Azken eguneratzea: 2013/11/11
Eusko Labela duen Baserriko Txerria: produktu berria kalitate eta jatorri berme guztiekin
Eusko Labela duen Baserriko Txerriaren haragia kalitate eta berme sanitario handiko produktua da, Euskadin hazi, hil eta zatikatutako animalietatik datorrena. Hazkuntza kanpoan egiten da, animaliaren ongizatea errespetatuz.
Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua
Bilboko Euskalduna Jauregian Eusko Labela duen Baserriko Txerria aurkeztu da, kalitate eta berme sanitario handiko produktua, Euskadin hazi, hil eta zatikatutako animalietatik datorrena. Hazkuntza kanpoan egiten da, animaliaren ongizatea errespetatuz.
Produktua aurkezteko ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua, eta Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuordea.
HAZI, Landa eta Itsasertz Garapenerako Eusko Jaurlaritzako Korporazioak baldintza eta prozesu jakin batzuk ezartzen ditu produktu batek Eusko Label kalitatearen bereizgarria lortzeko. Helburu nagusiak hauek dira: kontsumitzaileari kalitate maila jakin bat ziurtatzea, jatorria eta benetakotasuna identifikatzea, ekoizleen lana babestea eta kalitatearen kultura sustatzea, horretarako etengabeko hobekuntza sistemak aplikatuz.
Oinarrizko baldintzen artean hauek nabarmentzen dira: Euskadikoak izatea, goi mailako kalitatekoak, gutxieneko bolumena izatea, kolektibo bati mesede egitea eta kontrol sistema bat edukitzea, aipatutako ezaugarri horiek bermatu ahal izateko.
Baserriko Txerria Eusko Labelarekin

Eusko Labela duen Baserriko Txerriaren haragia kalitate eta berme sanitario handiko produktua da, Euskadin hazi, hil eta zatikatutako animalietatik datorrena. Hazkuntza kanpoan egiten da, animaliaren ongizatea errespetatuz, eta bere produkzio fase guztiek kontrol zorrotzak betetzen dituzte, ezarritako Erregelamenduaren arabera: HAZI. Horri guztiari pentsu osatuetan oinarritutako elikadura eta ustiategiaren berezko baliabideak gehitzen zaizkiolarik, kalitate handiko haragia lortzen da, kolore biziagoa duena eta infiltraturiko koipe gehiago.
Hil ondoren, hau da, bizirik 182-250 egun egon eta gero, gorpuzkiak sailkatzen dira, erregelamenduan zehaztutako ezaugarrien arabera, hau da: pisua (gutxienez 95 kg), osaera, koipea, haragiaren kolorea, ph-a…; eta kalitate kontrol guztiak gainditzen dituztenak baino ez dira Eusko Labeltzat jotzen.
Inplikaturiko langileek homologatua egon behar dute: ekoizleak, pentsu fabrikatzaileak, hiltegiak, zatikatzeko eta xerrak egiteko aretoak, saltokiak eta lantzaileak.
HAZI erakundeak, kontrol eta ziurtagiriaren organoa den heinean, produktuaren trazabilitatea, kalitatea, segurtasuna eta benetakotasuna bermatuko du, bere kontrolen bitartez.
Produktu fresko hau Eusko Labelek baimendutako harategietan baino ez da ebakita aurkitu ahal izango. Saltzeko eragiketa bakoitzean, Eusko Labela duen Baserriko Txerriaren haragiak etiketa ziurtagiri bat izango du, zenbakitua, benetakotasuna bermatzen duen Eusko Labelen logotipoarekin.
Txerriki freskoaz gain, kontsumitzaileak Eusko Labela duen Baserriko Txerriaz egindako beste produktu batzuk ere aurkitu ditzake, HAZI erakundeak aurretiaz erregistratua eta baimendutako enpresa adituek egindakoak. Produktu landu horiek enbasatzeko lekuan Eusko Labela duen Baserriko Txerriaz eginda dagoela dioen etiketa jarri eta gero merkaturatzen dira. Eusko Label produktu honekin egindako produktuen artean dauden Urdaiazpiko Egosia Estra, Gibel Patea, Urdaiazpiko Ondua, Txorizoa, Saltxitxoia, Txistorra, Solomoa, Hirugihar Adobatua edo Ondua…
Bereiztearen garrantzia
Baserriko Txerriarekin dagoeneko 16 produktuk dute Eusko Label kalitatearen bereizgarria. Izan ere, gero eta behar handiagoa dago Euskadiko nekazaritzako eta arrantzako elikagaien bereizgarriak lantzen jarraitzeko, kalitateari buruzko bereizgarri publiko eta ofizialekin. Merkatuko ekonomiaren ingurunea gero eta globalizatuago dago; ingurune lehiakor irekia daukagu, eta bertako eta kanpoko nekazaritzako elikagaiek lehian dihardute merkatua bereganatzeko. Eszenatoki horretan, Eusko Labela jatorriaren eta kalitatearen berma dira kontsumitzailearentzat, eta, aldi berean, ekoizleentzat beren lanaren balioa agerian jartzeko tresna izan behar du, era berean merkatuan lehiakortasun handiagoa eskaintzeko.
Euskadin produktuak kalitatearen arabera bereizteko tresnak dira Jatorri Izendapena (Araba, Bizkai eta Getariako Txakolinak, Arabar Errioxako Ardoa eta Idiazabal Gazta), Eusko Label bereizgarria, Ekoizpen Ekologikoa eta kalitatearen beste marka batzuk. Apustu horrek arrakasta ekarri die zigilu horien babesean egindako ekoizpenei, ea konbentziturik gaude horixe dela jarraitu beharreko bidea. Betiere ingurumena errespetatuko duten produkzio ereduak erabiliz, landa inguruneetako natur eta kultur ondarea zainduko dela bermatuz, eta kontsumitzaileari produktu osasungarriak eta kalitatezkoak eskainiz.
Aukera eta etorkizuna
Gaur egun, Euskadin txerrikiaren per capita kontsumoa urteko 10 kilo inguruan dago, eta bertako horniduraren maila %6-7 inguruan dabil. Aprobetxatu daitekeen aukera bat dago eta, ondorioz, Eusko Label produktu berri honek hazteko tarte zabala dauka. Sektoreak etorkizuna dauka, eta Euskadiko Nekazaritza sektorean leku esanguratsua bete dezakeela uste dugu.