|
Epaimahaiak erabaki du 2007. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan lanari ematea. Xabier Montoiak oroitikurra eta 21.535 euro jasoko ditu (18.000 eskuz esku eta 3.535 aritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean).
Besteren artean, epaimahaiak, Karlos Otegi Lakuntza epaimahaiburuak, Jon Kortazar Uriartek,
Arantxa Urretabizkaia Bejaranok, Karlos Santisteban Zimarrok, Pello Otxoteko Vaquerok eta
Marta Merino Ortiz de Landaluce epaimahaiko idazkariak (hautespiderik gabea) osatua, honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:
"Gure inguru hurbilean gerta litezkeen istorioak, unibertso hurbil baten erakusleiho bizi-bizia, giza sentimendu eta jokaeren mosaiko zabala. Eta horien bidez mundu ikuskera pertsonal baten zirriborroa. Giro, erritmo, tonu desberdinen bariazio lortua, idazkera zuzena, sarkorra, ausarta."
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Xabier Montoia (Gasteiz, 1955).
Poesia: Anfetamiña (1983), Likantropo (1985), Narraztien mintzoa (1988) eta Bingo (2005).
Kontagintza: Non dago Stalin (1991), Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997), Plastikozko loreak erregearentzat (1998), Hezur gabeko hilak (1999), Baina bihotzak dio (2002), Denboraren izerdia (2003), Blackout (2004) eta Elektrika (2004).
Saritutako liburuaren ingurukoak
Euskal Hiria sutan
Xabier Montoia
Elkar
"Orain. Hemen. Gure inguruan gertaturiko istorioak, gertatzen ari direnak apika. Droga-salerosketa zein bikote arazoak, politikoen ustelkeriak nahiz guraso eta seme-alaben konpondu-ezinak. Gai guztiak dira posible, giro guztiek dute tokia, jende-mota orok du bere txokoa euskal hiri honetan.
Ipuingintzarako bere maisutasuna behin baino gehiagotan frogatu ondoren, anbiziorik handieneko proiektuari ekin dio Xabier Montoiak bilduma berri honetan: idazkera doi eta estilo zehatzez, gizarte baten luze-zabala erakutsi, bere xehetasun txikienetan ez bada, bai bere ezaugarri eta zertzelada nagusietan.
Asmamen izugarria, girotze bikaina, erritmo lortua, teknikaren menperatzea aipa litezke lanaren dohainen artean. Horien gainetik edo azpitik, baina, pertsonaien eraikuntza biribila eta haien gorabeheren sinesgarritasun osoa nabarmentzen dira; euskal hiri honetan ere sutan baitira gizakien bihotz beti zaurituak."
Euskarazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
Euskarazko literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:
Ezkatak (Susa), Leire Bilbao
Ero hiria (Alberdania), Javi Cillero
Negutegia (Pamiela) Ixiar Rozas
ETAren hautsa (Alberdania), Joseba Zulaika
Aurreko ekitaldietako irabazleak
(1997) Epaltza, Aingeru, Tigre ehizan, Elkarlanean.
(1998) Juaristi, Felipe, Galderen geografia, Alberdania.
(1999) Lertxundi, Anjel, Argizariaren egunak, Alberdania.
(2000) Oñederra, Lourdes, Eta emakumeari sugeak esan zion, Erein.
(2001) Saizarbitora, Ramon, Gorde nazazu lurpean, Erein.
(2002) Borda, Itxaro, % 100 Basque, Susa.
(2003) Lizarralde, Pello, Larrepetit, Erein.
(2004) Muñoz, Jokin, Bizia lo, Alberdania.
(2005) Cano, Harkaitz, Belarraren ahoa, Alberdania.
(2006) Zaldua, Iban, Etorkizuna, Alberdania.
Euskadi Literatura Sariak 1982an eratu ziren.
ITZULPEN LAN ONENAREN EUSKADI LITERATURA SARIA
Lan finalisten kalitateaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako erabaki hau hartu du: aurtengo itzulpenaren Euskadi sariaren irabazle Fernando Rey jauna izendatzea, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez lana euskaraz emateagatik. Fernando Rey-k oroitikurra eta 14.500 euro jasoko ditu.
Besteren artean, epaimahaiak, M.Bakartxo Arrizabalaga Labrousse epaimahaiburuak,
Karlos del Olmo Sernak, Irene Arrarats Lizeagak, Mikel Hoyos Seinek, Josu Barambones Zubiriak, eta Marta Merino Ortiz de Landaluce epaimahaiko idazkariak (hautespiderik gabea) osatua, honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:
"Liburu honen bidez, euskal irakurleak badu Tabucchiren estiloa jasotzeko aukera, jatorrizkoaren usaina nabaritzen baita. Naturaltasuna eta fideltasunaren arteko oreka modu errazean lortzen du, estilo itxuraz arina eta behartu gabea erabiliz. Euskara betean, italierazko liburu bat oparitu digu."
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Fernando Rey (Iruñea, 1961).
Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean. Zenbait urtez euskara irakasle ibili ondoren, 1988az geroztik itzultzaile lanetan ari da Nafarroako Gobernuan. Igela argitaletxeak aukera emanda, literatura itzulpenera salto egin, eta ofizio eta afizio bihurtu zaizkio itzulpengintza eta testuen zuzenketa.
Itzulitako idazleak: Conan Doyle (Sherlock Holmesen abenturak), Jan Neruda (Mala Stranako ipuinak), Horace McCoy (Hobe nuen etxean gelditu), Bohumil Hrabal (Zorrotz begiratutako trenak), Yasar Kemal (Ararat mendiaren sumina). Azken urteetako itzulpenak: Gure etxeko kontuak (Natalia Ginzburg), Paradisuko almanaka eta Guizzardiren abenturak (Gianni Celati), Oker ttiki garrantzigabeak, Porto Pimeko dama eta Pereirak dioenez (Antonio Tabucchi), eta, Monika Etxebarriarekin batera, Elurra (Orhan Pamuk).
Saritutako liburuaren ingurukoak
Pereira kazetari zahar bat da, Portugalen, Salazarren diktaduraren une gogorrenetan, egunkari kaxkar bateko orrialde kulturalaz arduratzen dena. Pereira iraganean iltzatua dago, bere emaztea izan zenaren oroitzapenetan, baina kolaboratzaile bat behar du orrialde kulturalerako. Bizitzaren aldeko apustua egiten duen bikote gazte batek -Monteiro Rossi eta Marta bere emaztegaia- eta haiekiko harremanak kontzientzia azterketa sakona eginaraziko diote eta, ondorioz, aldaketa sakona gertatuko da bere barrenean.
Nobela honetan, epailearen aurreko testigantza edo deklarazioa balitz bezala, bere barreneko aldaketa horren berri emanen digu, zintzotasunaren eta askatasunaren aldeko hautuaren fruitu.
Antonio Tabucchi Italian jaio zen, Pisan, 1943an. Europako literaturaren ahots adierazgarrienetako bat da. Nobelak idatzi ditu, baita kontakizun laburrak, saiakerak eta antzerki-lanak ere. Tabucchiren nobeletako batzuk zinemarako egokitu dira, eta baita antzerkirako ere.
Ospe handieneko sariak jaso digu Italian, Frantzian, Grezian, Austrian eta Espainian. Irakasle aritu da Sienako Unibertsitatean -orain erretiroa hartuta dago- eta irakurle ibili da atzerriko izen handiko zenbait unibertsitatetan.
Italiako eta Italiatik kanpoko egunkari askotan idatzi du, eta gaur egun idazten segitzen du, baita zenbait aldizkari kulturaletan ere. "International Parliamente of Writers" erakundeko kidea da, eta haren sortzaileetako bat. 2000. urteaz geroztik Pen Club-ek literaturaren Nobel Sarirako proposatu dio Suediako Akademiari.
Literatura Itzulpengintzari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
Literatura itzulpengintzari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:
Michael Morpurgo Peaceful soldadua, Mirentxu Larrañaga, Alberdania argitaletxea
John Allen Paulos Zenbakirik gabe bizi: matematika-ezjakintasuna eta haren ondorioak, Josu Zabaleta, EHU
Nagib Mahfuz Mirarien kalezuloa Patxi Zubizarreta, Elkar & Alberdania
Aurreko ekitaldietako irabazleak
(1997) Morales Belda, Jose: Gure garaiko heroia, Lermontov, M.J., Ibaizabal arg.
(1998) Muñoz Otaegi, Jon: Harreman arriskutsuak, Declos, Ibaizabal arg.
(1999) Garzia Garmendia, Juan: Ipuin hautatuak, Borges, J.L., Ibaizabal arg.
(2000) Aldasoro, Irene: Dublindarrak, Joyce, J., Alberdania.
(2001) Zabaleta, Josu: Fantasiazko ipuinak, Maupassant, G Ibaizabal arg.
(2002) Mendiguren, Iñaki: Harri Potter eta sekretuen ganbera, Rowling J. K., Elkarlanean.
(2003)Navarro, Koro, Zortzi kontakizun, Bashevis Singer Isaac, Alberdania Elkarlanean.
(2004) Antton Garikano, Bederatzietatik bederatzietara, Leo Perutz, Alberdania & Elkar.
(2005) Karlos Zabala, Parisen sabela, Alberdania & Elkar.
(2006) Xabier Olarra, Estilo ariketak, Igela.
Euskadi Literatura Sariak 1982an eratu ziren.
|