Patxi López lehendakaria izan da gaur buru Euskal Turismoaren Galan, eta ekitaldiko une gorena Turismoko Euskadi Sariaren ematea izan da, Euskal Herriko Ostalaritza Federazioari, hain zuzen ere. Donostiako Kursaal Jauregian izan da ekitaldia, eta bertan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak bi aipamen berezi ere eman ditu, bata Eusebio Santamariari (Bodegas El Fabulista) eta bestea Maite Sabadelli eta Tristán Montenegrori (Bataplán Diskoteka). Era berean, 32 enpresak Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendua jaso dute galan, 2009an turismo-kalitatearen Q-ari dagokion egiaztagiria lortu izanagatik.
Euskal Herriko Ostalaritza Federazioa
30 urtetik gorako historia du bere atzean Euskal Herriko Ostalaritza Federazioak. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteek osatzen dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritzako sektore eta azpisektore guztien enpresa-interesak defendatzea du helburu. Sektore konplexu, atomizatu eta jarduera ugari biltzen dituen honetan lan egiten duten 50.000tik gora lagunei egiten zaien omenaldia da Turismoko Euskadi Sari hau. Federazioko presidente Tomás Sánchez-ek jaso du saria.
Eusebio Santamaria (Bodegas El Fabulista)
Aipamen Berezietako bat Bodegas El Fabulista enpresako Eusebio Santamariari egokitu zaio. Kasu honetan, Arabako Errioxa osoan bisita gehien jasotzen dituen upeltegietako bat dela kontuan izan du epaimahaiak. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntzaile zintzoa, Santamariak hasieratik egin zuen Arabako Errioxaren Ardoaren Bidearen aldeko apustua, eta preskribatzaile izaten jakin izan du ardogintzaren munduan, eta apurka-apurka turismoaren zipriztinekin busti du Guardia ez ezik, Arabako Errioxa osoa. Iaz izan zuen osasun-arazoa gorabehera, ezaugarri dituen kemenak eta indarrak bultzatuta, hurbiletik jarraitzen ditu bere taldearen lanak egiten dituen bisiten bidez.
Maite Sabadell eta Tristán Montenegro (Bataplán Diskoteka)
Epaimahaiak biei buruz azpimarratu du, duela 40 urte baino gehiagotik hona egunero egindako lanari esker lortu dutela beren ostalaritza-establezimenduetako besaulkietan hainbat jende eseri izana, Gipuzkoaren eta Euskadiren irudia mundu osoan sustatu duen hainbat jende, alegia. Maite Sabadellek eta Tristán Montenegrok Gipuzkoa sustatzen duen edozein jarduera babestu izan dute betiere, laguntzeko prest, bisitan etortzen zaizkigunei harrera egiteko prest, turismoa sustatzeko inbertitzeko prest, eta bereziki gaueko aisialdia sustatzeko, beren bandera-ontziaren bidez, Donostiako Bataplan Diskotekaren bidez, hain zuzen ere. 2009ari gagozkiola soilik, Bataplanen irudia, eta horrekin batera Donostiarena eta Euskadi osoarena, dozenaka aldiz agertu da Espainiako eta mundu osoko prentsa arrosaren eta ez arrosaren panoraman. Vogue, Telva, In Touch, El País Semanal, El Mundo…adibide giza.
32 errekonozimendu
Euskal Turismoaren Gala osatzeko Eusko Jaurlaritzak errekonozimendua eman die turismo-kalitateko Q-ari dagokion egiaztagiria jaso duten 32 enpresari. Errekonozimendu-sariak Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrillak, Turismo zuzendari Isabel Muelak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusi Ana Izagirrek eman dituzte. Honako hauek izan dira omendutako dute enpresak: Aitzarri Landetxea (Oiartzun), Anemiren Etxea Landetxea (Laudio), Araiko Etxea Nekazaritza Turismoko Establezimendua (Tuyo), Bentazar Landetxea (Elosu), Etxegorri Landetxea (Orozko), Izpiliku Landetxea (Akosta), Kortazar Nekazaritza Turismoko Establezimendua (Zestoa), Larretxori Landetxea (Guardia), Sosola Nekazaritza Turismoko Establezimendua (Eibar), Aisia Hotel Bainuetxea (Urduña), Gorlizko Turismo Bulegoa, Sopelako Turismo Bulegoa, Gran Hotel Lakua Hotela (Gasteiz), Palacio de Aiete Hotela (Donostia), Natxiondo Hotela (Ispaster), Saiaz Hotela (Getaria), Sagartoki Erretegi Sagardotegia (Gasteiz), Zaldua Erretegia (Sukarrieta), Casa Mirones SL Jatetxea (Donostia), El Clarete Jatetxea (Gasteiz), Etxe Aundi Jatetxea (Oñati), McDonald's Jatetxea (Getxo), McDonald's Jatetxea (Leioa), Olentzo Jatetxea (Zizurkil), Arratzain Nekazaritza Turismoko Establezimendua (Usurbil), Goiegi Jatetxea (Lasarte-Oria), Irutxulo Jatetxea (Donostia), Salegi Jatetxea (Itziar), Txuleta Jatetxea (Donostia), Urbano Jatetxea (Donostia) eta Kaskazuri Jatetxea (Donostia).
Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 10a