Azken eguneratzea: 2008/01/07
Euskara Munduan egitasmoaren baitan, 2.000 ikasle inguru ari dira mundu osoko Euskal Etxeetan euskara ikasten
Bere herrialdetan trebatu ondoren, argentinar eta uruguaitar irakasle talde batek ikastaldi trinkoa egingo du Maizpide barnetegian. Miren Azkarate Kultura sailburuak azaldu du Hego Amerikan izandako esperientzia aitzindaria eta guztiz positiboa Ipar Ameriketara eramaten saiatuko direla 2008an zehar

Argentinar eta uruguaitar irakasle talde bat Euskal Herrira heldu da bi hilabeteko ikastaldi trinkoa egiteko Maizpide barnetegian, Lazkaon. Talde honetako irakaslegaiak, 23 guztira, hutsetik abiatu ziren 2004an eta, BOGA autoikaskuntzako on-line sistema erabiliz, euskaltegietako irakasleak tutore modura jardunda, dagoeneko HABEren kurrikuluaren 1. maila gainditu dute. Datozen bi hilabeteotan, 2. maila gainditzea espero dute. Halaber, talde honetako 9 irakasle ekainera arte luzatuko dute egonaldia, EGAren baliokidea den 3. maila gainditzeko asmoz. Euskara Munduan egitasmoari lotutako esperientzia aitzindari hau baliatuz, gaur goizean HABEko egoitzan Miren Azkarate Kultura sailburuak Euskara Munduan egitasmoa honi buruzko datu berriak eman ditu, baita 2008-2011 urtealdirako aurreikuspenak egin ere. Gaur egun 2.000 ikasle inguru ari dira mundu osoko Euskal Etxeetan euskara ikasten. Eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen Irakurlego programaren bitartez, 2007-2008 ikasturte honetan zehar 12 herrialdetako 24 unibertsitatetan ari dira euskara eta euskal kultura ematen, denetara 700 ikasle inguru izango dituztelarik.

Kultura sailburuaz gain, gaurko prentsaurrekoan izan dira Josu Legarreta, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Joseba Erkizia, HABEko zuzendari nagusia. Bertan izango dira, baita ere, Argentina eta Uruguaiko irakaslegaiak.

Euskara Munduan programaren helburu nagusia da munduko Euskal Etxeetan euskarazko eskolak ematea eta euskal hiztunak sortzea. Egitasmo hau Kultura Sailak eta Lehendakaritza Sailak elkarlanean garatzen dugu, HABEren eta Euskal Giza-taldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez. Hiru lan-lerro nagusi lantzen dira Euskara Munduan egitasmoaren barruan: irakasleen trebakuntza; euskarazko eskolak bideratzeko materialez hornitzea (BOGA autoikaskuntzako on-line sistema erabiliz); eta euskara-ikastaroak diruz laguntzea.
Hala, aurten Argentinan izandako esperientzia "guztiz positiboa" Ipar Amerikara eramaten saiatuko direla azaldu du sailburuak. "2008an zehar Estatu Batuetako irakaslegai talde bat osatzeko aurreikuspena dugu. Eta ahal dela, gainera, Mexikoko eta Kanadako Euskal Etxeei talde horretan sartzeko aukera eskainiko diegu, baliabideak eta ahaleginak optimizatzeko".

Euskara Munduan egitasmoa mundu guztiko Euskal Etxeekiko elkarlan estu-estuan daramate aurrera, eta horren harira Azkaratek azpimarratu du Euskal Etxeak -kasu askotan euskararen lurralde naturaletik oso urrun- euskara sustatzeko egiten ari diren "ahalegina". Alde horretatik, adibidez, goraipatu ditu, besteak beste Argentinako, Uruguaiko eta Estatu Batuetako euskal etxeen federazioek (FEVA, FIVU eta NABO, hurrenez hurren) "gure hizkuntzarekiko duten kezka eta euskarako eskolak antolatzeko egiten duten lan eskerga. Bihoakie den-denei gure eskerrona eta aitorpena, miragarria baita, benetan, hemendik milaka eta milaka kilometrotara dauden lurraldeetan euskara eta euskal kultura zabaltzeko halako gogoa eta borondate irmo edukitzea".

Sailburuaren hitzak:

Hiru lan-lerro nagusi lantzen ditugu Euskara Munduan egitasmoaren barruan.

1. Irakasleen trebakuntza.
2. Euskarazko eskolak bideratzeko materialez hornitzea.
3. Eskara-ikastaroak diruz laguntzea.

1. Irakasleen trebakuntza: euskara eta didaktika lantzea

HABEren egiteko nagusietako bat izan da, hain zuzen ere, Euskal Etxeetan euskarazko eskolak emango dituzten irakasleak trebatzea. Izan ere, programaren oinarrietako bat da Euskal Etxeek giza-baliabideen aldetik autonomia eta beregaintasuna izatea euskarako eskolak antolatzeko garaian; ezinbestekoa ikusten baita hori hala izatea, Euskal Etxeetan euskarazko eskolak emateko sistema iraunkorrik eratuko bada. Jaurlaritzaren egitekoa, beraz, egitasmoa gauzatzeko finantzabidea, materialak eta aholkularitza ematea da, eta tokian tokiko euskal etxeak giza-baliabideak eta azpiegitura jartzen arduratzen dira.

Duela 18 urte jarri zen abian programa hau Argentinan. Hain zuzen ere, Argentinan Euskaraz zuen izena orduan egitasmoak. Hastapen haietan eskola presentzialak ematen zitzaizkien Argentinako irakaslegaiei, HABEtik hara joandako irakasleek emandako ikastaro trinkoetan hain zuzen.

Kontuan hartzekoa da Europako Euskal Etxeetako irakasle gehienak euskaraz dakitenak eta trebatuak izaten direla askotan, Euskal Etxea dagoen hirira ikastera edo lanera Euskaditik joandakoak izaten direlako. Ameriketan, ordea, bestelako egoera dago eta irakasle gehienak han bertan euskara ikasiak (Hego Amerikan bereziki) edo alfabetatuak (Ipar Amerikan batik bat)  izan ohi dira.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenak hizkuntzen irakaskuntzan ahalbidetu dituen bitarteko berriei esker, ordea, 2003-2007 urtealdian on-line ikastaroak eman zaizkie hango irakaslegaiei; horrela, HABEko eta hemengo euskaltegietako irakasleak tutore dituztela, urte osoan euskara lantzen aritzeko aukera eskaini zaie (urrutitik ikasteko beraientzat bereziki sorturiko materialez eta irakasle-tutoreen etengabeko laguntzarekin); eta banaka egindako lan hori osatzeko, urtean bi barnetegi trinko eta labur (9 egunetakoak) egin dituzte taldean, Argentinan bertan. Hango barnetegietan, mintza-saioak egiteko aukeraz gainera, gutxieneko ezagupen didaktikoak eskuratzen dituzte irakaslegaiek. Horrela 40 irakaslegai aritu dira, bi taldetan antolatuta (Diaspora I eta Diaspora II), joan diren lau urteetan: gehienak argentinarrak baina baita uruguaitar batzuk ere (4). Elkarrengandik oso urrun bizi ziren irakaslegaiak era iraunkorrean trebatzeko aukera eman du on-line eta autoikaskuntza sistemak:  Buenos Aires, La Plata, Arrecifes, Bahía Blanca, Tandil, La Plata, Chacabuco, Magdalena, Mendoza… eta abarreko jendea aritu da bi taldetan, Argentinako edozein puntatako jendea, alegia.

Hain zuzen ere, bi talde horietan aurreratuena da (Diaspora II taldea) gaurtik aurrera Euskadin, Maizpide barnetegian, ikastaro trinkoa egiten arituko dena eta gaur hona, HABEren egoitza ezagutzera, etorri dena. Talde honetako irakaslegaiak hutsetik abiatu ziren 2004an eta dagoeneko HABEren kurrikuluaren 1. maila gainditu dute. Hori dena, funtsean urrutiko irakaskuntzaren bitartez eta beren herrialdetik irten gabe egin dutela kontuan izanik, benetan txalotzekoa da egin duten aurrerapena. Esperientzia aitzindari baten aurrean gaude, beraz, eta, horrenbestez, seguru dakigu bi hilabete barru -ikastaro trinkoa eginda eta euskal giroan murgilduta biziz- euskaraz ongi trebaturik itzuliko direla beren herrialdera. Hala opa diegu eta horretara animatu nahi ditugu.


2.Euskarazko eskolak bideratzeko materialez hornitzea Euskal Etxeak: BOGA sistema

HABEk, bestalde, euskarazko eskolak emateko aholkularitza didaktikoa eta materialak eskaintzen dizkie Euskal Etxeei. Eskola presentzialetan euskara lantzeko material didaktiko orokorrak, mintza-saioak dinamizatzeko gidak, ariketak, irakurgaiak, entzungaiak eta abar jartzen ditu irakasleen eskura.

Azken urteotan, bestalde, BOGA autoikaskuntzako baliabidea instalatzen ari gara eskatzen duten Euskal Etxeetan; izan ere, autoikaskuntza-sistema oso baliabide egokia izaten da Euskal Etxetik urrun bizi diren pertsonak euskara ikasten has daitezen.

BOGA instalatzeaz gainera, HABEko teknikariek sistemaren edukien berri ematen diete tokian tokiko irakasleei, tutore-lana nola egin irakatsiz eta ikasleen jarraipena egiteko trebatuz.

3. Helduen euskara-ikastaroak diruz laguntzea

Hirugarren lerroa, berriz, euskarazko eskolak emateko diru-laguntzena da. Urtero atera ohi du HABEk horretarako deialdia, Euskal Etxeek gutxieneko baliabide ekonomikoak izan ditzaten euskarazko eskolen antolaketarako.
 
Diru-laguntzen deialdi honen babesera bilduta, gaur egun 2.000 ikasle inguru ari dira mundu osoko Euskal Etxeetan euskara ikasten. Ondoko koadroan laburtzen da, hain zuzen, joandako ikasturtean (2006-2007an) deialdiaren bidez finantzatutako jarduera:


EUSKARA IKASLEAK MUNDUKO EUSKAL ETXEETAN (2006-2007 ikasturtea)


ESPAINIAKO ESTATUA
 
BARTZELONA 164  
MADRID       126  
VALENTZIA        14  
MURTZIA        31  
VALLADOLID        16  
PALMA DE MALLORCA        62  

FRANTZIA

PARIS - SAINT OUEN 68  
BORDELE        48  

ERROMA        63  
LONDON        23 


FEVA - FEDERACION ENTIDADES VASCO-ARGENTINAS  ARGENTINA      740  
FIVU - FEDERACION INSTITUCIONES VASCAS URUGUAY  URUGUAI       72  
MONTEVIDEO        65  
SALTO          8  
SANTIAGO TXILE       28  
MEXICO DF MEXICO       23  
SAN FRANCISCO  ESTATU BATUAK      197  
VALPAIRASO TXILE       49  
MONTREAL KANADA       16  
SYDNEY AUSTRALIA       17  
SAO PAULO BRASIL       80  
BOGOTA KOLONBIA       36  

 GUZTIRA 1.946

 Irakurle programa munduko unibertsitateetan

Euskara Munduan programa honetaz gainera, Kultura Sailak badu beste programa bat ere euskara eta euskal kultura nazioartean ezagutzera emateko. Duela hiru urte, izan ere, Euskaditik kanpoko hainbat unibertsitaterekin hitzarmenak sinatzeko proiektua jarri zuen abian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Hitzarmen horiek, beren irakas-programa ofizialetan -eta aitortza akademiko osoa emanez-  euskara eta euskal kulturaren eskolak eskaintzeko interesa duten eta Eusko Jaurlaritzarentzat balio estrategikoa duten unibertsitateekin sinatzen ditugu. Euskal giza-taldeen ingurunetik harantzago doan programa da hau, esparru unibertsitario zabalera iristen dena.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen programa honen garrantziaz jabetzeko, esan dezagun 2007-2008 ikasturte honetan zehar 12 herrialdetako 24 unibertsitatetan arituko dira euskara eta euskal kultura ematen irakasle-irakurleak, denetara 700 ikasle inguru izango dituztela.

Etxepare Euskal Institutua

Dakizuenez, iaz Euskal Institutuaren sorrera onartu zen Eusko Legebiltzarreko 3/2007 legearen bitartez. Beraz, Etxepare Institutuak aurten ekingo dio bere ibilbideari, orain tramitean dagoen egitura eta funtzionamendu dekretua onartu ondoren. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarekin koordinazio egokia bermatzeko, Lehendakaritza bera ordezkatua egongo da, Institutuaren organo artezkarian parte hartuko duelarik. Ezbairik gabe, Donostian egoitzan izango duen organo berri honek bultzada irmoa emango dio orain arte Kultura Sailak egindako lanari, euskara eta euskal kultura kanpoan ezagutarazten eta hedatzen.

EUSKARA MUNDUAN 2007/2011 - Aurrera Begira.

Lehendakaritza Sailaren gidaritzapean, 2007ko udan Euskal Giza-taldeen Munduko Biltzarra egin da Bilbon, Euskalduna jauregian. Biltzar horretan definitu dira Eusko Jaurlaritzak munduko euskal giza-taldeekin alorrez alor 2008-2011 urtealdian landuko dituen egitasmo nagusiak.
 
Euskara Munduan programaren barruan, gure buruari jarri dizkiogun helburuak dira orain arteko bideari jarraipena ematea eta Argentinan izan dugun esperientzia hau beste esparru batzuetara hedatzea.

Izan ere, lehen esan bezala, guretzat estrategikoa da Euskal Etxe edo Federakuntza bakoitzak euskararen ikas/irakaskuntza gauzatzeko baliabideak bere baitan izatea, hots, bakoitzak jarduera abian jartzeko autonomia izatea

Horrela, alde batetik, Diaspora I taldeko irakaslegaien taldearen trebakuntza ematen jarraituko dugu beste bi urtez. Aurki, beraz, Argentinan irakasle gaituen kolektibo sendoa izango dugu eta hango Euskal Etxeen sarean euskarazko eskolen eskaintza kalitatez eta kantitatez indartzeko moduan izango gara.

Bestetik, orain arte funtsean Argentinan izandako esperientzia Ipar Amerikara eramaten saiatuko gara. Hala, Estatu Batuetako irakaslegai talde bat osatzeko aurreikuspena dugu 2008an. Ahal dela, gainera, Mexikoko eta Kanadako Euskal Etxeei talde horretan sartzeko aukera eskainiko diegu, baliabideak eta ahaleginak optimizatzeko. Talde horrekin urrutiko irakaskuntzan jardungo dugu, urte osoan euskaraz on-line trebatzen aritu daitezen, eta urtean behin barnetegi trinko bat egingo dugu Estatu Batuetan, bakarkako lana osatzeko, mintza-saioak egiteko eta gaitasun didaktikoa hobetzeko.

Irakasleen formazioari dagokionez, azkenik, eta guztiz zehaztu gabe dagoen arren, gure nahia izango litzateke Hego Amerikako nazioarteko irakaslegaien talde bat osatzea, Argentina, Uruguai, Brasil eta Txileko irakasleekin. Talde honekin ere, on-line formazioa eta barnetegiak konbinatuz landuko genuke trebakuntza, bai hizkuntzari bai didaktikari dagokionez. Talde honen  osaketa 2008an zehar landuko dugu, eta bideragarria gertatuz gero 2008-20011ko urtealdian zehar Hego Amerikan dugun irakasle taldea oso sendoturik geratuko litzateke.

Ikasmaterialen arloan, orain arte bezala Euskal Etxeetako irakasleek behar dituzten material didaktiko lagungarriak sortzen jarraituko dugu. Alde horretatik, gero eta baliagarriago gertatzen ari zaigu informazio-teknologien garapena eta, beraz, HABEk dituen Ikasbil eta Irakasbil web-atariak euskarri egokia dira urruneko irakasleek materialak erraz eskura ditzaten. Edonola ere, ikasmaterialen edukiak kanpoko herrialdeetan ari diren ikastaldeentzat bereziki eta tokian tokiko testuingurura egokituta sortu behar izaten dira askotan, gure testuingururako balio duten hainbat edukik ez baitute beti balio Euskaditik kanpo ikasten eta irakasten ari direnentzat.

Azkenik, Euskal Etxeentzako diru-laguntzen deialdiak ere urtero-urtero egiten jarraituko du HABEk, hemengo ikasturte bakoitzaren hasieran. 2007-2008 ikasturtekoa, hain zuzen ere, dagoeneko onartua eta argitaratua dago, eta 210.000 euroko diru-zuzkidura du.

Bukatu baino lehenago, azpimarratu nahi dut euskarazko eskolen jarduera Euskal Etxeek garatzen dituzten gainerako jarduerekin ongi itsatsita eta uztartuta dagoela; eta jarduera eta emaitza hauek denak ahalbidetzeko berebiziko garrantzia duela Lehendakaritza Sailak Euskal Etxeei eta Federazioei zuzendurik duen laguntza-egitasmoa, horri esker bideratzen baitituzte Euskal Etxeek euskararen inguruko jarduera asko eta asko ere, gainerako jarduera orokorrez gainera. Honenbestez, bada, bi sailen arteko elkarlana azpimarratu eta Euskal Giza-taldeekiko Zuzendaritzaren laguntza eta babesa eskertu nahi dut gaur guztion aurrean.

Donostia, 2008ko urtarrilaren 7an