|
Ertzaintzak 349 pertsona atxilotu ditu azken urtean droga trafikoarekin zerikusia dutelakoan. Guztira burutu diren substantzia sorgorgarrien konfiskazioak 1.750 baino gehiago izan dira. Kopuru hau era guztietako substantzien guztizkoa bada ere, bereziki, Kannabisa, kokaina eta medikamentuenak biltzen ditu. Atxiloketa eta konfiskazio guzti hauek hainbat ikerketen ondorioak izan dira. Ikerketa hauetako batzuk hilabeteetan zehar egin dira eta hauei esker Euskal Herriko edota estatu mailako trafikatzaile sare garrantzitsuak desegitea lortu da.
Iaz Ertzaintzak 321 atestatu bideratu zituen eta kasu guzti hauetan guztira 349 atxilotu izan ziren. Atxiloketa kopuru hau % 5,43 hazi zen aurreko urteko datuekin alderatuz. Atestatuez gain, 1.380 espediente zabaldu ziren drogen esparruan Hiritarren Segurtasunerako Legean adierazia urratu izanagatik. Droga kopuru txikiekin trafikatzen dutenen kopurua bere aldetik, % 2,52 igo da aurreko urtearen aldean.
Bi tona haxix lasto fardelen artean
2008an zehar droga trafikoaren aurka Ertzaintzak burututako operaziorik aipagarrienetakoa otsailean Irunen aurrera eramandakoa litzateke. Kasu hartan, bi tona haxix aurkitu zituzten kamioi bateko lasto fardelen artean. Hilabete hartan bertan, drogekin trafikatzen zuen beste talde bat desegin zuten agenteek Bilbon eta Bizkaiko Ezkerraldean. Operazio honetan bederatzi pertsona atxilotu eta 7 kilotik gora kokaina konfiskatu zituzten.
Bizkaiko sare handiena
2008ko maiatzean desegin zuten Bizkaia osoko kokaina trafiko sarerik handiena. Talde honek hilean, Madril eta Galiziatik zetozen 20 kilo inguru kokaina jasotzen zituen. Zazpi trafikatzaile atzeman zituzten eta droga manipulatzeko erabiltzen zuten tresneria guztia ere kendu zieten luxuzko bost autorekin batera. Maiatzean ere beste talde bat desegin zuten. Hauek penintsulako iparralde osoan trafikatzen egiten zuten droga egin eta salduz. Gipuzkoatik lan egiten zuten eta gehienbat "kristala" izeneko droga sintetikoarekin trafikatzen zuten. Hamar atxilotu izan ziren kasu honetan, horietako bat Martutene kartzelako funtzionario bat. Operazio hura bukatu eta egun batzuen buruan, beste trafikatzaile garrantzitsu bat atzeman zuten Gipuzkoan; 6 kilo haxix aurkitu zizkioten autoan. Maiatza beste talde baten desegitearekin heldu zen amaierara. Sare honek Araba mailan lan egiten zuen. Taldeko bost kideak atxilotu egin zituzten. Hauei 15 kilo speed, 3,5 kilo marihuana eta droga honen hainbat landare aurkitu zizkieten. Azken operazio honekin droga egiteko erabiltzen zen laborategi bat ere desegin zuten.
Ekainaren hasieran beste bost ustezko trafikatzaile atxilotu zituzten Bizkaia eta Kantabrian Bizkaiko hiriburuan droga banatzea leporatuta. Kasu hartan, kilo erdi speed, kokaina, kristala, estasi likidoa, e.a. konfiskatu zizkieten.
Beste haxix tona bi
Irailean Gasteizen trafikatzaile bat (mando bat) atxilotu zuten, kokainaz betetako 65 bolatxo zeramatzan gorputzean. Egun batzuk beranduago, Araban baita, polizia kontrol batetik ihes egin zuen gizonezko bat atxilotu zuten; hainbat fardeletan bi tonatik gora haxix zeramatzan furgoneta barruan.
Azaroan ikerketa batek Bizkaian lan egiten zuen beste sare baten desegitea ekarri zuen. Atxilotuen artean Ertzaintzako agente bat zegoen.
Azkenik, Abenduan zehar drogen aurkako bi operazio burutu zituzten. Lehena Gipuzkoan egin zen eta haxixarekin trafikatzen zuen talde baten desegitea ekarri zuen. Bigarrena Araban izan zen eta kasu honetan metanfetaminak egin eta banatzen zituen talde bat desegin eta substantzia hau egiteko erabiltzen zituzten bi laborategi aurkitu zituzten.
Delituak burutzeko nazioarteko era
Droga trafikoarekin zerikusia zutelakoan Ertzaintzak atxilotu zituen 349 pertsonetatik gehienak kanpotarrak ziren, guztira 195. Atxilotuen artean euskaldunak edo estatu barruko beste tokiren batekoak 154 baino ez ziren izan. Kanpotarren artean gainera, 154 afrikarrak ziren.
2008an konfiskatutako droga koppurua substantzia motaren arabera:
| Opiotik eratorriak (heroína,...) |
988 gramo |
| Kokaina |
14.901 gramo |
| Kannabis |
3.233.138 gramo
|
| Speed |
325 gramo
|
| Estasia |
130 dosi
|
| Anfetaminak |
40.077 gramo
|
| Anfetaminak |
87 dosi
|
| LSD |
15 dosi
|
| Medikamentuak |
2.565 dosi
|
|