Azken eguneratzea: 2007/01/16
Eleaniztasuna enpresaren oraina eta geroa dela adierazi du Patxi Baztarrikak
Buruntzaldeko lan munduan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren aurkezpenean. Euskara plan bat martxan jarri nahi duten enpresa guztiei LanHitz programa-markoak erraztasun guztiak (aholkularitza eta diru laguntzak) eskainiko dizkie. Buruntzaldean, dagoeneko 7 enpresek abiarazi dituzte euskara planak.

"Hizkuntza batek erabiltzaileei eutsiko badie eta berriak irabaziko baditu, zerbaitetarako, ikasteko, lan egiteko, aisialdiko ekintzak burutzeko… balio behar" duela esan du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak Buruntzaldeko lan munduan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren aurkezpenean, gaur Andoainen. Eskualde honetan dagoeneko 7 enpresa ari dira euskara planak garatzen (Latz Kooperatiba Andoainen; Perfiles Selak eta Hator Aholkularitza Hernanin; Victorio Luzuriaga eta S. Izaguirre, Usurbilen; Tximela Astigarragan eta Aduriz Lasarte-Orian); eta aurten beste 24 inguru bisitatuko dituzte Planaren arduradunek beste hainbeste egin dezaten eskainiz.

 

Nabarmendu ondoren eskolan egindako ahaleginak ez daukala lan-munduan "beharko lukeen eta nahiko genukeen" tamainako jarraipenik ("Lan-mundua da, aisialdiarekin batera, eskolaren irteera natural eta ohikoa"), Sailburuordeak esan du erronka horri erantzuteko LanHitz programa-markoa jarri dela martxan.

"Ahalegin horren atzean, hainbat gizarte-agenteren arteko akordioak daude: han daude enpresa buruen elkarteak, langileen sindikatuak, maila eta esparru desberdinetako erakunde publikoak, besteak beste". Eta horien artean, gaineratu du, "Buruntzaldek ere bere ekarpena egin nahi izan du: horren berri ematea da, hain zuzen ere, gaurko ekitaldi honen helburu nagusia".

Nolanahi ere, argitu du ez doazela enpresa guztiak euskarari dagokionean egun batetik bestera, goizetik gauera, "goitik behera aldatzera". "Progresibotasuna, malgutasuna eta zuhurtasuna Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren oinarrizko printzipioak" direla gehitu du, baita lan-munduari eta enpresei dagokienean ere. Alde horretatik, zehaztu du enpresa bakoitzak "askatasun osoan erabakiko" duela euskara plan bat martxan jarri nahi duen ala ez, "zein helburu jartzen dituen, zein erritmotan lortu nahi dituen helburuak, zenbat diru destinatzen duen lan horretara".

LanHitz, malgua eta eraginkorra

Enpresa bakoitzak "bere plan propioa izan" dezan, azaldu du LanHitzek bere esku dauden erraztasun guztiak (aholkularitza eta diru laguntzak) eskaintzen dizkiela euskara plan bat martxan jarri nahi duten enpresa guztiei. Baztarrikaren esanetan, malgutasunaz gain, eraginkortasuna da LanHitz definitzen duen beste adjektibo nagusia. "Izan ere, aholkularitza eta diru laguntzekin batera, propio honetarako prestaturiko tresna metodologiko bat jarri da enpresen esku, konplikaziorik eta kostu handiegirik gabe: Erreferentziazko Marko Estandarra", azaldu du Baztarrikak prentsaurrekoan, bertan honako kideak lagun izan dituela: Antonia Landa, Andoaingo Euskarako  Batzordeko lehendakaria, Txema Mercado, Hernaniko Euskarako  Batzordeko burua,  Juan Mari Iradi, Lasarte-Oriako Euskarako Batzordeko burua, eta Ibon Usarralde, EMUN enpresako ordezkaria.


Sailburuordeak ohartarazi duenez, enpresak "ez dira isla bat" gizartean. Horrexegatik, "eleaniztasuna da enpresaren oraina eta geroa". Enpresek "hizkuntza bat baino gehiago" erabiltzen dituztela gogorarazi du ("enpresa barruan, langileen artean; kanpora begira, bezero, hornitzaile eta erakundeekin), eta "abantaila lehiakor bat irabaziko" dutela euskarari heltzen dioten enpresek, beren zerbitzuari "balio erantsia" emanez, "etengabe berritzeko dinamismoa" erakutsiz. Bere ustez, gisa horretan "enpresak berak" lortuko du "etekinik handiena", euskaraz lan egin nahi duten langileek beren gogo bat "ase ahal izango dutelako", eta zerbitzua "euskaraz jaso nahi duten" bezero eta kontsumitzaileek halaxe jaso ahal izango dutelako. Bezeroak asebetez, amaitu du Baztarrikak, "enpresak irabazten du". "Eta euskarari leku egokia eginez, gizarte integratuago baten alde eta elkarbizitza osasuntsuago baten alde egiten du enpresak.".