|
Ikerketa guztia ikusi
Grafikoak eta taulak dituen informazioa ikusi
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak Euskadin elikagaien kontsumoari buruzko azterketaren emaitzak biltzen dituen gidaliburua argitaratu berri du. Azterlan horrek euskal herritarrek kontsumitzen dituzten elikagai guztiak kuantitatiboki ezagutzea izan du helburu, hau da, dauden elikagai guztietatik pertsona bakoitzak egunean zenbat gramo jaten dituen ezagutzea. Horrela, kontsumitzaileen lehentasunak zeintzuk diren balioztatu ahal izan dira.
Gidaliburua tresna interesgarria izango da etorkizunean politikak ezartzeko orduan, bai merkataritza herritarren elikagai-gustuetara bideratzeko, bai nekazaritza elikagai sektorearentzat. Halaber, elikagaien segurtasuna areagotzeko estrategiak garatzeko balio izango du ere.
ELIKAk (Nekazaritzako Elikagaien Segurtasuneko Euskal Fundazioa) egindako azterlan horri esker ezagutu ahal izan dira batetik, zein den batez besteko euskal dieta (adinaren, sexuaren eta urtaroen araberako aldaerak eta guzti), eta bestetik, euskal elikadurak etorkizunean zein joera izango duen. Halatan, ondorengoa baiezta daiteke: euskal herritar helduen dietaren herena frutek, barazkiek eta ortuariek osatzen dute, hau da, dieta ugaria eta orekatua izateko gomendioetatik oso hurbil; beste heren bat proteina-elikagaiek (esnekiak, haragia, arraina eta arrautzak), gomendatutakoa baino zertxobait gehiago; eta zerealek, patatek, lekaleek, olioak eta edariek osatzen duten gainerakoa ez da iristen gomendatutakora.
Azterketa egiteko guztira 1.214 inkesta egin dira euskal herritar helduen artean, 18 urtetik gorako herritarren artean alegia. Adinaren, sexuaren eta eskualdearen araberako lau talde proportzionaletan banatu ziren herritarrak: 18 eta 29 urte bitartekoak, 30 eta 44 bitartekoak, 45 eta 65 bitartekoak eta 65 urtetik gorakoak. Inkestatuek ahalik eta zehatzen adierazi behar izan zituzten inkesta egin aurreko 24 orduetan kontsumitutako elikagai eta edari guztiak, bai eta euren dietaren ezaugarriak ere.
Azterketaren emaitzetako batzuk hauek dira: Euskadin elikagaien eta edarien %86,4 etxean kontsumitzen dira; euskal populazio helduaren %31k dietaren bat egiten du: gatzik gabea, koiperik gabea, eta azukre edo kaloria gutxikoa; eta kontsumitzen diren elikagaien %8,1 dietetikoak edo bereziak dira: "gabe" deituriko produktuak (gatzik, kolesterolik edo glutenik gabeak), bifidusa, omega3 eta antzekoak dituztenak, eta "light" deiturikoak, hau da, kaloria gutxikoak.
Bestalde, 65 urtetik gorakoek izaten dute dietarik ezberdinena, eta, batik bat, esnekiak, barazkiak eta arraina kontsumitzen dituzte. Gazteenek, berriz, fruta eta barazki gutxiago kontsumitzen dute, baina zereal eta haragi gehiago. Gizonezkoen dieta gazteen dietaren oso antzekoa da eta alkoholdun edarien kontsumoa nabarmentzen da. Emakumeena, aldiz, hurbilago dago 30 eta 56 urte bitartekoen dietatik. Batez ere, frutak, barazkiak, eta arraina kontsumitzen dituzte.
Urtaroari dagokionez, maila kuantitatiboan alde nabarmenik ez badago ere, elikagai asko urtaroen arabera kontsumitzen dira, adibidez frutak eta barazkiak, arraina, lekaleak eta edariak. Udaberrian eta udan arrain urdinaren eta garaiko fruta eta barazkien kontsumoa handiagoa da. Udazkenean eta neguan, berriz, lekale, arrain zuri eta esneki gehiago kontsumitzen dira.
Lortutako emaitzak eta aurretik egin diren antzeko azterketen emaitzak alderatzen baditugu, batez besteko euskal dietaren joera ezagutu ahal izango dugu: gero eta gehiago kontsumitzen dira esnekiak, gosari-zerealak, gailetak, janari-pasta eta opilgintzako produktuak, barazki freskoak, txerrikikia eta hestebeteak, arrain urdina, garagardoa, freskagarriak eta zukuak. Bestalde, behera egin du esnearen, barazki egosien, behi-haragiaren, ardi-haragiaren eta untxi-haragiaren, arrain zuriaren eta ardoaren kontsumoak.
|