|
Data horretatik aurrera instalatu behar diren kondentsazio-galdara berriak 500 euro eta 1.000 euro bitarte garestiagoak direla eta, eragina izango du familien ekonomian.
Keak fatxadara edo patiora isurtzen dituzten eta eraginkortasun energetiko handikoak ez diren banakako galdara estankoak instalatzea debekatuta dago 2008ko uztailaren 1etik aurrera. Estatuko araudiaren aldakuntza da eta datozen asteetan Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko den erkidegoko agindu baten bidez garatuko da. Horrek etxean mota horretako instalazioa dutenengan eragingo du, galdara aldatzen dutenean kondentsazio-galdara bat erosi beharko dutelako. Hala ere, martxan dauden aurretik instalatutako galdarak bere bizitza agortu arte erabil daitezke.
Kondentsazio-galdarek gas kutsatzaileen isurketa txikiagoa dakarte, beraz, hobeak dira ingurumenerako. Izatez, eraginkorragoak dira eta energia asko aurrezten dute. Hori lortzeko, errekuntza hobetzen dute eta errekuntza-produktuen beroaz hobeto baliatzen dira, hauek nabariagoak izan arren lurrinaren kopurua handiagoa delako.
Estatuko erregelamendu berriak gastuaren igoera ekarriko du galdara erostean, kondentsazio-galdarak estankoak baino 500 eta 1.000 euro bitarte garestiagoak direlako.
Atmosferikoak, 2009ko abendura arte
Araudi berriak galdara atmosferikoen instalazioan ere eragiten du, baina epe luzeagoan. Zehazki, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera banakako galdara atmosferikoen instalazioa debekatuta egongo da. Horren helburua segurtasuna handitzea eta eraginkortasun energetikoa hobetzea da, galdara estankoak atmosferikoak baino seguruagoak eta eraginkorragoak baitira. Nahiz eta hauek ere bere bizitza agortu arte erabili ahal izan, aldatzean etxean obrak egitea ezinbestekoa izango da.
Banakako galdara atmosferikoak aldatzeko orduan hainbat aukera dago: kebidea fatxadara duen kondentsazio-galdara instalatzea edo errekuntzako produktuak teilatura isurtzen dituen galdara estankoa instalatzea. Azkeneko hori aukeratzen bada, tximini berri bat egin beharko da edo dagoen tximinia egokitu, keen iragazterik ez dagoela bermatzeko.
Eraginkortasun energetikoaren ikuskapen berriak
Estatuko araudiak dakarren beste berrikuntza bat gaseko nahiz gasolioko galdaren eraginkortasun energetikoaren ikuskapenei dagokie.
Izan ere, erabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua ematen dieten galdaretan, ohiko mantenuko egiaztatze lanetatik aparte, instalazioak ikuskatu beharko dira beraien eraginkortasun energetikoa baieztatzeko. Bereziki baimendutako tekniko tituludun batek edo baimendutako kontrol erakunde batek aldizka ikuskatu beharko du instalazioa (instalatu denetik lehenengo hamar urtetan behin, eta gero, bost urtetik behin).
Banakako galdarei dagokienez, gure autonomia erkidegoan eraginkortasun energetikoa mantenu lan arruntekin bat berrikusiko da, gastu gehiago eragozteko helburuarekin. Derrigorrezkoa da berrikusketa hori LKZ edo enpresa mantentzaile batek bi urtetik behin egitea. Funtzionamendu egokia eta galdararen doiketa bermatzeko, berriz, komenigarria da urteroko mantenu zerbitzu bat kontratatzea, eta horrek energiaren kontsumoaren murrizketa ekarriko du.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 9a
|