Bost urte igaro dira 2004an Euskadiko liburutegi publikoek sarean lan egitea eta sareko zerbitzua eskaintzea erabaki zutenetik. Emaitzak ikusita, denboraldi honen balorazioa ezin positiboagoa da, irakurle eta maileguen gorakada oso esanguratsua baita.
Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak darama eta 172 liburutegi publikok osatzen dute (guztira 217 zerbitzugune eta 224 sukurtsal). Azpimarratu behar da azken urtean 15 zerbitzugune berri ireki direla, eta horrek egiaztatzen du goraka doala erabiltzaileen kopurua.
Alde horretatik, 2004. urtean, proiektua abian jarri zenean, 200.000 ziren Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko irakurleak; bost urte geroago, 416.000tik gora dira, hau da, bikoiztu egin da irakurleen kopurua. Urtez urte irakurle-kopurua haziz doala ematen dute aditzera bost urte hauetako datuek eta estatistikek. Zehazki, 2008aren aldean izandako emendatzea 38.000 irakurle berri izan da.
Era berean, mailegu-kopuruak ere izugarri igo dira, eta horrek erakusten du herritarrek biziki estimatzen dutela zerbitzua. Izan ere, sareko lana hasi zenean 306.902 mailegu egiten ziren urtean, eta 2009an, aldiz, 1.985.780 izan dira; 2008aren aldean, 2009an %10eko gorakada izan da: 200.000 mailegu berri.
Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak bost urte hauetan egin duen ibilbidean jasotako beste datu adierazgarri bat da erabiltzaileek gero eta gehiagotan jotzen dutela bide telematikora funtsetan kontsultak egiteko eta Sareko zerbitzuak erabiltzeko. Eta arlo horretan OPAC (On Line Public Access Catalog) katalogoan egindako kontsulta-kopuruari erreparatuta, aldea ikaragarria da: 2004an 216.755 kontsulta egin ziren, eta 2009an 1.247.377, hau da, %575 gehiago.
Bestelakoei dagokienez, hots, funtsak, liburu-bildumak, aldizkariak, CDak, mapak, planoak, partiturak…, iazko hazkundeari eutsi zaio, eta 250.000 ale berri baino gehiago eskuratu dira
.
Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuari badagokio ere, ezin da ahaztu eguneroko lana egin behar dutenak liburutegi bakoitzean dauden profesionalak direla, haiek baitira, azken batean, Euskadiko liburutegi-zerbitzuak hedatzeko elementu giltzarriena.
Espainiako Editoreen Gremioen Federazioaren «Liburuen Irakurketa eta Erosketari buruzko Barometroak» berriki emandako datuek erakusten dutenez, Euskadin irakurketa indizea Estatuaren bataz bestekoaren gainetik dago. Iaz, indize hori %56,8 izan zen 14 urtetik gorako herritarren artean, eta Estatuarena %55.