Azken eguneratzea: 2007/10/24
Eusko Jaurlaritzak 12.000 euroko zehapena ezarri dio Ryanair konpainiari eta 6.000 eurokoa Lufthansa eta Air Lingus konpainiei, publizitate engainagarriagatik
Kontsumoko arloak bere poza adierazi du, beste bost aire-konpainiek arrazoi beragatik zehapen-espedientea irekitzea eragin zuten kausak zuzendu dituztelako

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak Ryanair konpainiari 12.000 euroko zehapena eta Lufthansa eta Air Lingus LTD konpainiei 6.000 eurokoa ezartzea erabaki du, Interneten bidez hegaldien prezioari buruzko publizitate engainagarria emateagatik. Azken prezioarekin bat ez datozen hegazkin-txartelak iragartzeagatik konpainia horiei espedienteak ireki arren, egoera hori zuzendu ez dutelako edo partzialki zuzendu dutelako egin da ebazpen hori.

Joan den urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak zortzi zehapen-espediente ireki zituen Euskadin lan egiten zuten eta beren web orriaren bitartez hegaldiak eskaintzen zituzten beste hainbat aire-konpainien aurka. Orduan, iragartzen ziren tarifen zenbatekoak prezio errealarekin bat ez zetozela egiaztatu zen, bidaiaren prezioa nabarmen igoarazten zuten zenbait kontzeptu biltzen ez zituztelako (tasak eta igorpen-gastuak, esaterako). Horrek arau-hauste larria dakar, eta, beraz, airelinea bakoitzarentzat 12.000 euroko zehazpena aurreikusi zen.

Espedientea ireki zitzaiela jakinarazi ondoren, konpainia horietatik bostek espedientea eragin zuten kausak zuzendu zituzten, eta, beraz, espedientea artxibatu egin zen eta konpainiek ez zuten zehapenik jaso. Horixe da honako konpainia hauen kasua: Air Europa, Alitalia, Easyjet, Hapag Lloyd Express GMBH eta Spanair.

Lufthansa eta Air Lingus airelineek tasen prezioa gehitu dute, baina ez bidaia-txartela egiteagatiko gastuak, eta, beraz, arazoa partzialki zuzendu dutela ulertu da eta bakoitzari 6.000 euroko isuna jarri zaio. Ryanair konpainiaren kasuan, espedientea irekitzea eragin zuten baldintza berberekin iragartzen ditu hegaldiak, eta, beraz, 12.000 euroko zehapena ez da aldatu.

Kausak zuzentzeagatiko poza

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak bere poza adierazi nahi du, zehapen-espediente bat jarri zitzaien bost konpainiek espedientea eragin zuten kausak erabat zuzendu dituztelako. Ekintza horien bitartez lortu nahi dena ez da isunak ezartzea, baizik eta irregulartasunak dituzten enpresek beren jarduteko modua aldatzea.

Euskadiko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuak ezartzen duenez, produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea horien ezaugarriei eta eskuratzeko baldintzei buruz nahasmendurik eragin gabe egin behar dira. Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzaren ustez, azkenean ordaindu beharko den prezio erreala erakusten ez duen tarifa bat iragartzeak nahasmena eragiten du eta, beraz, arau-hauste larri gisa zehatu behar da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 24a