Azken eguneratzea: 2009/04/01
IAT: 2008ko datuak
2008. urtean Ibilgailuen Azterketa Teknikoan izandako emaitzak ezagutaraztea da txosten honen helburua. Euskal Autonomia Erkidego osoko emaitzak biltzen dira txosten honetan, eta I. eranskinean, aldiz, Lurralde Historiko bakoitzari buruzko datuak, ITV-IAT Zerbitzuaren Kontzesionarioek egindako azterketak aintzat hartuta.

1.- EAEko ITV-IAT ESTAZIOEN SAREA

Euskadin 8 ITV-IAT estazio ditugu eta honela banatuta daude lurraldearen arabera:

  • 1 Araban: Jundizen.
  • 3 Gipuzkoan: Urnietan, Bergaran eta Irunen.
  • 4 Bizkaian: Arrigorriagan, Trapagaranen, Zamudion eta Zornotzan.

ITV-IAT Zerbitzuaren Kontzesionarioekin lortutako akordioaren ondorioz, bakoitzak ITV-IAT estazio bat irekiko du. Estazio horiek Gipuzkoan (Zestoa eta Olaberria) eta Bizkaian (Sopelana eta Zalla) eraikiko dira eta espero da 2010eko udaberrian operatibo egongo direla. Horretarako, honezkero lurrak erosita daude eta estazio berri bakoitzaren obren aurregitasmoak aurkeztuta daude.

 

2.- LEHEN AZTERKETAK

Ibilgailuaren kategoriaren arabera ezarritako aldizkakotasunari jarraiki, ibilgailu bat ITV-IAT estazio batera lehen aldiz eramateari esaten zaio "lehen azterketa".

Ekainaren 9ko 711/2006 Errege Dekretuak zenbait aldaketa ekarri zituen; besteak beste bi gurpileko ziklomotorrek IAT azterketa nahitaez egin beharra, eta motozikleten kasuan, lehen azterketa 5 urteak betetzean egin beharrean 4 urteak betetzean egin beharra.

Euskadin hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna daukaten ziklomotor guztiek aldizkako azterketa teknikoa eginda behar zuten 2008ko urtarrilaren 1erako, horrela finkatu baitzen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko otsailaren 13ko Aginduan.

2.1.- ALDIZKAKO LEHEN AZTERKETEN BILAKAERA

2008. urtean egindako aldizkako lehen azterketen kopuruak gora egin du 2007koen aldean. Hori horrela izanik, 1995. urtetik aurrerako goranzko joerari eutsi zaio berriz ere, 2006. urtean pixka bat eten egin bazen ere. Guztira 541.211 ibilgailu bertaratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko estazioetara aldizkako azterketa egitera.

Honako grafiko eta taula honetan bildu ditugu emaitzak. 1995. urtetik 2008. urtera bitarteko datuak alderatuta, aldizkako lehen azterketen bolumena % 90 handitu da.

Azken urteko hazkundea % 4,13 izan da 2007ko datuei dagokienez.

2.1. taula - Aldizkako lehen azterketen bilakaera (pdf, 23 Kb)

 

2.2.- ERREFUSATZEA ETA ATZEMANDAKO ANOMALIAK

Aztertutako ibilgailuari zein bidearen gainerako erabiltzaileei begira, bide-segurtasuna arriskuan jar dezakeen edozein gorabehera hartuko da anomaliatzat. Hiru mailatan sailkatzen dira: arinak, larriak eta oso larriak.

Anomalia arinek ez dute eragozten ibilgailua ibiltzea, baina ibilgailuaren titularrak anomalia horiek albait arinen zuzendu behar ditu. Anomalia arinen kasuan, azterketaren emaitza positiboa da, eta ibilgailua ez da IAT estaziora berriz eraman behar anomaliak konpondu direla egiaztatzeko.

Anomaliak larriak badira, azterketan ibilgailua errefusatu egingo da, eta konponduko duten tailerrerainoko ibilbidea soilik egiteko baimena du bide publikoetatik barrena; azterketara eraman beharko da berriz ere anomalia larri horiek zuzendu direla egiaztatzeko.

Anomaliak oso larriak badira, ibilgailua estazioan geraraziko dute, eta atoian edo beste ibilgailu batean kargatuta soilik eraman ahal izango dute tailerreraino; anomalia larrien kasuan bezalaxe, konpondu ostean berriro eraman beharko dute azterketara.

Jarraian, izandako errefusatzeei eta horietan atzemandako anomaliei buruzko datuak azalduko ditugu.

2.2. taula - Aldizkako lehen azterketan errefusatzea (pdf, 27 Kb)

Errefusatutako ibilgailuen kopurua egonkorra izan da, % 16tik % 18ra bitartekoa, azken bi urteetan izan ezik; urte horietan, % 15 izan da ibilgailu errefusatuen proportzioa. Zehazki, errefusatutako ibilgailuen indizea 2008. urtean % 15,05 izan da. Azpimarratu behar da indize horretan nolabaiteko eragina izan duela aldizkako azterketak egitera behartuta dauden ibilgailuen taldean ziklomotorrak sartu izana, izan ere, horiek ez bagenituzke azterketa honetan sartuko, 2008ko errefusatuen indizea % 14,74 izango litzateke, azken urteotako beheranzko joerarekin jarraituz.

Azken lau urteotan esfortzu handia egin dugu Azterketa Eskuliburuak berrikustearren eta IATko estazioetan irizpideak homogeneizatzearren; horren ondorioz hiru Lurralde Historikoetan errefusatutako ibilgailuen proportzioak oso antzekoa izan dira, I. eranskineko 2.2. taulako datuetan ikus daitekeenaren arabera. Datu horiek grafiko honetan bildu ditugu:

2.2.2. grafikoa - Errefusatze ehunekoa lurralde historikoaren arabera (pdf, 17 Kb)

Errefusaturiko ibilgailu bakoitzeko anomalia larrien kopurua nabarmen jaitsi da 2002. urtetik aurrera. 2008an maila horri eutsi zaio errefusaturiko ibilgailu bakoitzeko 1,88 anomalia larrirekin.

 

2.3.- KAMIOIAK, AUTOBUSAK ETA MOTOZIKLETAK

Ondorengo taulan, aldizkako lehen azterketen kopuruari eta izandako errefusatzeen ehunekoari dagozkien datuak adierazten dira beste ibilgailu-kategoria batzuentzat, esate baterako: kamioiak (bi kategoriatan banatuta, gehieneko masa 3,5 tonatik gorakoa eta beherakoa dutenak), autobusak (eskolakoak eta gainerakoak) eta motozikletak:

2.4. taula - Aldizkako lehen azterketak eta errefusatzeak (pdf, 13 Kb)

 

3.- BIGARREN AZTERKETAK

Lehen azterketan errefusatu duten ibilgailu bati atzemandako anomaliak zuzendutakoan egiten zaion azterketa hartzen da "bigarren azterketatzat".

3.1.- BIGARREN AZTERKETA EGITEN DUTEN IBILGAILUAK

Oro har, ibilgailua lehen azterketan errefusatzen badute, bigarren azterketa doakoa izaten da, betiere lehen azterketatik zenbatzen hasita 30 eguneko epea gainditzen ez bada.

2008. urtean 78.170 bigarren azterketa egin dira, eta horrek esan nahi du lehen azterketan errefusatutako 81.498 ibilgailuetatik % 95,91 berriz aztertu dituztela.

Pentsa liteke bigarren azterketara eraman ez dituzten 3.328 ibilgailuei titularrek baja eman dietela, konponketari ez ziotelako errentagarri irizten. Lehen azterketara eramandako ibilgailu guztien % 0,61 da kopuru hori.

 

4.- ANOMALIA NAGUSIAK

IATko azterketetan atzemandako anomalia arruntenen azterketa estatistikoa egite aldera, anomaliak 10 taldetan egituratu ditugu. Banaketa horren arabera lehen azterketan honako anomalia-ehuneko hauek atera dira:

4.1. taula - Atzemandako anomaliak taldearen arabera (pdf, 30 Kb)

4. grafikoa - Atzemandako anomaliak, 2008. urtea (pdf, 17 Kb)

Aurreko datu horiei erreparatuta, azken urte hauetan anomalia talde bakoitzaren eraginari eutsi egin zaiola ikus daiteke, eta anomalia guztien % 80 soilik 4 taldetan biltzen direla: 4., 6., 8. eta 9.ean.

ARGIAK ETA SEINALEAK taldeak du maiztasunik handiena, atzemandako anomalia guztien % 35,96rekin. Talde horretan sartzen dira honako hauek: argi luzeak, argi laburrak, argi txikiak, matrikularen argia, lainotako argiak, balazta-argiak, matxura-argiak, atzera-martxaren argiak, matrikula-argiak, galibo-argiak, maniobra-argiak, argi keinukariak eta larrialdi-argiak, baita aginte-panelaren argiak, katadioptrikoak, klaxonak, taxien adierazleak eta bestelako seinaleak ere; horien guztien funtzionamendua zein intentsitatea, doikuntza, kolorazioa eta homologazioa  aztertzen dira. Talde oso zabala da, zalantzarik gabe, eta elementu asko -lanparak, esaterako- aldizka berritu behar izaten dira. Dena den, azpimarratzekoa da sistema horiek bide-segurtasunean duten garrantzia, gidariarentzat berarentzat -gaueko ikuspena- nahiz gainerako gidarientzat -beste gidariek zeu ikustea, itsutzeak edo automobila izan ordez motozikleta dela uste izatea-.

Bigarren lekuan ARDATZAK, GURPILAK, PNEUMATIKOAK ETA ESEKIDURA taldea dugu, % 17,87 ko eraginarekin atzemandako anomalien guztirakoan. Ibilgailuak biderako duen laguntza-sistema osoa sartzen da talde horretan: ardatz, mangeta eta errodamenduak nahiz esekidura (motelgailuak, baleztak…) eta pneumatikoak.

Ehunekoei erreparatuta, BASTIDOREA, MOTORRA, TRANSMISIOA da hurrengo taldea, atzemandako anomalien % 12,99 rekin; honako hauei dagozkien anomaliak sartzen dira talde horretan:

  • Erregai-elikadurako sistema
  • Motorra eta bastidorerako dituen finkapenak
  • Transmisioa, haren errotulak eta hauts-babesak

BALAZTAK taldeak antzemandako anomalien % 13,70 biltzen du, eta bertan sartzen dira balaztatzearekin (zerbitzukoa, geratzekoa, inertziakoa, elektrikoak…) lotutako anomalia guztiak, baita haren zirkuitu eta eragingailuei lotutakoak ere.

 

5.- AZTERTUTAKO PARKEAREN ANTZINATASUNA. 2008. URTEA

5. taulan aurkeztuko ditugu aztertutako ibilgailuen antzinatasunaren araberako datuak, baita azterketetan lortutako emaitza orokorrak ere.

5. taula - Emaitzak ibilgailuaren antzinatasunaren arabera (pdf, 11 Kb)

 

6.- ZIKLOMOTORRAK

2008ko apiriletik aurrera, 2 gurpildun eta 3 urteko antzinatasuna duten ziklomotorrak nahitaezko azterketa teknikoa egiten hasi dira ibilgailuen azterketa teknikoko zerbitzuaren enpresa emakidadunek prestatutako IATko estazio mugikorretan. Guztira Autonomia Erkidegoko 44 udalerritara (8 Araban, 16 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan) hurbildu diren unitateak azterketa egiteko aukera eman diete ibilgailu horiei, normalean ibilgailu horiek udalerrian bertan ibil baitaitezke soilik eta gainera bide azkarretatik zirkulatzeko murrizketak izaten dituzte batzuetan, abiadura mugatua dutelako.

Honako hauek izan dira IAT mugikorrek bisitatu dituzten udalerriak:

  • Araba: Amurrio, Laudio, Agurain, Kanpezu, Pobes, Murgia, Lantziego eta Navaridas.
  • Bizkaia: Basauri, Galdakao, Bilbao, Sopelana, Plentzia, Mungia, Leioa, Erandio, Getxo, Karrantza Harana, Zalla, Ermua, Ondarroa, Gernika, Bermeo eta Lekeitio.
  • Gipuzkoa: Azpeitia, Deba, Eibar, Getaria, Zumaia, Zumarraga, Oñati, Azkoitia, Zarautz, Mutriku, Oiartzun, Lezo, Errenteria, Tolosa, Lasarte-Oria, Usurbil, Beasain, Orio, Villabona eta Astigarraga.

2008. urtean ziklomotorrei egindako azterketen kopurua, Lurralde Historikoen arabera, honako hau izan da:

ALDIZKAKO LEHEN AZTERKETAK

  • ARABA: 897
  • BIZKAIA: 2.720
  • GIPUZKOA: 3.855
  • Guztira: 7.472
  • Errefusatzea: 2.774
  • Errefusa %: 37,13%

7.472 azterketa teknikoetatik IAT mugikorretan egin dira 1.567 azterketa ziklomotorrenak, hau da, guztizkoaren % 21.

Lehen azterketan 2.774 ziklomotor errefusatu dituzte, hau da, aldizkako azterketa egiten duten ibilgailuen % 37,13. Errefusatutako ziklomotorren %43k gehienezko abiadura gainditzen dute azterketan egindako saioan (50 cc.-tik beherako zilindrada duten ibilgailuentzako gehieneko abiadura 45 Km/h). Ondoren honako anomalia hauek daude: argien eta seinaleenak (% 29), emisio kutsatzaileenak, zarata barne, (% 9), ardatz, gurpil, pneumatiko eta direkzioan (% 6), eta ibilgailuaren identifikazioan (% 5).

2009. urterako aurreikusi da IAT mugikorrak 45 udaletara bertaratuko direla (8 Araban, 16 Bizkaian eta 21 Gipuzkoan), unitate mugikorrak estazio finkoetatik urrun dauden udalerrietara hurbiltzearren.

 

7.- BESTE AZTERKETA BATZUK

TAXIMETROAK EGIAZTATZEA

ITV-IAT estazioetan taximetroen egiaztapen metrologikoa egiten da, jarri berritan zein aldizkakoak.

Taximetroen aldizkako egiaztapenak eta abian jartzearenak: 2.479.
Errefusatu 36 egin dira, hau da, errefusatuen % 1,45.

 

I. eranskina - Datuak lurralde historikoaren arabera (pdf, 67 Kb)

II. eranskina - Aldizkako azterketei dagozkien IAT-ko tarifak (pdf, 31 Kb)

 

Bilbao, 2009ko martxoaren 30a