Azken eguneratzea: 2013/12/19
Gobernua eta Eroskiren arteko hitzarmenaren sinatzearen ekitaldia Euskalduna Jauregian, bertako produktuak bultzatzeko
Eroskik eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak Euskadiko Lehen Sektoreko Elikagaiak Bultzatzeko izenpetu duten Hitzarmenak tokiko nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikagaien industriaren sektoreak hartzen ditu. Hitzarmenak hogei lankidetza programa baino gehiago identifikatzen ditu sektorearen hazkundea, enpleguaren sorkuntza eta gaur egun Euskadiko nekazaritzako elikagai ekoizleen artean dagoen aniztasunaren iraunkortasuna sustatzeko.
Agustín Markaide, Arantza Tapia eta Bittor Oroz
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak eta EROSKIk lankidetza hitzarmena izenpetu dute gaur Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako tokiko nekazaritzako elikagaien industria bere aniztasun osoan indartu eta garatzeko. Akordio horretatik, hogei jarduketa eta garapen programa desberdin baino gehiago eratortzen dira, hazkundea, ekoizleen iraunkortasuna eta enpleguaren sorkuntza sustatzeko, betiere EROSKI supermerkatu eta hipermerkatuen sare komertzialaren bidez kontsumitzaileak bere eskualdeko produktuak eskuragarriago izatean oinarrituz.
Akordioa honakoek izenpetu dute: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu den Arantza Tapiak eta EROSKIko lehendakari den Agustin Markaidek, euskal nekazaritzako elikagaien elkarte nagusietako lehendakariak eta zuzendari nagusiak bertan zirela, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak gidatutako ekitaldi batean.
Akordioan urteko egutegi bat ezartzen da EAEko elikagaiei laguntzeko; gainera, lankidetzarako konpromiso bat ere jasotzen da, bai bertako lehengaiei balio erantsia emango dieten produktu berriak merkaturatzeko, bai EAEko nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa traktoreei laguntzeko.
EROSKIk Euskadiko arrain, haragi, barazki eta esnekien eskaintza sendotu du
Abeltzaintzaren sektoreari dagokionez, hitzarmenean, produktu marketinaren alorrean EROSKIren eta Eusko-Label zigilu barruko abeltzainen nahiz Idiazabal JI barruko ekoizleen artean landu beharreko hainbat proiektu jasotzen dira.
Akordioan kontuan hartzen da, baita ere, esnearen sektorea; hala, balio erantsi handiagoko produktu berriak garatu (gaztak, jogurtak etab.) eta, marka komertzial berrien bidez, tokiko esnea balioetsi nahi da.
Era berean, hitzarmen honen bidez, landa garapeneko laborantza, abeltzaintza eta jarduera tradizionalak berreskuratu nahi dira; hala, produktu horiek EROSKI dendetan merkaturatzeko konpromisoa hartuko da, ingurunean aberastasuna sortzeko eta lanpostuak berreskuratzen laguntzeko.
Arrantzari dagokionez, EROSKIk konpromisoa hartu du, besteak beste, bere dendetan Euskadiko arrain merkatuetatik datorren artisau arrantzaren komertzializazioa sendotzeko; bereziki, antxoaren, berdelaren eta hegaluzearen kanpainetan.
Eusko Jaurlaritzak tokiko azokak sustatzeko laguntza sendotuko du
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, laguntza eta babes instituzionala emango dizkio EROSKIren eta EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen arteko akordioari sustapen jarduerak lantzeko eta hurbileko produktuak balioan jartzeko; Jaurlaritzak, gainera, bat egingo du EROSKIk tokiko ekoizleekin lankidetzan sustatuko azokekin.
Era berean, EROSKIk konpromisoa hartu du bai Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak sustatutako kanpainetan bai sektoreko entitate asoziatiboek sustatutakoetan lankidetza aktiboan jarduteko.
On line salmenta eta kanpo sustapena
Lankidetza hitzarmenean jasotzen diren garapen programa berritzaileenetako bat hauxe da: EROSKI denden sare bidezko komertzializazioak eta tokiko produktu freskoen online salmentak bat egitea. Ildo horretan, akordioaren bitartez, EROSKIk bere e-commerce plataforma eskaini dio HAZI Fundazioari lehen sektorean merkataritza elektronikoa garatzeko.
Nekazaritzako elikagaien gainean gaur izenpetu den akordioan jasotzen diren ekintzen artean bat, gainera, EROSKIk euskal elikadura enpresekin lankidetzan jardutea da, EROSKIk berak Europako beste herrialde batzuetako banatzaile eta kontsumo kooperatibekin dituen lankidetza sareen bitartez, euskal enpresa horien produktuak nazioartean sustatzeko.
EROSKI, izan ere, ALIDIS elikagaien aliantza europarreko bazkidea da. EROSKIk (hirugarren banatzailea Espainian), INTERMARCHEk (hirugarren banatzailea Frantzian) eta EDEKAk hein berean osatzen dute ALIDIS, eta azken 10 urteetan bikoiztu egin dute beren erosketa negoziatuaren bolumena. Hala, erosketa “eurozentralen” artean hirugarren lekuan jarri da, 89.000 bilioi euroko bolumen negoziatu batekin. Gainera, EROSKI EUROCOOP kontsumo kooperatiben sare europarreko kidea da, non nazioartean oso garrantzitsuak diren kideak dauden, esaterako, Britainia Handiko THE CO-OPERATIVE GROUP eta COOP ITALIA.
Nekazaritzako elikagaien euskal ekoizleei zuzendutako laguntza
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren hitzetan, “hitzarmena herrialdearen onura kontuan hartuta sortu da. Izan ere, Euskadiko ekonomia produktiboaren oso zati esanguratsua ordezkatzen duen sektore profesional eta lehiakor baten alde egin dugun apustua da. Apustu horren bidez, Euskadi-Basque Country markaren hedapenari sekulako ekarpena egiten dioten produktuen komertzializazioa hauspotzearen alde egin dugu”. Tapiak gizarteari dei egin dio zera adieraztean: “Gure herrialdeak lehen sektore estrategiko, lehiakor eta bizia izango badu, gu denon ahalegina, erantzukizuna eta konpromisoa beharko da erosteko eta kontsumitzeko ohituretan”.
Agustin Markaide EROSKIko lehendakariak, bestalde, hauxe adierazi du: “Akordio honetan islatzen da tokiko ekoizleen aniztasunaren alde egin dugun apustu irmoa. Lekuan lekuko produktuak ez dira produktu hutsak, istorio bat dute kontatzeko, eta istorio hori kontatu egin behar da, produktu generikoetatik bereiziz". Eta erantsi du: “Tokian tokiko produktuek aberastasuna zaintzen eta sortzen laguntzen dute; aberastasun hori kulturala eta gastronomikoa ere bada, eta jatea ekintza kultural eta sozial garrantzitsu bihurtzen eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzen laguntzen du, elikadurari garrantzia kentzea eta inpertsonal bihurtzea saihestuz".
EROSKI tokiko ekoizleekin
EROSKIk Euskadiko 425 hornitzailerekin eginak ditu lankidetza hitzarmenak, eta urtean 400 milioi euro baino gehiagoko erosketak egiten ditu nekazaritzako elikagaietan. Hornitzaile horien %50 baino gehiago ekoizle txikiak dira, eta EROSKIk %23 handitu die erosketak azken bi urteetan. EROSKIk merkaturatzen dituen euskal elikagaien kopurua ere antzera hazi da, izan ere, azken bi urteetan ia 1.900 izatetik, 2.300 baino gehiago izatera pasatu dira; gainera, produktu horien protagonismoa lehenesten da EROSKI bultzatzen ari den “zurekin” denda eredu berrian.
EROSKI Euskadiko lehen enpresa da langile kopuruari erreparatuz gero, zuzeneko ia 10.000 enplegurekin. EROSKIk Euskadiko nekazaritzaren eta elikagaien industriaren %11 hartzen du eta 2.300 pertsona baino gehiagorentzako enplegu induzitua sortzen du Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean.
Sektorearen ordezkaritza zabala hitzarmena izenpetzeko ekitaldian
Abeltzaintzaren sektorearen ordezkari, 500 abeltzainetik gora biltzen dituen Harakai-Urkaikoko lehendakari den Unai Barzabal eta “Euskal Txerria"-ko gerentea den Josu Garalde izan dira. Bertaratutakoen artean, aipagarria da Hazi Fundazioko Zuzendari Nagusi den Asier Arreseren presentzia. Korporazio publiko honek “Eusko Label” eta “Eusko-Baserri” kalitate ziurtagiriak kudeatzen ditu eta Euskadiko landa eta itsasertzeko ingurunearen garapen iraunkorra du misio. Izenpetze ekitaldian, gainera, honako hauek izan dira: Javier Goinetxea Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakaria eta Roberto Ruiz de Infante, 67 nekazaritza kooperatibatik gora biltzen dituen Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioko sailburua; Jon Ander Egaña Euskadiko Elikadura Klusterraren Zuzendari Nagusia; Iñaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzale Kofradiako lehendakaria; Jose Maria Uztarroz Idiazabal Jatorri Izenaren lehendakaria; Ines Baigorri Arabar Errioxako Upategien Elkarteko ordezkaria eta Txakoli deituren ordezkariak.