bete behar ditu (Osalanek konprobatuko du hori) eta EAEko enpresa batean jarri beharko da.
Laguntza makina berriaren prezioaren %20erainokoa izango da, eta gehienez ere 18.000 euro emango dira makinako eta 40.000 euro enpresako eta urteko.