|
Jose Ramon Fernandez, Kubako Ministro Kontseiluko Presidenteordeak inauguratu du euskal enpresak biltzen dituen Euskadiren pabilioia.

La Habana, 2008-11-03.-
Gaur eguerdian ireki den FIHAV 2008, Habanako Nazioarteko Azokaren 26.edizioak Kubako merkatuan lanean ari diren 24 euskal enpresa bildu ditu. Ia 700 metro koadro dituen Euskadiko Pabilioa Jose Ramon Fernandez, Kubako Ministro Kontseiluko Presidenteordeak inauguratu du, Iñaki Telletxea, Jaurlaritzako Industria Sailburuordea eta Mauri Lazkano, SPRIren Zuzendari Nagusiarekin batera.
FIHAV 2008ko edizioan mundu osoko 52 herrialdetako 1.000 enpresa inguru ari dira parte hartzen, batez ere Industria-Tresneria, Kontsumorako ondasunak, Teknologia, Lehengaiak eta Zerbitzuen alorrekoak.
Gaur egun 37 euskal enpresa daude Kuban kokatuta, gehienak Energia eta Hornidura Industrialeko sektoreetakoak. Azpimarratzekoa da, sektore hauetan euskal enpresak liderrak direla Kuban, kalitate eta gaitasun tekniko altuko irudia eskainiz. Azken urteotan, Kuba eta Euskadiren artean sektore berrien inguruko lankidetzak sustatu dira, hala nola Bioteknologia eta Nanoteknologia alorretan. Izan ere Kubak aurrerapausu handiak eman baititu azken urteotan bi sektore berri hauetan.
Kuba eta Euskadiren arteko harreman komertzialak bilakaera positiboa izan du azken hamarkadan : 1998.urtean Euskaditik Kubara etorritako esportazioak 81 milioi euro inguruko balioa izan bazuten, 2007.urtean 163 milioi eurotara iritsi ziren ; horrenbestez, Kuba Euskadiren latinoamerikako hirugarren bezeroa da, Mexiko eta Brasilen ondoren.
|