|
2007. urtean Ibilgailuen Azterketa Teknikoan izandako emaitzak ezagutaraztea da txosten honen helburua.
Euskal Autonomia Erkidego osoko emaitzak biltzen dira txosten honetan, eta I. eranskinean, aldiz, Lurralde Historiko bakoitzari buruzko datuak, ITV-IAT Zerbitzuaren Kontzesionarioek egindako azterketak aintzat hartuta.
1.- EAEko ITV-IAT ESTAZIOEN SAREA
Euskadin 8 ITV-IAT estazio ditugu eta honela banatuta daude lurraldearen arabera:
-
1 Araban: Jundiz.
-
3 Gipuzkoan: Urnieta, Bergara eta Irun.
-
4 Bizkaian: Arrigorriaga, Trapagaran, Zamudio eta Zornotza.
Eraiki beharreko instalazio berriak 2009. urterako martxan egongo direlakoan gaude.
2.- LEHEN AZTERKETAK
Ibilgailuaren kategoriaren arabera ezarritako aldizkakotasunari jarraiki, ibilgailu bat ITV-IAT estazio batera lehen aldiz eramateari esaten zaio "lehen azterketa".
Ekainaren 9ko 711/2006 Errege Dekretuak zenbait aldaketa ekarri zituen; besteak beste bi gurpileko ziklomotorrek IAT azterketa nahitaez egin beharra, eta motozikleten kasuan, lehen azterketa 5 urteak betetzean egin beharrean 4 urteak betetzean egin beharra.
Euskadin, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera ziklomotorrek nahitaez egin behar dute azterketa eta, beraz, horrek ez du 2007ko datuetan eraginik izango.
2.1- ALDIZKAKO LEHEN AZTERKETEN BILAKAERA
2007. urtean egindako aldizkako lehen azterketen kopuruak gora egin du 2006koen aldean. Hori horrela izanik, 1995. urtetik aurrerako goranzko joerari eutsi zaio berriz ere, 2006. urtean eten egin bazen ere. Guztira 519.727 ibilgailu bertaratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko estazioetara azterketa egitera.
Honako grafiko eta taula honetan bildu ditugu emaitzak. 1995. urtetik 2007. urtera bitarteko datuak alderatuta, aldizkako lehen azterketen bolumena % 82 handitu da.
Azken urteko hazkundea % 5,99 izan da 2006ko datuei dagokienez.
2.1 taula.- Aldizkako lehen azterketen bilakaera (pdf, 62 Kb)
2.2- ERREFUSATZEA ETA ATZEMANDAKO ANOMALIAK
Azterturiko ibilgailuari zein bidearen gainerako erabiltzaileei begira, bide-segurtasuna arriskuan jar dezakeen edozein gorabehera hartuko da anomaliatzat. Hiru mailatan sailkatzen dira: arinak, larriak eta oso larriak.
Anomalia arinek ez dute eragozten ibilgailua ibiltzea, baina ibilgailuaren titularrak anomalia horiek albait arinen zuzendu behar ditu. Anomalia arinen kasuan, azterketaren emaitza positiboa da, eta ibilgailua ez da IAT estaziora berriz eraman behar anomaliak konpondu direla egiaztatzeko.
Anomaliak larriak badira, azterketan ibilgailua errefusatu egingo da, eta konponduko duten tailerrerainoko ibilbidea soilik egiteko baimena du bide publikoetatik barrena; azterketara eraman beharko da berriz ere anomalia larri horiek zuzendu direla egiaztatzeko.
Anomaliak oso larriak badira, ibilgailua estazioan geraraziko dute, eta atoian edo beste ibilgailu batean kargatuta soilik eraman ahal izango dute tailerreraino; anomalia larrien kasuan bezalaxe, konpondu ostean berriro eraman beharko dute azterketara.
Jarraian, izandako errefusatzeei eta horietan atzemandako anomaliei buruzko datuak azalduko ditugu.
2.2 taula.- Aldizkako lehen azterketan errefusatzea (pdf, 65 Kb)
Errefusatutako ibilgailuen kopurua egonkorra izan da, % 16tik % 18ra bitartekoa, 2007. urtean izan ezik; urte horretan, % 14,82 izan da ibilgailu errefusatuen proportzioa.
Azken hiru urteotan esfortzu handia egin dugu Azterketa Eskuliburuak berrikustearren eta IATko estazioetan irizpideak homogeneizatzearren; horren ondorioz hiru Lurralde Historikoetan errefusatutako ibilgailuen proportzioak oso antzekoa izan dira, I. eranskineko 2.2 taulako datuetan ikus daitekeenaren arabera. Datu horiek grafiko honetan bildu ditugu:
2.2.2 grafikoa.- Errefusatze ehunekoa Lurralde Historikoaren arabera (pdf, 31 Kb)
Errefusaturiko ibilgailu bakoitzeko anomalien kopurua nabarmen jaitsi da 2002. urtetik aurrera. 2007an maila horri eutsi zaio errefusaturiko ibilgailu bakoitzeko 1,90 anomalia larrirekin.
2.3 taula.- Anomalia larriak errefusaturiko ibilgailu bakoitzeko (pdf, 59 Kb)
2.3.- KAMIOIAK, AUTOBUSAK ETA MOTOZIKLETAK
Ondorengo taulan aldizkako lehen azterketen kopurua eta beste ibilgailu batzutan -kamioiak (bi mailatan bananduta: 3,5 tonatik gorakoak eta 3,5 tonatik beherakoak), autobusak (eskoletakoak eta gainontzekoak) eta motozikletak- izandako errefusatze porzentaiari buruzko datuak azaltzen dira.
2.4 taula.- Aldizkako lehen azterketak eta errefusatuak (pdf, 61 Kb)
3.- BIGARREN AZTERKETAK
Lehen azterketan errefusatu duten ibilgailu bati atzemandako anomaliak zuzendutakoan egiten zaion azterketa hartzen da "bigarren azterketatzat".
3.1- BIGARREN AZTERKETA EGITEN DUTEN IBILGAILUAK
Oro har, ibilgailua lehen azterketan errefusatzen badute, bigarren azterketa doakoa izaten da, betiere lehen azterketatik zenbatzen hasita 30 eguneko epea gainditzen ez bada.
2007. urtean 73.584 bigarren azterketa egin dira, eta horrek esan nahi du lehen azterketan errefusaturiko 77.023 ibilgailuetatik % 95,54 berriz aztertu dituztela.
Pentsa liteke bigarren azterketara eraman ez dituzten 3.439 ibilgailuei titularrek baja eman dietela, konponketari ez ziotelako errentagarri irizten. Lehen azterketara eramandako ibilgailu guztien % 0,66 da kopuru hori.
4.- ANOMALIA NAGUSIAK
IATko azterketetan atzemandako anomalia arruntenen azterketa estatistikoa egite aldera, anomaliak 10 taldetan egituratu ditugu. Banaketa horren arabera lehen azterketan honako anomalia-ehuneko hauek atera dira:
4.1 taula.- Atzemandako anomaliak taldearen arabera (pdf, 78 Kb)
4. grafikoa- Atzemandako anomaliak, 2007. urtea (pdf, 61 Kb)
Aurreko datu horiei erreparatuta, azken urte hauetan anomalia talde bakoitzaren eraginari eutsi egin zaiola ikus daiteke, eta anomalia guztien % 80 soilik 4 taldetan biltzen direla: 4., 6., 8. eta 9.ean.
ARGIAK ETA SEINALEAK taldeak du maiztasunik handiena, atzemandako anomalia guztien % 35,98rekin. Talde horretan sartzen dira honako hauek: argi luzeak, argi laburrak, argi txikiak, matrikularen argia, lainotako argiak, balazta-argiak, matxura-argiak, atzera-martxaren argiak, matrikula-argiak, galibo-argiak, maniobra-argiak, argi keinukariak eta larrialdi-argiak, baita aginte-panelaren argiak, katadioptrikoak, klaxonak, taxien adierazleak eta bestelako seinaleak ere; horien guztien funtzionamendua zein intentsitatea, doikuntza, kolorazioa eta homologazioa aztertzen dira.
Talde oso zabala da, zalantzarik gabe, eta elementu asko -lanparak, esaterako- aldizka berritu behar izaten dira. Dena den, azpimarratzekoa da sistema horiek bide-segurtasunean duten garrantzia, gidariarentzat berarentzat -gaueko ikuspena- nahiz gainerako gidarientzat -beste gidariek zeu ikustea, itsutzeak edo automobila izan ordez motozikleta dela uste izatea-.
Bigarren lekuan ARDATZAK, GURPILAK, PNEUMATIKOAK ETA ESEKIDURA taldea dugu, % 17,07ko eraginarekin atzemandako anomalien guztirakoan. Ibilgailuak biderako duen laguntza-sistema osoa sartzen da talde horretan: ardatz, mangeta eta errodamenduak nahiz esekidura (motelgailuak, baleztak…) eta pneumatikoak.
Ehunekoei erreparatuta, BASTIDOREA, MOTORRA, TRANSMISIOA da hurrengo taldea, atzemandako anomalien % 14,06rekin; honako hauei dagozkien anomaliak sartzen dira talde horretan:
- Erregai-elikadurako sistema.
- Motorra eta bastidorerako dituen finkapenak.
- Transmisioa, haren errotulak eta hauts-babesak.
BALAZTAK taldeak antzemandako anomalien % 13,59 biltzen du, eta bertan sartzen dira balaztatzearekin (zerbitzukoa, geratzekoa, inertziakoa, elektrikoak …) loturiko anomalia guztiak, baita haren zirkuitu eta eragingailuekin loturikoak ere.
5.- AZTERTURIKO PARKEAREN ANTZINATASUNA. 2007. URTEA
5. taulan aurkeztuko ditugu azterturiko ibilgailuen antzinatasunaren araberako datuak, baita azterketetan lorturiko emaitza orokorrak ere.
5. taula.- Emaitzak ibilgailuaren antzinatasunaren arabera (pdf, 87 Kb)
6.- ZIKLOMOTORRAK
APIRILEAN HASIKO DIRA ZIKLOMOTORREN AZTERKETA TEKNIKOAK EUSKO JAURLARITZAK PRESTATURIKO IATko ESTAZIO MUGIKORRETAN.
Apirilatik aurrera, 2 gurpildun eta 3 urteko antzinatasuna duten ziklomotorrek nahitaezko azterketa teknikoa egin ahal izango dute ibilgailuen azterketa teknikoko zerbitzuaren enpresa emakidadunek prestaturiko IATko estazio mugikorretan. Guztira Autonomia Erkidegoko 48 udalerritara (8 Araban, 15 Bizkaian eta 25 Gipuzkoan) hurbilduko diren unitateak azterketa egiteko aukera emango diete ibilgailu horiei, normalean ibilgailu horiek udalerrian bertan ibil baitaitezke soilik eta gainera bide azkarretatik zirkulatzeko murrizketak izaten dituzte batzuetan, abiadura mugatua dutelako.
Horregatik erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak (ibilgailuen azterketa teknikoko zerbitzuaren enpresa emakidadunekin batera) joan den urtearen amaiera aldera, unitate mugikor horiek prestatzea komeni zela, IATko estazio finkoetatik urrun dauden herrietara hurbil daitezen. Udalerrietako erakundeekiko lankidetza herritarren mesederako izango da, betebehar hori bete ahal izango baitute joan-etorri handiak egin behar izan gabe.
Halaber, ez dugu ahaztu behar 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera bi gurpildun eta 3 urteko antzinatasuna duten ziklomotorrentzat nahitaezkoa dela azterketa teknikoa egitea; bestela, ibilgailu horien gidariei zigorra jarri ahal izango die trafiko-poliziak. Bi gurpildun ziklomotorren azterketa teknikoak kutsadura akustikoa eta abiadura-muga ere kontrolatzen ditu, segurtasun- eta seinaleztapen-elementuez gain.
Programaturiko bisita-egunetan egin ahal izango da azterketa teknikoa, unitate mugikorrek bisitatuko dituzten herrien artean norberaren bizilekutik hurbilen dagoen herrian. Horretarako, aldez aurretik txanda eskatu ahal izango da IAT estazio finkoetako telefonoetara deituta, betiere bisitatuko diren udalerrien honako banaketa hori jarraiki:
APPLUS ITEUVE EUSKADI, S.A.
-
IAT estazioa JUNDIZ (Tel.: 945-290510)
Kanpezu, Guardia, Oion, Erriberagoitia, Agurain eta Zuia.
-
IAT estazioa BERGARA (Tel.: 943-760490)
Arrasate, Azpeitia, Deba, Eibar, Elgoibar, Getaria, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
-
IAT estazioa ARRIGORRIAGA (Tel.: 94-6711262)
Amurrio, Basauri, Bilbo, Galdakao eta Laudio.
-
IAT estazioa ZAMUDIO (Tel.: 94-4522020)
Erandio, Getxo, Leioa, Mungia, Plentzia eta Sopela.
ITELINK, S.A.
-
IAT estazioa ZORNOTZA (Tel.: 94-6308833)
Bermeo, Ermua, Gernika-Lumo eta Ondarroa.
-
IAT estazioa TRAPAGA (Tel.: 94-4781214)
Karrantza Harana eta Zalla.
TÜV RHEINLAND IBÉRICA, S.A.
-
IAT estazioa IRUN (Tel.: 943-626300)
Errenteria eta Hondarribia.
-
IAT estazioa URNIETA (Tel.: 943-550000)
Abaltzisketa, Andoain, Beasain, Berrobi, Donostia, Gabiria, Hernani, Ikaztegieta, Itsasondo, Lasarte-Oria, Orio, Segura, Tolosa eta Villabona.
I. eranskina: datuak Lurralde Historikoaren arabera (pdf, 92 Kb)
II. eranskina: aldizkako azterketei dagozkien IAT-ko tarifak eta IAT zigorrak (pdf, 69 Kb)
Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 25a
|