Azken eguneratzea: 2011/08/29

Eusko Jaurlaritzak indarrak metatu ditu substantzia kimikoen horniduran giza osasuna eta ingurumena babesteko

Irailaren 13an Eusko Jaurlaritzak REACH eta CLP erregelamenduak Euskadin ezartzeko prestatu duen estrategia aurkeztuko du Bilbon, enpresa guztientzat irekita egongo den jardunaldi batean.

Lehenik eta behin REACH CLP Bulegoa jarriko du abian, irailaren 1ean, lurraldeko enpresei laguntza- eta aholkularitza-zerbitzu bat eskaintzeko, REACH eta CLP erregelamenduetara egokitzeko eskatutako neurriak ezartzeko bidea erraztuko diena.  

REACH eta CLP erregelamenduak ongi ezartzea funtsezkoa izango da Euskadiko enpresen lehiakortasuna bermatzeko. 

Europako REACH erregelamenduak mota horretako substantziak erabiltzen dituzten sektore ekonomiko guztietan du eragina, eta baita hornikuntza-kate guztian ere (fabrikatzaileak, inportatzaileak, banatzaileak, bitarteko erabiltzaileak eta laneskua). 

Industria, Osasun, Ingurumen eta Enplegu Sailak inplikatuta daude estrategia horretan. 

Eusko Jaurlaritzak REACH eta CLP erregelamenduetara egokitzeko lana erraztu nahi die Euskadin substantzia kimikoen erabilerarekin zerikusia duten enpresei. Eta horretarako zenbait neurri hartu ditu. Lehenik eta behin, Bilbon REACH CLP Bulegoa jarriko du abian, irailaren 1ean, lurraldeko enpresei laguntza- eta aholkularitza-zerbitzu bat eskaintzeko, REACH eta CLP erregelamenduetara egokitzeko eskatutako neurriak ezartzeko bidea erraztuko diena.  

Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jo du REACH eta CLP erregelamenduen eraginpeko produktu eta substantziak erabiltzen, hornitzen eta merkaturatzen dituzten ETEak orientatzea eta sentsibilizatzea. Oso garrantzitsua da industriaren hornidura-kate osoak erregelamendu horiek zenbateraino eragiten dioten jakitea, eta, ildo horretan, legeak betetzeko eta industria- eta enpresa-jarduerarekin aurrera jarraitzeko zer urrats egin behar dituen jakitea. 

Helburu hori lortzeko, telefonoz emandako arreta- eta kontsulta-zerbitzua jarriko da bulegoan (902 820 369). Gainera, material eta dokumentu osagarriak argitaratuko dira, gida teknikoak adibidez, eta informazioa eskainiko da gaur egun Euskadin eskuragarri dauden kanpo-zerbitzuetako eta prestakuntzako eskaintzaren inguruan. 

REACH CLP Bulegoak araututako eta arautu gabeko zenbait prestakuntza-programa espezifiko jarri nahi ditu abian, eta industria-eremuko lankidetzarako foro batzuk ere antolatu nahi ditu lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ikuspegi batetik, REACH eta CLP erregelamenduen bilakaeran eta ezarpenean inplikatutako agenteen artean konponbideak adosteko aukera emango dutenak. 

Zerbitzu horiek guztiak www.reachclpbulegoa.net web plataformaren bitartez egongo dira eskuragarri, goian aipatutako egunetik aurrera indarrean egongo dena. 

Lan-mekanismo horiek guztiak ezagutarazteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak jardunaldi bat antolatuko du Bilbon, irailaren 13an. Lau sailburuordek parte hartuko dute bertan, inplikatutako Sail bakoitzeko banak, baita Ingurumen Ministerioko ordezkaritzak ere. Lan-bilera horretan, orain gutxi amaitutako bi lehen informazio-gidak aurkeztuko ditu Bulegoak. Bata, hornidura katean informazioa transferitzeko prozesuari buruzkoa da, REACH eta CLP erregelamenduen aplikazioan oinarrituta, eta bestea, berriz, segurtasun-fitxak egiteko prozesuari buruzkoa. 

Eusko Jaurlaritza, bere lau sailen bitartez, lan handia egiten ari da alor horretan, batetik, koordinazio-mahai bat eratu du, aduanetako arduradunen parte-hartzearekin, eta, bestetik, lantalde tekniko bat jarri du abian, Eusko Jaurlaritzaren zenbait zuzendaritzaren parte-hartzearekin, administrazioen arteko eta enpresa-munduan inplikatutako agenteekiko lankidetza sustatzeko. 

REACH-CLP 

2007ko ekainean, Europar Batasunak REACH izeneko Erregelamendua aktibatu zuen; Erregelamendu hori substantzia kimikoekin lotuta dago, eta sektore ugari hartzen ditu eraginpean, zehazki, horrelako substantziak bere ekoizpen-prozesuetan erabiltzen dituen edozein industria, nahiz fabrikatzaileak, inportatzaileak, banatzaileak, bitarteko erabiltzaileak eta laneskua. Erregelamendu horrek hainbat betebehar garrantzitsu ekarri zituen epe mailakatuetan, eta gaur egun erregelamenduaren erabateko aplikaziora iragaiten ari gara bete-betean. Ondoren, 2010eko abenduan, substantziak CLP erregelamenduaren arabera sailkatzeko, etiketatzeko eta ontziratzeko nahitaezkotasunari buruzko prozedura hasi zen. REACH erregelamenduaren osagarri da CLP, eta hornidura-kateko enpresa guztiei eragiten die. 

REACH substantzia kimikoak eta horien nahasketak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta murrizteari (Registration, Evaluation, Authorisation and Restriction of Chemicals) buruzko Europako Erregelamendua da, eta gai horren gainean Europar Batasunean dagoen lege-esparrua erabat erreformatzea dakar. Erkidegoko merkatuan substantzia kimikoak —berezkoak edo nahasketa-modukoak— sartzen dituzten guztiei (urteko tona batetik aurrera) erregistro bat egiteko betebeharra ezartzen die Erregelamendu horrek, substantzien fabrikatzaileei nahiz inportatzaileei. Gauzakien ekoizleek ere gauzaki horiek dituzten substantziak erregistratu beharko dituzte, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. 

REACH Erregelamenduak lotura estua du CLP Erregelamenduarekin; CLP Erregelamendua substantzia eta nahasketa kimikoak sailkatzeari, etiketatzeari eta ontziratzeari buruzkoa da, eta horren bitartez, Nazio Batuen Sistema Globalki Bateratuaren (Nazio Batuen Erakundearen SGA, gaztelaniaz) sailkapen- eta etiketatze-irizpideak txertatzen dira Europar Batasunean. Substantzia eta nahasketa kimikoen arriskuei buruzkoa da CLP Erregelamendua, eta beste pertsonak horien jakinaren gainean nola jarri behar diren adierazten du. 

Legeria horren helburua "giza osasunaren eta ingurumenaren babes-maila altua bermatzea" da, "baita substantzien arriskuak ebaluatzeko metodo alternatiboen sustapena eta barne-merkatuan substantzien zirkulazio librea ahalbidetzea ere, eta, aldi berean, lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzea".                                                                                                                           

Helburu horiek betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren lau sailek (Industria, Merkataritza, Berrikuntza eta Turismo Saila; Osasun eta Kontsumo Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila; eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila —Osalanen bitartez—) baterako estrategia bat jarri dute abian, eta euskal enpresei estrategia hori jakinaraziko diete, behar bezala ezar dezaten. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 29a.