|
Patxi Baztarrika: Aukera berri bat sortu eta beste bide bat gehiago ireki diogu euskarari, hizkuntza erabilia izateko.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarri du gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa, hamabost hilabete barru, testu orokor ez-espezializatuak itzuliko dituen espainiera-euskara itzulpen automatikoko tresna errealitatea izango da, horretara iristeko Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lehiaketa publikoa egin du arloko enpresen artean eta kontratua Lucy Software enpresari adjudikatu zaio. Kontratua burutzeko itzulpen automatikoan espezializatutako Alemaniako Lucy software etxeak Euskal Herriko hiru enpresarekin lan egingo du, hain zuzen ere Emergiatech, UZEI eta Gizerbitek enpresekin. Eusko Jaurlaritzak 395.000 euro inbertituko ditu egitasmoa hau gauzatzeko eta honen barruan, erreminta hornitzea, ezartzea eta hasierako mantentzea sartzen dira.
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak itzultzaile automatikoaren aurkezpenean tresna honek eta oro har informazio eta komunikazio teknologiek (IKT) euskararentzat duten garrantzia azpimarratu nahi izan du. Bere hitzetan, denbora asko baino lehen, teknologiak izango dira, herri garatu eta ez garatuak ez ezik, hizkuntza garatu eta ez garatuak ere bereiztuko dituztenak. Euskarak beste hizkuntzen artean, hizkuntza garatuen artean, leku egokia aurkitu eta sendotuko badu, garai berriko teknologia hauetaz baliatzen den neurrian bakarrik aurkituko du. Ez gaude geldi, ondo goaz, aurrerantz goaz argi eta garbi. Gaur egun euskarak hizkuntz teknologien tresnerian duen presentzia euskal hiztunen kopuruak munduko biztanleen artean duen pisuaren arabera legokiokeena baino askoz altuagoa da. Nolanahi ere, euskararen tokia beti izango da txikia sare horietan, ez dezagun garenaren neurria ahantzi. Kontua da aukera guztiak baliatzeko gai izan behar dugula, ahal dugun neurririk handienean.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak emandako aurrera pausua azaldu eta teknologia hauen garapenean eta aukera hauen erabileran jarri du gakoa, Eusko Jaurlaritzak egin du egin beharrekoa, beste aukera berri bat gehiago sortu euskara erabiltzeko, euskara hizkuntza modernoa izateko, teknologiak euskararen zerbitzuan jartzeko, euskarak beste edozein hizkuntza modernok dauzkan tresnetariko bat (itzultzaile automatikoa) edukitzeko. Aukera berri bat sortu eta beste bide bat gehiago ireki diogu euskarari, hizkuntza erabilia izateko. Herritarrei dagokie aukera horiek baliatzea, aukera horiek erabiltzea. Orain dagoenekoz tresna teknologiko asko daude euskaraz: horiek erabiltzera animatu nahi ditut herritarrak. Urte eta erdi barru itzultzaile automatikoa izango da. Erabiltzeko aukerak sortu eta erabiltzeko aukerak baliatu: bi hanka horien gainean egin dezake aurrerantzerako bidea euskarak. Hori geure esku dago.
Euskara informazio eta komunikazio teknologietan egoki txertatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 4.740.723 euro inbertitu ditu azken hiru urte hauetan (2006, 2007,2008), horietatik 3.990.723 euro IKT deialdiaren barruan eta beste 1.450.000 euro tresnak, lanabesak, sofware-lokalizazioak eta antzeko egitasmoak bideratzeko.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lehen itzultzailea hiru modutara erabiliko da: Interneten testu laburrak itzultzeko, webguneak itzultzeko, hau da web gune baten edukiak itzultzeko, eta Jaurlaritzako intranetaren bidez, testu luzeagoak itzultzeko; azken horiek giza zuzenketa izango dute eta, horrela, sistema elikatzeko erabiliko dira. Gaztelania-euskara itzultzeko erreminta hau lehen pausua izango da, ostean bestelako garapenekin jarraitzeko: euskara-gaztelania, euskara-ingelera, ingelera-euskara, euskara-frantsesa, frantsesa-euskara, eta abar.
Itzulpen automatikoa euskarak behar duen garapen teknologiko garrantzitsua da eta, hori dela eta bai Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian bai Euskadi Informazioaren Gizartean Planean jasotako arloa da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak urteak daramatza lanean hori garatze aldera. Prozesu luzea izan da Eusko Jaurlaritzarentzat itzultzaile automatikoaren proiektua abian jarri arte. Izan ere, proiektua asko landu behar izan da, gure hizkuntzaren garapen-maila, hizkuntza handiekin konparatuz gero, askoz ere apalagoa delako.
Itzultzaile tresna garatzeari zuzendutako lehiaketan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak proposatutako itzulpen-eredua, aurreikusten den itzulpenaren kalitatea, sistemaren arkitektura, proiektuan erabiliko diren hizkuntza-baliabideak, sistema kudeatzeko eta mantentzeko erabiliko diren erremintak, prestakuntza, ezagutzaren transferentzia eta aurkeztuko duten dokumentazio teknikoa; eta, lantaldearen antolaketa aztertu ditu eta horren ondoren aipatutako egitasmoari eman zaio kontratua.
Kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duen tresna testu orokor ez-espezializatuak itzultzeko dela, eta kontuan izanda, itzulpen-memorietan oinarritzeko sistema eraikitzeko nahiz eredu estatistikoak aplikatzeko, euskaraz corpus handia beharko litzatekeela eta, oraingoz, corpus hori mugatua eta murriztua dela, aukeratu den eredua da arauetan eta transferentzian oinarrituta emaitza hobeak emango dituena. Izan ere, asko baloratu da oinarrizko hizkuntzaren, hau da gaztelaniaren, analisi indartsua duen sistema izatea. Ezaugarri horiek ematen dituen teknologia Lucy Software enpresarena da. Gainera, sistemak itzulpen-memoriak kudeatzeko motorea ere badu integratuta, beraz corpusa handitzeaz eta hobetzeaz batera baliabide hori ere erabili ahal izango da.
Prentsaurreko osoa (pdf, Kb)
|