Azken eguneratzea: 2011/03/17

Ehizaren lege modernoa, orekatua eta adostasun handikoa aurkeztu du Pilar Unzaluk

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Ehizaren Legea aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, bertan onartzeko; ehiza arautzeko lege-esparrua ezartzen duen eta bizi-iturrien segurtasuna eta babesa lortzeko bermeak dituen testua da.

Horrela, EAEko ganberara eraman du Pilar Unzaluk ehizaren legea: Autonomia Estatutuan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibotzat jotzen den gai bat. Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoan ez zegoen ehizaren berezko legerik, eta jarduera hori 1970eko Estatuko Lege batek arautzen zuen (1/1970 Legea). Orain, tresna egoki bat dago, foru-erakundeek beren politika bereiziak garatu ahal izateko.

Sailburuak adierazi duenez, “natura-ingurunean egiten den ehizak bateragarria izan behar du bizi-iturrien babesarekin, eta landa-eremuaren garapen jasangarrirako ildoak ziurtatu behar ditu, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren osagarri izango den ekonomia-jarduera gisa”.

Araudiak bermatu egin behar ditu: ehiza-baliabideen jasangarritasuna, gainerako basa-faunaren babesa eta lurraldearen beste erabilera batzuekin ehiza bateragarria izatea; helburu konplexuak dira populazio trinkoa duen herrialdea delako eta landa-eremuetan gero eta jende gehiago ibiltzen delako eta gero eta maizago bisitatzen direlako” adierazi du.

Testua lantzeko prozesuan, foru-erakundeen parte-hartzea aktiboa izan da, jendarteko eragileei aurkeztu zitzaien agiri bat landu zen arte, tartean diren alderdi guztientzat onargarria den arau bat haiekin adosteko.

Ehizaren Legearen aurreproiektua hauei bidali zitzaien: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak; Gipuzkoa eta Bizkaiko ENBA; EHNE; UAGA; Euskadiko Ehiza Federazioa; AEEE; ADECAP; Ekologistak Martxan; Eguzki; Babestu Bizitza; Itsas Enara Ornitologia Elkartea.

Aintzat hartu ziren, halaber, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Baso-agenteen Kolektiboak (ehiza eta arrantzako zaindariak) egindako ekarpenak, eta hainbat txosten bildu ziren, Zerga Administrazioko Zuzendaritzarena kasu; izan ere, beharrezkoa da ehizan aritzeko gaitasun-azterketa egiteko tasa baten sorkuntzaren testua sartzea.

Testua Legebiltzarrera bidali zen, 2010eko apirilaren 23an, eztabaidatu eta, hala badagokio, onartzeko. Ia alderdi guztiek parte hartu ondoren –ekarpen ugari egin baitituzte–, “adostasun handia” lortu duen testu bat landu da.

Legearen berrikuntza nagusiak

Legeak 65 artikulu ditu, honako atal hauetan banatuak: zioen azalpena, zortzi titulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bi amaierako xedapen.

Ehiza-baliabideak aprobetxatzeko, baliabideen plangintza egingo da, jasangarritasunaren irizpidearekin. Formalki “aprobetxamendu komun”ekoak deritzen lursailetan ere, planifikatutako eran ehizatu beharko da.

Gainera, ehizatzeko lursailen sailkapenak sartu dira, “ehiza kontrolatuko gune” eta “ehiza-esparru”ekin, eta ehiza-txakurrak trebatzeko eta ehiza-jardueretarako guneak arautu dira.

Legeak, 27. artikuluan, Segurtasun-guneak eta beren mugak ere sortzen ditu: Bidegorri eta bide berde izendatutako bideak (20 metro); aldian-aldian jendea hartzen duten tokiak, jendea bertan dagoen bitartean, edo jabeak edo haiek baimendutako pertsonak dauden tokiak, bertan lanean ari direnean hartarako gaituta daudela (50 metro); sei metroko zortasun-eremua, itsasertzeko barruko mugatik lehor aldera neurtuta (20 metro).

Pertsonen eta beren ondasunen babesa bermatzen lagundu behar dute: berrikuntza horiek; hirigune eta landaguneekiko, nekazaritza-turismo eta landetxeekiko eta Legean jasotako beste gune batzuekiko segurtasun-tartea 100 metroan –azken finean, 200 metroraino– handitzeak; eta bizi daitekeen bakartutako eraikinekiko 100 metroko tartea jartzeak.

Munizioen inguruan, proiektuak bi berrikuntza sartzen ditu: Lehenik eta behin, postak 4’5 milimetrotik gorako diametroko perdigoiak direla esaten da. Horrek segurtasun handia gehitzen du ehizan; izan ere, kalibre txikiagoak jaurtigaia distantzia txikiagora iritsiko dela esan nahi du. Bigarren, debekatuta dago beruna duen munizioa edukitzea eta erabiltzea ondorengo katalogatutako hezeguneetan ehizatzean: Naturagune Babestuetan, Natura 2000 Sarean eta nazioarteko erakundeek babestutako eremuetan.

Ehizaren zaintza hiru kategoria ezberdineko pertsonei esleitzen zaie: foru-aldundietako funtzionarioak izan eta gai horren gainean eskuduntzaren bat dutenei; segurtasuneko indarrei; eta zaintzaile gisa kontratatutako langileei (zaindari partikularrak).

Ehiza daitezkeen espezieak arauz ezartzea agintzen duen arauzko mandatua zehazten da, Europako Batzordeak behin eta berriro egin izan duen eskakizun bati erantzuteko.

Zori egunetan –besteak beste, elurra edo behe-lainoa dagoen egunetan– ehizatzeko debekua ezartzen du legeak, horretarako debekua indarrean jartzeko agintaritzaren berariazko adierazpen baten beharrik gabe.

Arau-hausteak hiru multzotan sailkatu dira –oso larriak, larriak eta arinak–, egungo lau kategorien ordez. Berrikuntza bat da isunen zenbatekoak, eguneratuta egoteko, urtero eguneratzeko betebeharra.

Orobat, ehiza-federazioak ere erakunde laguntzaileak direla onartzen da, eta ehizarako lursailak kudeatzeko aukera ematen zaie: orain arte, “ehiztarien elkarteei” soilik ematen zitzaien aukera, eta orain, gainera, “ehiza-elkarteak” deituko dira.

“Lege modernoa da, eta gure autonomia-erkidegoaren beharrei egokitua” adierazi du Pilar Unzaluk, eta eskertu egin du lege-testu horren edukia adosteko bidea eman duen legebiltzar-taldeen “lan ona”.