Azken eguneratzea: 2009/02/25
Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, Galiziako Xuntak eta Balear uhartetako Govern-ak Microsoft saritu dute
Madrilen egindako sari-emate ekitaldian, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan du eleaniztasunak eta hizkuntzen arteko elkarbizitzak "sinesleak baino praktikanteak behar" dituztela eta Microsoft "eredu bat" dela. Baztarrikaren ustez, eleaniztasuna "gainditu gabeko asignatura da Estatuan".

Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, Galiziako Xuntak eta Balear Uharteetako Gobernuak, lau gobernuak hizkuntza politikaren alorrean indarrean duten elkarlanaren baitan, Estatuko izaera eleanitza sustatzera zuzendutako saria eratu dute. Sari honen bitartez, pertsona, enpresa edo eta erakunde batek Estatuko hizkuntza aniztasunaren alde egindako  lana aitortu nahi da.   

Hizkuntza aniztasunaren aldeko sari hau ohorezko aipamena da eta ez dakar diru saririk. Madrilgo Círculo de Bellas Artes egindako ekitaldian, sari honen lehenbiziko edizioa Microsoft enpresari suertatu zaio, teknologi berriak eta hizkuntzen aniztasuna uztartzeko egin duen lanagatik. Microsoft-ek, lau gobernuetako hizkuntza politikarako sailekin elkarlanean, bere ekoizpenak estatuko hizkuntza ofizial guzietan kaleratu ditu, Windows Vista  sistema eragilea eta Microsoft Office 2007 softwarea euskaraz, katalanez eta galegoz prestatu ditu. Alde horretatik, enpresak bere software eskaintza estatuko hizkuntza ofizial guzietara egokitzeko egin duen lana aitortzen zaio. Egun Microsoft-ek gailegoz, katalanez eta euskaraz eskaintzen du Windows eta Officeko sistemak,   hala nola , Windows XP eta Office 2003, edo eta  Windows Vista y Office 2007.

Sariaren epaimahaiaren aburuz, " Informazio eta Komunikaziorako Teknologi Berriei esker denbora eta geografiaren mugak gaindi daitezke eta aukera ezin hobea eskaintzen zaie munduko hizkuntzei bere lekua izateko mundu-auzoko galaxia birtualean. Laster batean teknologiak herri garatuen eta azpi garatuen artean bereizteaz gainera, teknologien erabilerarengatik hizkuntzak garatu eta ez garatuen artean bereiziko dituzte. Horrexegatik da hain inportantea Microsoft-ek eman duen pausua. Egindakoagatik eman zaio saria."

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Microsoft-ek  eleaniztasunaren alde egindakoa eta emandako eredua txalotu ditu. Bere hitzetan, eleaniztasuna abantaila eta aukera da, "beste era batera esanda, niri ustez Babel ez da madarikazioaren sinonimo, aldiz aukera da eta elkarbizitzarako benedikazioa. Microsoft-ek hizkuntzen arteko elkarbizitza eragiten du eta jakina den moduan eleaniztasunak eta hizkuntzen arteko elkarbizitzak ez ditu predikuak behar, praktikanteak zor ditu".

Joko manikeoetatik ihes

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen hitzetan, aniztasunarena oraindik orain  Estatuak gainditzeke duen asignatura da, "Espainiar estatuak eta bere baitako gizarteek eleaniztasunaren zaintza eta sustapena gizartearen eta Estatuaren aberastasun  eta aukera bezala hartu beharko lituzke. Euskara ala gaztelania, gaztelania ala katalana, gailegoa ala gaztelania joko manikeoetatik irten eta  elkarketaren bidea jorratu,  euskara eta gaztelania, katalana eta gaztelania, gailegoa eta gaztelania. Hizkuntza politikaren alorrean ez zaigu kenketa gustatzen. Aldiz, hizkuntzen, kulturen eta nortasunen batuketa zabaltzen digu etorkizunaren bidea. Hori da Eusko Jaurlaritzaren aukera, bederen".  

Madrilgo Círculo de Bellas Artes aretoan egindako ekitaldian,  María Garaña, Microsoft Ibérica Presidenteak jaso du saria eta lau gobernuetako hizkuntza politikaren buruek parte hartu dute (Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Bernat Joan, Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia,  Marisol López, Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia  eta Margalida Tous,  Balear Uharteetako Govern-eko Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia). 

Bernat Joan Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako idazkariak azpimarratu du Microsoften jokabidea oso "eredu ona" dela, izan ere katalanaren biziraupena bermatzeko "funtsezkoa da enpresa transnazional handiek apustua egitea katalana normaltasunez erabiltzearen alde"

Marisol Lopez Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikako idazkari nagusiak konpainia honen "konpromisoa eta ardura soziala, kasu eredugarria eta konpromisozkoa Espainako hizkuntzekin. Gaineratu duenez, teknologia berriak hain eremu "sentikorra" izanik gure hizkuntzen normalizazioan aritzeko, "Microsoftek oinarrizko laguntza eskaintzen duela aurrera segitzeko".

Margalida Tous Balear Uharteetako Govern-eko Hizkuntza Politikako zuzendari orokorrak adierazi du gure hizkuntza hauek erabiltzeko egiten dugun hizkuntza politikan "garrantzitsua" dela enpresak eta enpresariak egotea "gure proiektuetan sinisten dutenak" eta beren bezeroei hobekuntzak eskaintzen dizkietenak". "Eta bezeroek sentsibilitate hori fideltasunarekin eskertuko diete".

Elkarlanaren baitatik sortua

Estatuko izaera eleanitza sustatzera zuzendutako saria, Euskadi, Katalunia, Galizia eta Balear uharteetako Gobernuek 2007. urteaz gero hizkuntza politikaren alorrerako indarrean duten elkarlanaren baitatik sortu da. Lau gobernuak hitzartu dute hizkuntza normalizazioa  elkarrekin sustatzea eta hizkuntza politikarako alorretako elkarlana bultzatzea, halaber, sustatu nahi dute gaztelaniarekin batera ofizialak diren hizkuntzen erabilera eta aitortza instituzionala Estatuaren baitan.     

Elkarlan Protokolo honen barruan eta UNESCOk bultzatuta iaz ospatu zen Hizkuntzen Nazioarteko Urtearen harira eratu zuten Saria lau gobernuetako hizkuntza politikarako goi arduradunek eta honen bitartez urtero pertsona, erakunde edo enpresa baten buruan sarituko da  hizkuntzen aniztasunaren alde eta Estatuaren izaera horren alde edo eta gaztelaniarekin batera ofizialak diren hizkuntzen alde egindako lana. 

Madril 2009ko otsailaren 25a