Azken eguneratzea: 2007/05/22
Jaurlaritzak adierazpena egin du umeen eta bizilagunen ebakuazioaren 70. urteurrena dela eta
Gerrako umeei omenaldiak egingo zaizkie Amorebieta-Etxanon, ostegunean, eta larunbatean Southamptonen (Britainia Handia), Miren Azkarate Kultura Sailburua bertan izango delarik. Jaurlaritzak, halaber, Gerra garaian konfiskatu zitzaion eta Salamancan den dokumentazioa itzul diezaiotela eskatu dio espainiar Gobernuari

Jaurlaritzak zuzendua eta gauzatua, Durango eta Gernikako bonbardaketen ondoren, eta Agirre Lehendakariak munduari apirilaren 27an egindako deiaren bidetik egin zen. Gernikaren bonbardaketaren berri emateko egindako irratsaioa hitz hauekin bukatu zuen Lehendakariak  "Sinistu nahi nuke munduko herrialdeak Bilbora datozen hirurehun milatik gora emakumezko eta haurrei laguntzera etorriko direla. Gizonezkoentzat ez dugu ezer eskatzen, gure herriaren askatasuna defendatzeko dugun asmo sendoak lagunduko baitugu sakrifiziorik handienak ere sosegurik handienean eta kontzientzia lasai dugula egiten". Frantziako eta Britainia Handiko gobernuek laguntza eskaini zuten eta Jaurlaritzak antolatutako ebakuazio gauzatu ahal izan zen, nazioarteko urak kontrolatzen zituen britainiar armadaren laguntzarekin.

Lehen ebakuazioak matxinada militarraren hastapenean egin ziren, 1936ko uztailean. 1937ko martxoan, haurren lehen irtenaldia antolatu zen Olerongo frantses uhartera. Baina populazio zibilaren kontrako bonbardaketa bereizi gabeen (Otxandio, Bilbo, Durango…) eta Gernikaren txikizioaren ondorioz, Jaurlaritzak ebakuazio politika antolatu zuen borrokan ez ziren herritarren bizitzak salbatu ahal izateko. Exodo honen barruan, maiatzaren 6tik 7rako gauean, abiatu zen Frantziarako bidean Santurtziko portutik lehen irtenaldia; 2.500 ume eta 1.000 emakume joan ziren "Habana" transatlantikoan eta "Goizeko Izarra" yatean. Hortik aurrera, irteerak etengabeak izan ziren eta ez ziren amaitu ipar frontea urrian erori zen arte, izan ere, Euskadi okupatuta zegoelarik ere, Eusko Jaurlaritzak zibilak ebakuatzen jarraitu zuen. Adibidez, gaurko egunez, duela 70 urteko maiatzaren 22ko arratsaldean Southamptoneko portuan lehorreratu ziren "Habana" itsasontzian eramandako 3.861 ume eta hauen zerbitzura joan ziren 95 irakasle, 120 laguntzaile eta 15 apaiz.

Ebakuazioaren zatirik handiena hirurogei zeharkaldi egin zituzten 30 itsasontzietan burutu zen, 116.746 lagun garraiatuz, horien artean ume ugari. Ebakuazio handi hura koordinatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gizarte-laguntzarako Sailak 37.930an zenbatu zuen umeen exodoa, horietatik 22.234 Frantziara eraman zituzten; 6.200ek Katalunian izan zuten aterpe herri hura oraindik Errepublikaren esku zegoen garaian; beste 3.956 Britainia Handian jaso zituzten; 3.201 Belgikan,  1.889 Sobiet Batasunean; 245 Suitzan eta 105 Danimarkan.

70 urteren buruan, Eusko Jaurlaritzak kinka larri horietan mundu osoko hainbeste pertsonak eta erakundek emandako laguntza eskertu nahi du; gure aitortza eta Herri honena eskaini nahi diegu erakunde publiko nahiz pribatu hariei, baita ere ume errefuxiatu horiek hartu zituzten herrialdeei.

Ezinezkoa da guztien izenak aipatzea, adibide eta eredu gisa, Britaina Handian umeen ebakuazioa laguntzeko sortu zen Basque Children's Committee eta honetan lan egin zuten guztiak gogoan izan nahi genituzke, Atholleko dukesa, alderdi kontserbadoreko kidea eta euskal umeen aldeko batzordeko buru izan zena, Salvation Army erakundea, Britainia Handiko eliza katolikoa, eliza anglikanoa, eliza kuakeroa,  alderdi liberala, alderdi kontserbadorea eta alderdi laborista, Trade Unions Congres sindikatuen erakundea eta bereziki Leah Manning andrea, alderdi laboristako kidea eta parlamentaria Euskadira etorri  eta umeen ebakuazioa ahalbideratu zuen emakumea. Hauen izenetan bil bitez ebakuazio hartan parte izan ziren guztiei  Eusko Jaurlaritzak eta Herri honek azaldu nahi dien esker ona.

Eta horrekin batera, gure oroitza eta eskerrik beroena bihoakie umeekin batera haiei laguntzera Eusko Jaurlaritzak antolatutako ebakuazioan joan ziren guztiei: irakasleei, erizainei, erlijiosoei, laguntzaileei…
 
Eta horrekin batera, egungo Eusko Jaurlaritzak orduko Euskadiko Jaurlaritzaren Sail desberdinek egindako lana aitortu eta gogora ekarri nahi du. Hala nola,. Juan Gracia sailburu sozialistak zuzendutako Gizarte-laguntza sailak egin zuena, ebakuazioaren koordinazio buru; edo Jesus Maria Leizaola abertzalea sailburu zuen Justizia eta Kultura sailak egindakoa, honen ardurapekoa izan baitzen harrera eremuetako irakasle, zaintzaile eta laguntzaileen lana; eta Osasun sailaren zeregina, honen ardurapekoa izan zen erbesteratu haien osasun zaintza Euskadin nahiz hainbat helbide puntutan; eta lan honen ardura izan zuen frankistek fusilatu zuten arte Alfredo Espinosa sailburu errepublikarrak, eta ondoren Saila hartu zuen Heliodoro de la Torre sailburu abertzaleak.

Eskaera espainiar Gobernuari

Aitortza eta eskertze honekin batera, Eusko Jaurlaritzak salatu nahi du gure oroitzaren zati hori, alegia, ebakuazio nagusi honen berri ematen duten Eusko Jaurlaritzaren agiriak, gerran armaren indarrez Jaurlaritzari hartu izandakoak, oraindik bere jabeari itzuli gabe bahituak direla Salamancan.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, gaurko bere osoko bileran, eta Konstituzioaren manuari jarraiki, zeinaren arabera berdintasuna dagoen legearen aurrean, hauxe eskatzea adostu du: gerra garaian Eusko Jaurlaritzari konfiskatu zitzaion eta Salamancan den dokumentazioa itzul diezaiotela. Kongresuak eta Senatuak, egoera berean zen Kataluniako Generalitateari konfiskaturiko dokumentazioa itzultzea onartu zuten. Erabaki hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak bere poza azaldu eta horrekin bat etorri zen; are gehiago aipatu Legearen prestaketa aldian, Rodríguez Zapatero Presidenteak, Kongresuaren osoko bilkuran hau hitzeman ondoren: "Jakina, Kataluniarako balio duenak berdin  balio du, baita ere, euskal erakundeentzat".

2006ko otsailaren 14an, Jaurlaritzaren Batzordeak eskaera ofiziala onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren eta euskal erakundeen dokumentazioa itzul zezaten. Erreklamazioa, azaroaren 17ko 21/2005 legea indarrean sartu zen hilabetearen barruan, bidali zitzaion espainiar Gobernuari, Gobernuko Presidenteari eta Kultura Ministroari zuzenduta. Baina ez da erantzun ofizialik egon. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hauxe erabaki eta eskatzen dio Espainiar Gobernuari: behar diren neurriak har ditzala Salamancako Gerra Zibilaren Agiritegi Orokorrean dauden eta gerra garaian Eusko Jaurlaritzari konfiskatutako dokumentuak itzul ditzaten.

GERRAKO UMEEI ETA HAUEN LAGUNTZAILEI ESKAINITAKO OMENALDIAK EUSKADIN ETA BRITAINIA HANDIAN

Ebakuazioak direla eta, aste honetan bi ekitaldi izango dira bata Euskal Herrian eta bestea Britainia Handian ebakuazioetan parte hartu zuten laguntzaileak, umeak eta laguntza eskaini zuten guztiak gogora ekartzeko.

Hori dela eta, Gobernu Batzordeak, gaurko bileran, "Gerrako Haurren" elkarteei diru-laguntzak emateari oniritzia eman dio oroitzapenezko ekitaldi horiek gauzatzeko. Izan ere, Araba eta Bizkaiko 37.ko ume ebakuatutakoen elkarteari 7.500 euroko dirulaguntza esleitu dio, beste 3.000 euro Gipuzkoako elkarteari, eta beste 7.500 euroko dirulaguntza Erresuma Batuko Basque Children of 37 Association izeneko elkarteari.

Ostegun honetan, hilak 24, arratsaldeko 18,00etan Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan Gerra garaian eta bereziki 1937an Eusko Jaurlaritzak antolatutako ebakuazioan partaide izan ziren umeak eta hauekin joan ziren irakasleak  eta oro har laguntzaileak gogoan izango dira Amorebieta-Etxanoko udalak antolatu duen omenaldian. Arratsalde horretan egingo den hitzaldiaz eta omenaldiaz gain, umeen ebakuazioari buruzko argazki erakusketa izango da zabalik, ekainaren 4rarte,  Amorebieta-Etxanoko Zelaieta gunean.

Datorren larunbatean, hilak 26, Southamptongo Unibertsitateko ekitaldi aretoan, Britainia Handiko 37ko Euskal Umeen elkarteak ( Basque Children of`37 Association UK) antolatuta omenaldia eskainiko zaie ebakuazioan parte izan ziren umeei eta laguntzaileei eta hauen harreran lagundu zuten Britainia Handiko pertsona eta erakundeei.

Omenaldi ekitaldia goizeko 11,30etan hasita arratsaldeko 18,30arte gauzatuko da eta bertan parte hartuko dute berrehun bat gonbidatuk, horietako asko Handitik, Euskaditik eta munduko lau izkinetatik (Mexiko, Venezuela Britainia, Brasil…) etorrita hurbilduko diren 37ko umeak. Ekitaldian, Southamptonengo jendeak eta oro har Britainia Handiko lagunek ebakuatuei eskaini zieten laguntza eta abegia gogora ekartzeko oroitarria ipiniko da.

Eusko Jaurlaritza partaide izango da bi omenaldi hauetan  eta Jaurlaritzaren izenean Miren Azkarate, Kultura Sailburuak parte hartuko du.

Eusko Jaurlaritzaren agiriak Salamancan bahituak (pdf, 12,7 mb)