Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak Euskadiren irudi turistiko berria aurkeztu du gaur Bruselan, Europako erakundeen aurrean. Eskualdeetako Lantaldearen egoitzan egin den ekitaldira 250 pertsona bertaratu dira gutxi gorabehera, besteak beste Europako erakunde eta eskualdeetako, diplomaziako eta sektore turistikoko enpresetako ordezkariak, eta Bilboko Athletic Clubeko espedizioa, bihar partida jokatuko baitu Belgikako hiriburuan, Europa League lehiaketaren barruan.
Eskualdeetako Lantaldeko ordezkari Pablo Cornidek ongietorria eman die ekitaldira bertaratu direnei, eta jarraian ETBko kazetari Vanessa Sanchezek bere gain hartu du ekitaldiaren aurkezpena. Euskadik Bruselan duen ordezkari Marta Marinek, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari Guillermo Echeniquek eta Bilboko Athletic Clubeko presidente Fernando García Macuak ere esku hartu dute ekitaldian.
Bernabé Unda sailburuak Euskadiren alderdi interesgarri nagusiak aurkeztu dizkie bertaratu direnei, eta, bide batez, Euskadi bisitatzeko gonbidapena egin die, horiek guztiak bertatik bertara ezagutzeko. "Asmo bakar batekin etorri naiz: zuei gure lurra bisitatzeak merezi duela sinistaraztea. Euskadira etortzeak premiazkoa izan behar du zuentzat guztiontzat" adierazi du, erkidegoko baliabide turistiko nagusiak gogora ekartzeaz gainera: Guggenheim Museoa, hiru hiriburuetako hirigune historikoak, euskal kostaldea, gure gastronomia eta Arabako Errioxako ardoak eta abar.
Sailburuak aditzera eman die aurkezpenera bertaratu diren 250 pertsonei Euskadi lur industriala dela, indartsua arlo ekonomikoan, eta, horregatik, "negozioak egiteko edo gozamenerako, edo are hobeto, bi jarduerak uztartzeko", Euskadi bisitatzeak benetan merezi duela.
Eskualdeetako Lantaldearen atarian, Europako zenbait eskualdetako eta Europako erakundeetako ordezkariak bildu dira, baita Belgikan bizi diren zenbait euskaldun ere. Eta, ekitaldia amaitzeko, Juan Maria Arzakek ekitaldirako pentsatu dituen sorkuntzak dastatzeko aukera izan dute guztiek.
Egun hauetan, Athletic Clubeko plantilla, Bruselako egonaldian, Euskadiren marka turistikoa hedatzen laguntzen ari da, zenbait ekintzaren bitartez: horretarako diseinatutako gorbatak eta bidaia-poltsak daramatzate, futbol-taldearen autobusa Euskadiko turismoaren irudiarekin errotulatu da, eta marka azaltzen ari da jokalariak parte hartzen ari diren ekitaldietan.
Gaurko ekitaldia, Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzak 2016an Kulturaren Europar Hiriburua izateko Donostiako hautagaitzari buruz antolatu duen hitzaldiaren biharamunean egin da.
Bruselako ekitaldia bigarren eskala da Euskadiren marka turistikoaren aurkezpenean. Lehen eskala urtarrilaren 20an egin zen, Madrilgo Burtsan.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 24a