|
Igande honetan Zaragozak EXPOko Euskadiren Eguna ospatuko du. Ekitaldiak 12,30etan hasiko diran Ebron, Burdinezko Zubia eta berriki urak moteltzeko eraiki den ezpondaren artean, traineru estropada batekin. Lehiatzen lehenak emakumezkoak izango dira, Bizkaiako eta Gipuzkoako selekzioetako kirolariekin eta ondoren, San Miguel Ligako lehen saioaren txanda izango da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak babestutako URA 2008 bandera, hain justu. Norgehiagokak sekulako ikusmina sortu du Aragoiko hiriburuan eta baita kantauriar erlaitzeko arraun zaletuen artean, izan ere, txapelketa bat barruko uretan egiten den estreinako txanda da.
Azpimarragarria da traineruen irteera eta helmuga izango den ezpondako ontziralekutik gertu 1.000 hegaluze pintxo banatuko direla euro baten truke eta garagardoa, beste euro baten truke. Pantaila erraldoi bat ere ipiniko da zaletuek kirol proba oso osorik jarraitu ahal izan dezaten.
Aurreikusi denez, arrats partean protokolozko ekitaldiak ospatzuko dira EXPOko barrutian eta girotzeko hainbat ikuskizun programatu dira Calle deritzon eremuan. Jon Maya dantzariak antolatuta, Calle eremuan emanaldi ezberdinak eskainiko dira arratsaldeko bostetatik zazpietara. “Giroa pabiloietatik haratago eramaten saiatuko gara –azpimarratu du Mayak- eta horretarako euskal kultura EXPOko txoko guztietara eramaten saiatuko gara. Gainera, Juan Mari Beltranen kontzertu bat egongo da eta baita kalejira bat”.
Beste agertoki batean, Expotik kanpo, Romareda estadiotik gertu aurkitzen den Zaragozako Auditorioan, 20,15etan kontzertu bat ospatuko da Ainhoa Arteta sopranoa, Maite Arruabarrena mezzosopranoa, Jesús Sola tenorra eta José Antonio López baritonoaren mailako interpreteekin. Eurekin batera izango dira Donostiako Orfeoia eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Miguel Ángel Gómez Martínez maisuaren gidaritzapean.
Ainhoa Arteta uneotan Milango la Scalan antzezten ari da, zehazki, Zeffirelliren ”La Bohème” ekoizpenean, eta baimen berezi bat kudeatu behar izan da Zaragozan Euskadiren Egunean antzezteko baimena lortu ahal izan dezan.
ENCOREren VIII. Konferentzia
ENCOREk VIII. Konferentzia emango du gaur Zaragozan eta bertan izango da Esther Larrañaga, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua, konferentzian parte hartuko duen euskal ordezkaritzaren buru; Ingurumenaren aldeko Europako Eskualdeen sarea da ENCORE, eta bertako partaide aktiboa da Euskadi.
Zortzigarren konferentzia honetan Europako 50 azpiestatuetako administrazioek hartuko dute parte; esaterako Eskozia, Katalunya, Baviera, Flandria, Irlanda, korsika edo Toskana.
Larrañaga izango da saioetako bateko mahaiburua, hain zuzen ere, Europako Eskualdeetan Klima Aldaketaren eta Uraren arloko jardunbide egokiak elkarbanatzeari buruzko saioan.
Konferentziak iraungo duen bi egunen ondoren, ENCOREren lanerako ildo estrategikoak finkatuko dituen Ekintza-Plana onartuko da, hurrengo bi urterako. Sareak Zaragozako Adierazpena izeneko agiri bat emango du ezagutzera gainera, Europako Eskualdeen esperientzia eta ikuspegitik EXPOrako ekarpen izan nahi duena.
ENCORE (Environmental Conference of the European Regions) 1993an sortu zen, ingurumenaren eta Garapen Iraunkorraren alde egiteko, Europako hainbat eskualderen arteko lankidetza sustatzeko helburuarekin.
|