|
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak gaur jakinarazi duenez, konpentsatu egingo ditu haren parke mugikorra erabiltzearen ondorioz eta hegazkinetan egindako joan-etorrien ondorioz 2005ean, 2006an eta 2007an sortutako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak. Horretarako, Kenyan gauzatuko den proiektu bat bideratuko du. Proiektu horren bitartez, herrialde horretan ia 37 mila zuhaitz landatuko da, tokiko erkidegoak garatuko dira, eta emakumearen sustapena bultzatuko da.
Halaxe, jakinarazi zuen Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko sailburuak, Bilbon, Francesca de Gasparis-ekin batera egindako prentsaurrekoan. Wangari Maathai Bakearen Nobel saridunak gidatzen duen Green Belt Movement Afrikako elkarteak Londresen duen arduraduna da Francesca de Gasparis, eta berak sinatu du proiektu hori gauzatzeko Sail honekin harpidetutako hitzarmena.
Euskal herritar, erakunde publiko nahiz enpresei zuzenduko zaien emisioak borondatez konpentsatzeko kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan egin zuen iragarpena sailburuak.”Hartu arnasa” izenburu duen kanpaina hori Ekopass irabazi asmorik gabeko elkarteak jarri du abian, Sail honen beraren laguntzarekin. Iñaki Barredo Ekopass elkarteko buruak azaldu duenez, kanpaina horren bitartez, herritar guztiek, enpresek eta erakundeek euren ahalmenen neurrian klima-aldaketaren aurkako borrokan lagun dezaten bultzatu nahi da. Horretarako, webgune bat egin da (www.ekopass.com), eta bertan, nork berak eguneroko jardunean saihestu ezin dituen emisioak konpentsatu ahal izango ditu. Adibidez, Sailak Kenyan sustatu dituenen gisako proiektuetarako zein EAEan eraginkortasun energetikoa xede duten egitasmotarako zuzendu den laguntza ekonomikoa emanez.
Hain zuzen ere, Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak nabarmendu zuen Sailaren laguntzak bi dimentsio dituela: batetik Ekopass elkarteak herritarrei zuzendutako borondatezko konpentsazioen kanpaina babestea, laguntza finantzarioaren bitartez; eta, bestetik, kanpaina horren lehen bezero bihurtzea, Kenyan garatuko den proiektuaren gisako proiekturen baten bidez. Larrañagaren iritziz, proiektu horrek “klima-aldaketaren aurkako borroka eta elkartasuna eta genero-berdintasuna” uztartzen ditu.
Sailburuak gogorarazi zuen, ingurumen arloan, Eusko Jaurlaritzaren agendan klima-aldaketaren aurkako borrokak duela lehentasuna. Ildo horretan, aurtengo urtarrilean sortutako Klima Aldaketaren Euskal Bulegoak garatuko du Klima Aldaketaren aurkako Borrokarako Euskal Plana. Plan horren helburuak dira berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murriztea, Kiotoko Protokoloaren eskakizunak betetzea, eta klima-aldaketaren ondoriozko ondorioetara egokitzea.
Sailburuak erakundeei, enpresei eta herritarrei dei egin zien borondatezko konpromiso sozial horrekin bat egiteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Batetik, energiaren erabilera arduratsuaren bitartez eta ibilgailu pribatuaren erabilera arrazionalaren bitartez, eta, bestetik, emisio saihestezinak konpentsatuz, Ekopass elkartearen gisako ekimenetan parte hartuz adibidez. Izatez, sailburuaren iritziz, “klima-aldaketaren ondorioak murrizteko gaur egun egiten ditugun ahaleginak dira inbertsiorik onena klimaren aldaketak etorkizunean eragingo dituen kostu oso handiak saihesteko, kostu ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak saihesteko”.
|