Azken eguneratzea: 2008/08/22
Leire Olaberria euskal txirrindularia pozik azaldu da Pekingo Joko Olinpikoetan lorturiko brontzeaz
Txirrindulariak pista-txirrindularitzako bigarren domina lortu du euskal kirolarentzat, Asier Maeztuk Atenasen bereganatu zuen brontzearen ondoren. Olaberria izan da BAT Basque Teamen lehen beka-deialdiari atxikitako 24 kirolarietako bat. Ekimen honen bidez, 500.000 euro inbertitu dira euskal kirolari olinpikoak Pekingo Jokoetan sostengatzeko

Leire Olaberria txirrindularia, Pekingo Joko Olinpikoetan emakumezkoen puntuazio proban brontzezko domina irabazi duena, hunkituta azaldu da gaur goizean "BAT Basque Team"ek antolatutako prentsaurrekoan, euskal kirolarentzat pista-txirrindularitzako bigarren domina lortzeagatik, Asier Maeztuk Atenasen bereganatu zuen brontzearen ondoren. Txinako hiriburutik itzulitakoan, Olaberria estraineko aldiz agertu da hedabideen aurrean, eta berarekin batera, Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta BAT Basque team-eko lehendakaria, eta Fundazioaren eta Cespa-Euskadi taldearen babeslegoan sartuta dagoen Cespa-Ferrovialeko Ricardo Manterota ere azaldu dira. Olaberria arras pozik azaldu da Joko Olinpikoetako bere lehen partehartze honetan erdietsi duen lorpen profesionalagatik.

Abiadura-lasterkari hau Ikaztegietan jaio zen 1977ko otsailaren 17an, eta aurtengo martxoan Manchesterren jokatutako pista-txirrindularitzako Munduko Txapelketan laugarren postua (eta Joko Olinpikoetarako sailkapena) lortu ondoren, Pekingo belodromoko podiora igotzea planteatu zion bere buruari. Astelehenean, lau hilabeteko prestaketa trinko eta nekagarriaren ondoren, Olaberriak brontzea bereganatu zuen Marianne Vos holandarra eta Yoanka González kubatarraren atzetik.

Cespa-Euskadiko txirrindularia belodromoko probetan (jazarpena, abiadura, puntuazioa eta scratch) espezializatutako kirolaria da, eta atletismoan aurrera egiteko aukera eten zioten lesio batzuen ondoren erabaki zuen kirol mota honetan jardutea. Atletismoan, Espainiako 100 metroko marka hobetu zuen kadete kategorian, eta txirrindularitzan, Olaberriak Munduko Kopako hainbat probetan parte hartu du (Sidneyn bigarren postua lortuz 2006an eta hirugarren postua Los Angelesen 2007an), bai eta Europako txapelketetan eta Bordeleko, Palma de Mallorcako eta Manchesterreko Mundu-Txapelketetan ere, 2006, 2007 eta 2008 urteetan, hurrenez hurren. Espainiako txapelketetan hainbat domina lortu du: bere arrakastarik oraintsukoena otsailean Palma de Mallorcan eskuratutako lau urrezko dominak izan dira, Euskadiko pista-selekzioak lortutako zazpi garaipenen barruan.

Leire Olaberria izan da "BAT Basque Team"en lehen beka-deialdiari atxikitako kirolarietako bat. Ekimen honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EITB) herri erakundeak sortutako fundazioa Euskadiko goi-mailako kirol ez-profesionalaren erreferentziazko erakunde bilakatu da. Lehen beka hauetan, BATek 500.000 euro baino gehiago banatu ditu Pekingo Joko Olinpikoetan parte hartzen ari diren 24 euskal kirolariei laguntzeko.

Euskadiko ordezkaritza 14 kirolari gipuzkoarrek, 7 bizkaitarrek eta hiru arabarrek osatu dute, eta guztien artean 14 kirol olinpikotan parte hartuko dute: atletismoa, badmintona, eskubaloia, txirrindularitza, gimnasia, hockeya, judoa, borroka, igeriketa, piraguismoa, taekwondoa, triatloia, tiro olinpikoa eta bela. Horrela, espainiar taldea osatzen duten kirolari olinpikoen %8 baino gehiago Euskadiko Autonomia Erkidegokoak dira.

Kultura sailburu eta Basque Team-eko presidente Miren Azkaratek zorionak eman dizkio Leire Olaberriari bere garaipenagatik eta golardoaren garrantzia nabarmendu du. Horrekin batera, Azkaratek enpresek eta erakundeek Basque Team-en bitartez egindako lanaren garrantzia azpimarratu eta lehen fruituak ematen hasia dela ziurtatu du. Ildo honetan, Leire Olaberriaren arrakastari beste bi euskal kirolariren domina gaineratu behar zaiola nabarmendu du -Iker Martinezek eta Xabi Fernandezek belan lortutakoa-, bai eta orain arte erdietsitako diploma batzuk ere (Ander Elosegi, Leire Iglesias, Maider Unda, Asier Maeztu, Unai Elorriaga, Juan Jose Aranburu, Rocío Ybarra, Barbara Malda, Maria López de Eguilaz, Iker Romero eta Jon Belaustegirenak).

Laguntza ekonomikoaz gain -21.000 euro batez beste Joko Olinpiko eta Paralinpikoen edizio honetako partaide bakoitzeko-, "BAT Basque Team"ek aholkularitza teknikoa, medikoa eta prestakuntza alorrekoa ematen die atletei. Naturgas Energia, La Caixa, Igualatorio Médico Quirúrgico eta Cespa-Ferrovial babesle dituen Fundazio honek errendimenduari erreparatu dio 24 bekadunak hautatzerakoan, eta horixe izango da etorkizunean laguntzak mantentzeko gogoan erabiliko duen adierazlea.

Euskadi Kirola Fundazioa eta BATen sorreraz (iazko irailean eta aurreko ekainean, hurrenez hurren), Eusko Jaurlaritzak hobetu egin nahi du euskal kirolariek nazioarteko goi-mailako lehiaketetan duten partaidetza, Erkidegoko enpresak ere inplikatuz kirol jardueraren sustapenean, batez ere gogoan hartuta jarduera honek Barne Produkzio Gordinaren (BPG) %1,9ko ekarpena egiten diola Euskadiko ekonomiari.

BAT BASQUE TEAM-EN BEKA JASO DUTEN KIROLARIAK

OLINPIKOAK     KIROL MOTA
 
MIKEL ODRIOZOLA Atletismoa
NAROA AGIRRE Atletismoa
YOANA MARTINEZ Badmintona
JON BELAUSTEGI Eskubaloia
IKER ROMERO Eskubaloia
IÑAKI LEJARRETA Txirrindularitza
ASIER MAEZTU Pista-txirrindularitza
UNAI ELORRIAGA Pista-txirrindularitza
LEIRE OLABERRIA Pista-txirrindularitza
ALMUDENA CID Gimnasia erritmikoa
MARIA LOPEZ DE EGUILAZ Belar-Hockeya
ROCIO YBARRA Belar-Hockeya
BARBARA MALDA Belar-Hockeya
LEIRE IGLESIAS Judoa
MAIDER UNDA Borroka librea
BORJA IRADIER Igeriketa
ARANTXA RAMOS Igeriketa
MAIALEN CHORRAUT Piraguismoa
ANDER ELOSEGI Piraguismoa
JON GARCIA Taekwondoa
JUAN JOSE ARANBURU Tiro olinpikoa
AINHOA MURUA Triatloia
IKER MARTINEZ Bela
XABI FERNANDEZ Bela

Donostia, 2008ko abuztuaren 22an