Azken eguneratzea: 2011/12/21

Kalitatearen aldeko apustua egin dute 2.000 saltokik baino gehiagok Euskadin

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2010. eta 2011. urteei dagozkien merkataritza bikaineko kalitatezko Q-ari dagozkion ziurtagiriak eman ditu gaur.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak BAKH Gasteizko Kirol Hirian antolaturiko ekitaldi batean, Euskaliten sari-banaketako galaren aurretik, beren ahaleginaren eta sektorearen hobekuntza lehiakorrerako egindako ekarpenaren onespena jaso dute saltoki bikainek.

2010. urtetik aurrera, merkataritzako bikaintasunaren aldeko apustua egiten ari da Eusko Jaurlaritza, eta bi urtean Euskadiko 19 saltokik kategoria desberdineko kalitatezko Q-a lortu dute: 12 Q urdin eta 7 brontzezko Q.

Euskadiko 300 saltoki baino gehiago gogor ari dira lanean bikain izateko. 

Aurten, 538 saltoki berrik "Bezeroari arreta saltokian emateari" buruzko UNE 175001 araua lortu dute, merkataritza bikaina programaren aldez aurreko urrats gisa. Orain arte sektoreak lorturiko % 25 baino gehiago da hori, kalitateari loturiko 2.000 saltokiko zifra gaindituta.

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak gaur banatu dituzte 2010-2011 aldian euskal saltokiek lorturiko Q urdinak eta brontzezko Q-ak, Euskaliten sari-banaketaren aurreko ekitaldian, BAHK Gasteizko Kirol Hirian.

Gaur egun, 2.000 saltoki baino gehiago daude Euskadin 2007an hasitako kalitate-prozesuetan murgilduta.

Aurten parte-hartze aktiboa izan dute, aurreko urteetan baino maila handiagoekin. 500 saltokik baino gehiago "Bezeroari saltokian arreta emateari" buruzko UNE Araua ziurtagiria lortu dute, hau da, kalitate-sistemen oinarrizko maila eta Merkataritza Bikaina programarako sarrera-atea.

2010. urtean, Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin zuen merkataritza-sektorean hobekuntza jarraituko prozesuak bultzatzeko, industria-sektorearen lorratzari jarraiki. Merkataritza Bikaineko programa aitzindaria sortu zuen, saltoki txiki eta ertainerako esklusiboki diseinaturikoa. Metodo erraz baten bitartez eta merkataritzan adituak diren hainbat tutore prestatzaileren laguntza baliotsuarekin, euskal saltokien benetako emaitzen hobekuntza ahalbidetzen eta bultzatzen du merkataritza bikaina programak.

Emaitza horien erakusgarri 2011. urtean kalitatezko Q-a lortu duten 10 saltoki berri izan dira, 2010. urtean kalitatezko Q-a zeukaten 9 saltokiei gehitu beharrekoak. Guztira 19 "saltoki bikain" bi urtean bereizgarri horren bi kategorietan: brontzezko Q-a eta Q urdina: "bikaintasuna da gure helburua. 

Euskadiko Merkataritza Bikaineko Q bereizgarrien banaketa geografikoa honako hau da:

Q urdinak Bizkaiko 5 saltokiri, Gasteizko 3ri eta Gipuzkoako 4ri dagozkie. Brontzezko Q-ak Bizkaiko 1i eta Gasteizko 6ri.

Q urdinaren saria lortu duten saltokiak honako hauek dira: Artepan, Gasteizkoa, Azkune Frutas, Azpeitikoa eta Papelería Tamayo, Donostiakoa, eta Ekorropa Sociedad Cooperativa eta Tiendas For, biak ere Bilbokoak.

2011ko Q urdinaren saria lortu duten saltokiak honako hauek dira: Perfumería Look eta Arrese Bizkaia, SL, Bilbokoak, Ausarta Media SL, Barakaldokoa, Frutería - Charcutería Pando eta Kinder, Gasteizkoak, Laboral Pasaia, Pasaiakoa eta Suministros Goritz SA, Eibarkoa.

2010eko Brontzezko Q-aren saria lortu duten saltokiak honako hauek dira: Exclusivas Rioja Alavesa SL , Foto Ikatz eta Sección Óptica Vázquez, Gasteizkoak eta Luyando Opticos, Laudiokoa.   

2011ko Brontzezko Q-aren saria lortu duten saltokiak honako hauek dira:  Interiorismo Galicia eta Karmele Boutique, Gasteizkoak, eta Medical Óptica, Bilbokoa.

Merkataritza Bikaina programa ezartzeko, merkataritzaren hainbat trakzio-erakunderen lankidetza izan du Eusko Jaurlaritzak: Eusko Ganberak, Euskomer eta Euskal Dendak. Euskalit Kalitatearen Sustapenerako Euskal Iraskundea proiektuaren koordinazio-zereginez arduratu da.

2010. urteaz geroztik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak hainbat programa abiarazi ditu Euskadiko merkataritza bultzatu eta motibatzeko negozioaren kudeaketako etengabeko hobekuntzako prozesuetan sar dadin, merkataritzaren lehiakortasuna, hazkundea eta haren bezeroak leial bihurtzea ziurtatuz.

Merkataritza Bikaineko programak zuzeneko eragina du saltoki baten arrakastako funtsezko arloetan:

  • Negozioaren estrategia, negozioaren ikuskeran funtsezko eragina duena.
  • Saltokia osatzen duten giza taldeko kideak.
  • Baliabideak, hala nola hornitzailea, finantza-erakundeak eta beste batzuk.
  • Bezeroak saltokiaren funtsezko zutabe gisa.
  • Emaitzak. Prozesu osoak neurgarria izan behar du eta emaitza positiboak eragin behar dizkio saltokiari

Gainera, hedabideetako zabalkunde-kanpaina baten laguntza ere izango du, helburu bikoitza lortzeko: alde batetik sektorea sentsibilizatzea bere enpresetan etengabeko hobekuntzako prozesuen aldeko apustua egitearen garrantziaren inguruan, eta bestetik Euskadiko kontsumitzaileen aurrean balioan jartzea sektorea egiten ari den ahalegina egunero lehiakorragoa izateko, eta zerbitzu hobea eta bere bezeroekiko arretatsuagoa eta adeitsuagoa eskaintzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 21a