Azken eguneratzea: 2010/03/11
Euskadi, ohorezko gonbidatua FICOMICen
Irudika izeneko katalogoak 30 euskal ilustratzaileren lanak jasotzen ditu, eta haren bitartez profesional horien sorkuntza-lan bikainak erakutsiko dira

 Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketaren 28. edizioan Euskadi izango da ohorezko gonbidatua eta, horrenbestez, gune handi bat izango dugu eskura euskal komikigintzaren berri emanez hainbat jarduera egiteko. FICOMICeko parte hartzea aurkezteko eta euskal ilustratzaileen katalogoaren berri emateko, prentsaurreko bat eman dute Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Daniel Martín EIEP-Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak.

FICOMIC (Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketa) maiatzaren 6tik 9ra bitartean egingo da, eta Euskadi izango da ohorezko gonbidatuetako bat. Hori dela eta, gune handi bat izango dugu eskura –Euskomik– euskal komikigintzaren berri emanez hainbat jarduera egiteko. Mikel Toralek azaldu duenez, “aukera garrantzitsua da euskal marrazkilarientzat, Bartzelonako azoka nazioarteko erreferentea baita mundu osoan”.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeraz geroztik, komikigintzak garai bizi eta emankorra eduki du Euskadin, eta horren ondorio izan dira han-hemen egindako hainbat erakusketa, jardunaldi eta jaialdi. Gero eta ugariagoak dira alor horretako kultura-azpiegiturek bultzaturiko jarduerak, zeintzuk, argitaletxeen beste zenbait ekimenekin batera, euskal komikigintzaren osasun onaren isla baitira. Faktore horiek guztiek batera egin dute posible egile-multzo bizkor eta sendo bat sortzea –aldez beteranoak eta aldez hasiberriak–, gehienak ezezagunak Euskaditik kanpo.

Gonbidapena jaso ondoren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak komikien lagin adierazgarri bat prestatu du Irudika katalogoan, lanbide horretako gaur egungo ekoizpen oparo eta bikainaren erakusgarri. Katalogoak 30 euskal ilustratzaileren lanak jasotzen ditu, eta mila ale inprimatu dira.

Euskomik standa
Euskadik Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketan izango duen parte hartzea 150 metro karratuko stand batean gauzatuko da. Hiru zatitan banatuko da, gune ezberdinak bereizte aldera:

- Argibide-liburutegiaren gunea: Sustapen-materialak erakutsiko ditu, instituzionalak eta inprimaturiko argitalpen-materialak (flyer-ak, aldizkariak, katalogoak, argitalpenak…)
- Areto nagusiaren gunea: Hemen hainbat jarduera egingo dira, gaur egungo komikigintzarekin estuki loturiko talde eta erakundeen eskutik, hala nola, aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta bestelakoak.

- Erakusketaren gunea: Oso-osorik Euskadiko egileen lanak sustatzera dedikatua. Hogeita bi profesionalen lan-bilduma erakutsiko du: nazioartekoenak eta euskal argitalpenetan argitaratuz gorabidean datozen belaunaldi berrikoenak. Hautaketa-irizpideak probintzien arteko oreka ere aintzat hartu du. Egile bakoitzak azken urteotan egindako hiru komiki-plantxa aukeratu ditu, bere lanaren eredu esanguratsu moduan.