|
Miren Azkarate, Kultura sailburua eta Bozeramaileak eta bere bitartez Eusko Jaurlaritzak datorren asteartean, hilak 25, parte hartuko du Bartzelonako Udalak eta Carles Pi i Sunyer Fundazioak antolatutako “Barcelona 1938, Capital de tres governs” bertan egoitza izan zuten hiru gobernuei egindako omenaldi instituzionalean. Honen bitartez, eta 70. urteurrenean, Bartzelonak eta Kataluniak garaian Estatuko legezko hiru gobernuen, Kataluniako Generalitatearen, Eusko Jaurlaritzaren eta Errepublikako Gobernuaren hiriburu izan zen garaia gogora ekarriko da.
Euskadi galduta, Errepublikaren kontra altxatutako armada matxinatuaren esku erori ondoren, Agirre Lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritzak bere egoitza nagusia Bartzelonan kokatu zuen. Erabakia Eusko Jaurlaritzak 1937ko urriaren 18an Kataluniako hiriburuan izandako bileran hartu zuen eta handik bi astetara Errepublikako gobernuak erabaki bera hartu zuen. Jaurlaritzarekin batera ia 100.000 euskal herritar errefuxiaturik ziren Katalunian, hauek hasieran Generalitateak eta Jaurlaritzak Bartzelonan zuen ordezkaritza nagusiak hartu zituen; ondoren, Eusko Jaurlaritzak bere egitura hedatu zuen eta ogasuna, elikadura, osasuna, hezkuntza, justizia, kultura eta defentsa alorrak kudeatu zituen zuzenean. Eusko Jaurlaritza Kataluniaren galera gertatu arte egon zen hango lurretan; 1939ko otsailaren 5ean Agirre Lehendakariak eta Companys Presidenteak elkarrekin LLill mendi lepoko mugatik irten ziren Kataluniatik eta beraiekin batera milaka herritarrek erbeste bidean; euskal herritarren kasuan bigarren erbestaldia zen.
Bartzelonako Udalak, Carles Pi i Sunyer Fundazioak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren Centre d’Estudis de les Èpoques Franquista i Democràtica-k antolatuta, egun hauetan burutuko da, historialari eta adituen parte hartzearekin, Barcelona, 1938. Capital de tres governs. Política i cultura kongresua. Kongresu horren amaiera gisa, Bartzelonako Udalak, Jordi Hereu alkateak aginduta, amaiera eta omenaldi ekitaldia antolatu dute datorren astearterako, hilak 25, Bartzelonako udaletxeko areto nagusian, Saló de Cent delakoan.
Amaiera ekitaldi instituzional hori Bartzelonako Udalak eta Carles Pi i Sunyer Fundazioak antolatu dute elkarrekin eta beraien hitzetan “ekitaldia Udalaren gobernuak Bartzelonan 1938an egoitza izan zuten hiru gobernuei egiten dien omenaldi gisa antolatu da. Hiru gobernuak legalitate demokratikoa eta errepublika ordezkatzen baitzuten eta ekitaldiak, halaber, Kongresuaren balantzea aurkezteko parada emango du eta egungo gizarte eta jendeari garai zail eta latz haiek gogora ekartzeko balioko du”.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 241a
|