Azken eguneratzea: 2013/07/30

Euskadiko kanpinak eta kanpatze-turismoko bestelako modalitateak arautzeko dekretu berria

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko kanpinak eta kanpatze-turismoko bestelako modalitateak arautzeko dekretu berria onartu du. Araudi hori eguneratu duen Estatuko lehena da Euskadin:

    • Kanpatze-turismoko modalitateak –hots, kanpatzeko eremu naturalak– eta igarobidean dauden karabanak eta autokarabanak hartzeko eremu bereziak arautu ditu.
    • Kanpin bateko elementu finkoren gehieneko kopurua zehaztu du. 

Dekretu berriari esker, kanpatze-turismoko eskaintza-ekimen lehiakorragoak egin ahal izango dira, antolamendu-prozesua errazten baitu. Ildo horretatik, ekimenak oztopa zitzaketen betekizunak kendu ditu, eta modalitate berriak aurreikusi ditu lojamendu-eskaintzan; esate baterako, autokarabanatarako eremuak. 

Hona hemen dekretu berriko aldaketa garrantzitsuenak: 

1.- Denbora-okupazioaren kontzeptua aldatu da: sei hilabetetik hamaika hilabetera pasa da. Nolanahi ere, partzela mota baten gutxieneko ehunekoa kanpinaren edukiera osoaren % 40 izango da, eta hilabeteko gehieneko egonaldira bideratuko dira. Hala, igarobidean dauden turistentzako edo egonaldi motzetarako daudenerako plazak egongo dira. 

2.- Elementu finkoen kopurua handitu da: plazen % 25etik % 60ra pasako da. Horren harira, kanpinaren titularrak izan beharko du elementu finkoon titularra. 

3.- Partzelak malgutasunez definitu dira; hala, askotariko edukierako partzelak egongo dira, betiere, azalera/plaza ratioak errespetatzen badira. Horiek ez dira aldatuko, kategoria txikienerako izan ezik; izan ere, 1,25 m2/plaza handituko da (hots, 12,5 m2-tik 13,75 m2-ra pasako da). 

4.- Lehengo antolamendu-prozedura aldatu da: aurretiko baimenetik erantzukizunpeko adierazpenera pasako da. Hori dela-eta, turismo-antolamenduko prozedurak gainerako turismo-lojamenduen antzera arautuko dira. Hona hemen sinplifikatu diren prozedurak:

  • Turismo-sailkapenaren adierazpen-eskaera.
  • Betekizunen bat betetzearen dispentsa-erregimena.
  • Erreformak.
  • Itxiera.
  • Araudia beteko den adierazpen arduratsua, jarduera hasi baino lehen.

 

5.- Beste prozedura-hobekuntza batzuk barne hartu dira: Turismo Administrazioarengandik instalazio-baimena lortzeko betebeharra desagertu da, bai eta prezioak jakinarazteko eta barne-erregimenaren erregelamendua zigilatzeko betebeharrak ere. Denboraldi-aldaketak eskatu behar izan ordez horiek jakinarazi beharko dira. Funtzionamendu-denboraldi ezberdinak eta gutxieneko zerbitzuen eskaintza ezberdina egoteko aukera onartu da. 

6.- Zerbitzuei dagokienez, bestelako kalitate-estandarrak areagotu dira (itzala, argiak, etab.). Zerbitzu gehigarriak eskaini ahal izango dira (beste turismo-establezimendu batzuekin batera ustiatu ahalko da, karabanak gordetzeko zerbitzua barne hartzen da, etab.), daudenen kalitatea/errentagarritasuna hobetzeko. Harrera-bulegoan informazio egokia eskaini beharko da. Barne-erregimeneko erregelamenduan jaso beharreko edukiak garatu dira. Turismo-irudia kaltetzen duten elementuak eta apaingarriak instalatzea debekatu da. 

7.- Igarobidean dauden autokarabanak eta karabanak hartzeko eremu bereziak arautu dira; hala, gutxienez bost ibilgailuk –karabanak eta autokarabanak– 48 orduko egonaldia egin ahal izango dute gehienez. 

8.- Kanpatzeko eremu naturalak arautu dira. Horiek landa-kanpinak ordeztu dituzte. Honela definitu dira: kanpatzeko ezaugarri bereziak –kokagunea, topografia, baso-aberastasuna, etab.– dituzten lursailak. Azalerak ezin du hektarea bat baino handiagokoa izan, eta partzelen eta kanpinlarien gehieneko kopurua 25 eta 60 izango da, hurrenez hurren. Egonaldia astebetekoa izango da, gehienez.

 9.- Erreserbak ezeztatzeko erregimena eta kalte-ordainen erregimena berariaz arautu dira, gainerako turismo-establezimenduei jarraiki. 

10.- Hiru urteko aldia aurreikusi da oraingo kanpinak betekizun berrietara egokitzeko. Seguruei buruzko betekizunera egokitzeko, baina, sei hilabete izango dituzte. 

11.- Libre kanpatzeko oraingo debeku orokorrari eutsi zaio, baldintza beretan. Gaur egun, onartzen da, baina baldintza batzuekin: jabetza-eskubideak eta lurzoruren erabilera-eskubideak errespetatzea; hiru denda edo antzeko elementu baino gehiago ez instalatzea, beste multzo batetik gutxienez kilometro batera bereizita; gehienez ere 10 lagun egotea kanpatuta; kanpaldiak 3 egun baino gehiago ez irautea; turismo-kanpamendu batetik, debekatutako toki batetik edo dekretu arautzailearen 6. artikuluan aipatutako tokiren batetik 2 kilometro baino gutxiagora ez kanpatzea.