Azken eguneratzea: 2009/10/14
Jaurlaritzaren Kontseiluak lankidetzarako bi hitzarmen sinatzeko baimena eman du Lurraldeko Telebista Digitalaren estaldura hedatzeko.
Beharrezkoak diren inbertsioak foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dituzte, lehenengoek %25 eta bigarrenak gainontzeko %75.


Jaurlaritzaren Kontseiluak lankidetzarako bi hitzarmen sinatzeko baimena eman du, bata Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin eta bestea EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearekin, hain zuzen ere, Lurraldeko Telebista Digitalaren (LTD) estaldura hedatzeko.

LTDaren estatu mailako Plan Teknikoak faseen araberako hedapena ezarri du. Estalduraren hedapena urriaren 31rako aurreikusita dago Arabako lurralde osorako, Aiaraldea eta Aramaiona salbu. Bizkaian, Ubidea eta Otxandioko udalerrietatik hasiko da (urriaren 31n) eta lurraldearen gainerako herrietara hedatuko da, Bilbao salbu, abenduaren 31rako. Azkenik, Bizkaiko hiriburura 2010eko apirilaren 3a baino lehen helduko da.

Hitzarmenak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritza izango da, ITELAZPI baltzu publikoaren bitartez, Euskadin LTDaren hedapenaren plangintza gauzatuko duena. Beharrezkoak diren inbertsioak foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dituzte, lehenengoek %25 eta bigarrenak gainontzeko %75. Inbertsioaren kostu osoa Araban 2,6 milioi eurokoa da eta Bizkaian 3,6 milioikoa.

Hitzarmen hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dagoeneko sinatuta dagoenarekin batera, helburu bakarra dute, alegia, euskal herritar guztiek LTDaren eskaintza berria eskuragarri edukitzea, bizi diren herria zein den kontuan hartu gabe.

LTD berriak espektro erradioelektrikoa hobeto aprobetxatzea ahalbidetzen du eta, horrek, telebista-eskaintza handiagoa, seinalearen kalitate hobea eta elkarreraginerako aukera dakar.