Azken eguneratzea: 2009/12/01
Herrizaingo Sailaren eta Lekeitioko Udalaren arteko hitzarmena, polizia-instalazio berberak erabiltzeko
Ertzaintzak eta Lekeitioko Udaltzaingoak eraikin berberean egingo dute lan

Gobernu Kontseiluak Herrizaingo Sailaren eta Lekeitioko Udalaren arteko Hitzarmen bat onartu du gaur, asteartea, egindako bileran. Akordio horri esker, gaur egun Ertzaintzak Bizkaiko udalerri horretan dituen instalazioak Lekeitioko Udaltzaingoak ere erabiliko ditu. Hala, bi poliziek instalazioak batera erabiliko dituzte eta, beraz, eraikin berberean egingo dute lan.

 

Ertzaintzak bulego batzuk ditu Lekeition (Bizkaia), Paskual Abaroa Etorbidean. Instalazio horiek herritarrei zuzeneko arreta emateko eta salaketak biltzeko erabiltzen ditu bereziki. Instalazioak Ondarroako ertzain-etxearen menpe daude eta Ertzaintzaren hedatze prozesuaren baitan jarri zituzten martxan bere garaian, Ondarroako ertzain-etxearen beraren zabaltzearekin batera. Instalazio horien helburua EAEko Poliziak eskaintzen dituen zerbitzuak herritarrei hurbilaraztea da.


Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako Hitzarmenaren arabera, Herrizaingo Sailak baimena ematen dio Lekeitioko Udaltzaingoari instalazioak Ertzaintzarekin batera erabiltzeko eta, horrela, bertatik bere zeregin polizialak modu eraginkorragoan bete ahal izango ditu. Ertzaintzak, bere aldetik, lokaleko zati bat herritarrei oinarrizko arreta eskaintzeko eta salaketak biltzeko erabiltzen jarraituko du. Hitzarmenak herritarrei eskainitako zerbitzuaren hobekuntza ekarriko du, bi poliziek eskaintzen dituzten zerbitzu polizial guztiak eraikin bakar batean bilduko baitira.

Herrizaingo Sailaren eta Lekeitioko Udalaren arteko akordioak lau urte iraungo du eta hamar urtera arte luzatu ahal izango da. Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak eta Jose Maria Cazalis Lekeitioko Alkateak sinatzen dutenean sartuko da indarrean.