Ertzaintza astelehenean hasiko da lanean Hendaiako polizia-etxe bateratuan, Segurtasun Batzordeak abenduan egindako bileran adostu zuen bezala; batzar hartan, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak hartu zuten parte. Hartara, dagoeneko polizia-etxe horretan elkarrekin lan egiten diharduten Espainiako eta Frantziako Poliziekin arituko dira elkarlanean Ertzaintzaren agenteak.
Iragan abenduaren 28an Erandioko ertzain-etxe nagusian bildutako EAEko Segurtasun Batzordeak adostu zuen Ertzaintza Hendaiako (Biriatou/Irun-Behobia) Polizia eta Aduana Kooperaziorako Zentroan lan egiten hastea.
Batzordearen arabera, Ertzaintza polizia-etxe horretan lan egiten hastea beharrezkoa zen nazioarteko polizia zentroaren helburuak betetzeko. Hortaz, bertan sartzeko prozesu formala abiatu zuten, Barne Ministerioari beharrezko Ebazpena bidal zezan eskatuz. Ebazpen horretan, Espainiaren aldetik, Ertzaintzak zentroan lan egiteko eskumenak badituela jasotzen zen, Blois-eko Hitzarmenaren 1. Artikuluan jaso bezala. Hurrengo pausoa, Atzerri Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko Idazkaritza Nagusi Teknikoaren Ebazpena BOEn argitaratzea izan zen. Astelehenean amaituko da prozesua, Ertzaintzaren lehen agenteak mugaz haraindiko zentro horretan lanean hasten direnean. Egun horretatik aurrera, egunaren 24 orduetan izango dira bertan, etengabe, zentroan diharduten gainerako poliziekin elkarlanean.
Polizia eta Aduana Lankidetza
Gainerako Polizia eta Aduana Kooperaziorako Zentroek bezala, Hendaiakoak ere polizia eta aduanako lankidetza garatzea du helburu, 1998ko uztailaren 7an Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak Blois-en sinatutako Polizia eta Aduanako Gaietarako Mugaz Haraindiko Lankidetzarako Hitzarmeneko I. Tituluan jasotzen den bezala.
Espainiaren aldetik, Ertzaintza heldu aurretik honako zerbitzuak zeuden: Polizia Nazionala, Guardia Zibila eta Aduana eta Zerga Berezietako Departamentua. Astelehenetik aurrera, Ertzaintza gehituko da.