Azken eguneratzea: 2010/10/14
Jose Antonio Agirreren heriotzaren 50.urteurrena
Lehenengo lehendakariaren omenezko erakusketa ibiltaria
Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak erakusketa ibiltari bat antolatu du ‘Agirre lehendakaria eta haren Gobernuak’ izenburupean. Erakusketak Euskadiko hiriburu eta herriak bisitatuko ditu, aurreneko lehendakariaren beraren bizimoduaren gorabeherak erakutsiz, bai eta garai hartako hainbat kontu erakutsiz ere, eta XX. mendean hark zuen nortasunaren garrantzi historikoa eta lan politikoa azpimarratuko ditu.
Erakusketa zentratuta dago II. Errepublikaren garaian, Gerra Zibilean eta frankismoaren garaiko erbestealdian 1960. urterarte. Agirre lehendakaria eta haren ondoan izandako 18 kontseilariak omendu nahi ditu, hain zuzen, nazionalista, errepublikar eta komunisten arteko hiru koalizio-gobernuetan: Gernikakoa, 1936an, Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren tragediak bizi izan zituena; Baionakoa, 1946an, Mundu Gerraren ondoan Euskadiratzeko itxaropenari eutsi ziona, eta Parisekoa, 1952an, Frankoren diktadurak ekarritako desengainua jasan behar izan zuena eta Agirreren heriotza goiztiarrarekin amaitu zena.
Patxi López lehendakariak inauguratuko du erakusketa, eta José Luis de la Granja, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna izango da komisarioa. Horretaz gainera, Santiago de Pablo eta Ludger Mees irakasleen lankidetza ere izan da, besteak beste. Erakusketa datorren azaroaren 14 arte egongo da ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoan, eta handik bere ibilbideari ekingo dio, Gasteiz, Getxo, Gernika-Lumo eta Donostian zehar.
Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena –zeina Pariseko erbestealdian hil baitzen 1960an– efemeride egokia da XX. mendeko Euskadiren ikuspegian haren nortasunaren eta lan politikoaren garrantzi historikoa azpimarratzeko. Agirre ez da bakarrik euskal eremuaz haraindiko mugetan, Espainian eta nazioartean, eragina izandako estatuburu lider karismatiko bat; gainera, iragan mendeko euskal politikaririk handiena da, soilik Bilboko diputatu eta II. Errepublikako ministro izandako Indalecio Prieto sozialista buruarekin konpara daitekeena. Bion arteko elkar ulertzea ezinbestekoa izan zen 1936ko urrian Autonomia Estatutua onartzeko eta lehenengo Eusko Jaurlaritza osatzeko, horrek Euskadiren jaiotza instituzionala ahalbidetu baitzuen, Agirreren EAJren eta Prietoren Fronte Popularraren arteko itunaren ondorioz, alegia.
ERAKUSKETAREN IBILBIDEA
BILBO
Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoa
María Díaz de Haro 11. 48013 Bilbo
Urriaren 14tik azaroaren 14ra arte.
VITORIA-GASTEIZ
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola Fundazioko ospakizun-aretoa
Peñafloridako Kondearen plaza 1 01008 Vitoria-Gasteiz
Azaroaren 18tik abenduaren 15era
GETXO
Getxoko Udaleko Fadurako Kiroldegoko aretoak
Makalen hiribidean z/g 48992 Getxo-Algorta
2010eko abenduaren 20tik 2011ko urtarrilaren 9ra
GERNIKA-LUMO
Juntetxeko Beiratearen aretoa. Bizkaiko Batzar Nagusiak
Allende Salazar z/g. 48300 Gernika-Lumo
2011ko urtarrilaren 13tik otsailaren 13ra
DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Kutxako Boulevard Aretoak
Boulevard 1. 20003 Donostia-San Sebastián
2011ko otsailaren 17tik martxoaren 6ra